20/04/2021

Sexu-ukigabetasunaren aurkako delituen inguruko hausnarketa

Escrito por Lide Zearra

UNICEF (Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa), 2014. urtean, adingabekoen aurkako indarkeriaren inguruko 195 herrialdeen datu estatistikoak bildu zituen “Ocultos a plena luz” izenburua hartu zuen txostenean.


Txosten horrek datu oso interesgarriak eman zituen, hala nola, mundu osoko 120 miloi neskato (10etik bat baino gehiago) bortxaketen eta bestelako sexu-erasoen biktima izan direla euren bizitzen momenturen batean. Datu hori birrintzailea da. Gainera, Europar Kontseiluko “One in Five” kanpainaren10 arabera, kasuen %70ean sexu-abusua haurraren inguruko pertsona batek burutzen du, adibidez, osabak edo auzokide batek.


Espainiari erreferentzia eginez, haurren sexu-abusuek biztanleriaren %20an dute eragina, sexu femeninoan gehien bat. Gainera, arazo sozial handi bat izan arren, sekretuan mantendu egiten da, izan ere, kasuen %2a baino ez da ezagutzen. Horrela, bakarrik biktimen %50ak abusua ezagutarazten dute, horietako %15a baino ez da salatzen eta azkenik %5a baino ez da auzipetzen. Datu hauek MARIA ISABEL MARTINEZ PÉREZ psikologoak “Abuso sexual en niños y adolescentes” tituludun liburuan12 plasmatu egiten ditu.


Espainiarekin jarraituz, Auzitegi Gorenaren arabera, azken urteotan adingabekoen aurkako sexu-abusuek zein sexu-erasoek gora egin dute (AGren 5 epaietatik bat adingabekoen sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik da). Gainera, zigor ebazpen gehienetan, erasotzailea adingabearen hurbileko zirkuluan dago eta horrek hertsapena erabiltzen du erasoa agerrarazi ez dadin. Honen inguruan, epaiak aztertu eta gero, AGren arabera, esaldirik ohikoena honako hau izaten da: “Zerbait kontatzen baduzu, ez zaituzte sinistuko”. Horrekin lotuta, erasotzaileek “erosketaren teknika” ere erabiltzen dute umearen isiltasuna lortzeko, izan ere, epai askotan ikusi dira kasuak non erasotzaileak behin abusua burututa, umeari opari edo konpentsazioren bat ematen dion. Azkenik, eraso hauek edozein esparru sozial, ekonomiko zein kulturalean ematen dira, eta 5 nesketatik batek horiek sufritzen ditu haurtzaroan, mutilen kasuan 7tik batek.


Kasu hauek alarma sozial handia pizten dute eta bertan dago arrazoi handiena horien tipifikazioa bultzatzeko eta kontrolatzeko.


Aipatu berri dudan tipifikaziorako arrazoi nagusia abiapuntutzat izanik, Europak ezarritako obligazioak zein gomendioak ere arrazoi pisutsua izan dira gaur egun delitu hauen arauketa dagoen moduan egoteko. Horrela, 2007. urtean Nazio Batuen Erakundearen Haurren Eskubideei buruzko Batzordeak bere kezka adierazi zuen Espainian zegoen sexurako adostasun adina zela eta, izan ere, hori 13 urtetan finkatzen zen. Horiek horrela eta adingabekoen babesa indartzeko helburuarekin, sexurako adostasun adin hori igotzea gomendatu zion Espainiari. Honek, 2015. urtean, 2011/93/UE Zuzentarauak bultzatuta, 16 urtera igo zuen.


Erreforma hau nahitaezkoa zen, izan ere, Europako gainerako herrialdeetan sexurako adostasun adin hori askoz ere handiagoa da, 15 eta 16 urte bitartean kokatzen delarik, eta gainera, Espainiak, erreforma baino lehenago finkatuta zuen adina, hau da, 13 urtekoa, munduko baxuenetarikoa zen, 1999. urtetik indarrean egonik.


Europar Estatuetako antolamendu juridikoetan 14 urtetik 18 urte arteko sexurako adostasun adinak aurkitu ahal ditugu. Horrela, 14 urtetan finkatzen da adin hori, adibidez, Alemanian, Italian, Portugalen eta Norvegian. Aldiz, 15 urtetan finkatu da esate baterako, Kroazian, Frantzian, Polonian, Errumanian, Grezian eta Danimarkan. Honi jarraituz, 16 urtetan finkatu da Espainian, Finlandian, Belgikan eta Ingalaterran. Azkenik, 17 urteko muga ezarri da Irlandan eta Txipren eta 18 urte Maltan.


Europatik kanpo ere herrialde batzuk aipatu ahal ditugu: Txinan 16 urteko sexurako adostasun adina ezartzen da eta Brazilen, Paraguaien eta Perun, aldiz, 14 urtekoa. Azkenik, Islam herrialde askotan ezkontzatik kanpoko egintza sexual guztiak ilegalak dira, adibidez, Arabia Saudian, Pakistanen, Afganistanen, Iranen eta Omanen.


Ondorioz, 16 urte baino gutxiago duen adingabeko batekin kontaktu sexuala izatea debekatua egongo da, adingabekoaren adostasunari erreparatu gabe, izan ere, legegilearen arabera, adostasun hori ez da baliozkoa ezta eraginkorra. Beraz, argi dago legegileak ez duela 16 urte baino gutxiagoko adingabekoaren adostasunari erreparatzen, ulertzen duelako adin hori ez duten adingabeek sexualitatearen esangura ulertzeko gaitasun eta heldutasun nahikorik ez dutela.


Edozelan ere, Zigor Kodearen 183.ter artikuluaren arabera, salbuespen modura, 16 urte baino gutxiagoko adingabearen adostasunak subjektu aktiboaren erantzukizuna baztertzen du, beti ere, subjektu hori adingabearen pertsona hurbil bat denean, adinagatik eta garapen edo heldutasun mailagatik. Salbuespen honen helburua nerabeen arteko erlazio sexualak justifikatzea da, baina, nire ustetan, legegileak barneratutako artikulu hau ez da batere argia eta nolabait segurtasun juridikoa urratzen du. Manu hain zabalak egiten duena da, adibidez, 18 urte duen pertsona batek 15 urteko beste pertsona batekin erlazio sexualak izateko beldurra izatea, izan ere, ez dago batere argi bere portaera zilegia den edo ez. Beraz, eta laburbilduz, manu hau osatu egin beharko zen eta argi utzi zein den bi subjektuen artean egon ahal den adin desberdintasuna delitua ez izateko. Hori egiten ez den bitartean, nerabeen arteko erlazio sexualak zigortzen egongo gara. Gainera, jakin beharrekoa da lehenengo erlazio sexuala Espainian, azken urteotan, 15 eta 17 urte bitartera aurreratu dela eta emakumeen %30a sexua izan duela lehengo aldiz eurek baino 5 urte nagusiagoak diren pertsonekin. Aldi berean, adibidez, Italian, ezin da zigortu 13 urte beteta dituen pertsonarekin erlazio sexualak burutzen dituen adingabea, euren arteko adin diferentzia ez bada 3 urte baino handiagoa.

Agenda

Sin eventos

Últimas novedades

Lo más leído