10/06/2021

Naturala?

Escrito por Raquel Esteban

Beti bezala, azken hilabete honetan gertatu zaidana kontatuko dizuet. Hori bai, hamaiketakoa jaten dudan bitartean. Barkatu, baina gose naiz. Bide batez, osagaiak irakurriko dizkizuet: ura, azukreak, almidoia, konposatu fenolikoak, tokoferola, manganesoa, burdina, etab… Baina, zer demontre ari naiz jaten? Naturala izango da?.

Beno zentratuko naiz historia kontatzen, bestela ez dut gaur amaituko. Maiatza, natura irakiten dagoen hilabetea. Neguan, ezkutuan dauden izaki bizidun asko, Maiatzean esnatu egiten dira. Horien artean landareak. Kolore horiekin, forma horiekin, udaberriko usain horiekin… gozarazten digute. Baina landareak ez dira hori bakarrik. Askoz gehiago baitira. Gure gizarteko ia baliabide guztiak ematen dizkigute: elikagaiak, botikak, papera, oxigenoa eta zerrenda luze bat gehiago. Horregatik, nik beti esaten dut, animaliarik gabeko lurreko bizitza posible izan daitekeela, baina landarerik gabe, pentsaezina da. Gure bizitzaren oinarria dira.

Hain zuzen, gure atmosferak oxigenoa du, goroldioek lurra kolonizatu zutelako aspalditik. Bai, goroldioak, hain txikiak eta hain garrantzitsuak. Haien fotosintesiaren bidez, posible izan zen atmosfera, nitrogenotan aberatsa zena, oxigenotan aberatsagoa izatea. Eboluzioaren gainerako historia badakizue. Eta bai, puntu honetara iritsi nahi nuen. Fotosintesia. Prozesu bat da, molekula ez-organiko bat (CO2) molekula organiko bat (azukrea) bihurtzen baitu, magia balitz bezala.Baina ez da magia, erreakzio kimiko besterik ez da. Izan ere, landareak kimika hutsa dira. Animaliengandik bereizten dira, ezin baitira mugitu, eta horregatik, geldirik daudela dirudien arren, haien metabolismoak 200.000 molekula inguru sortzen ditu. Landareak kimika dira!

Orduan, landareak kimika baitira, guk kimika jaten dugu?. Baina, a ze kasualitatea!. Idatzi berri dudan honek nire hamaiketakoa ekarri dit gogora. Jaten nuena naturala zen galdetu dut. Osagaiak irakurtzen, nik esango nuke ezetz. Kimika zela ematen du. Baina bai lagunak, kimika da. Ze bizitza kimika da eta nik jaten nengoena, marrubiak ziren, baina asken finean, kimika.

Orduan marrubia produktu naturala da?. Honi erantzuteko, naturala hitza definitu beharko genuke. Baina gaiaren gakoa ez da hau, hainbestetan entzun dudan esaldi batetik dator idazki hau: “nik bakarrik gauza naturalak jaten ditut”. Zuk benetan uste duzu gaur egun ditugun elikagaiak ez daudela aldaturik?. Neolitikoan hasi zen aldaketa hura. Interesatzen zitzaizkigun geneak hautatu genituen eta atzean utzi genituen bilatzen genituen karaktereak sortzen ez zituzten haziak, adibidez, tamaina txikiko barazkiak. Gaur egungo labore guztiak genetikoki eraldatuta daude. Ez dira basatien berdinak. Nekazaritza eta landareen arteko koeboluzioaren emaitza dira eta. Orduan, naturala edo ez naturalen diren gauzen arteko muga non dago?. Ba, naturala hitzarekin ulertzen badugu, ez dagoela aldatuta edo jatorrizkoaren antzekoa dela, sentitzen dut baina ez dugu janari naturala jaten. Mito sustraitua daukagulakoan nago. Eta hau esanda, amaituko dut nire marrubiak jaten. On egin!

Agenda

Sin eventos

Últimas novedades

Lo más leído