1939ko martxoaren azken egunetan, heriotzaren besarkada beltza zabaltzen zen penintsulatik. Hiru urteko gerra hartan dena galdu zen: hainbat odol eta sufrimendu kostatu zuen iragana, itxaropenik gabeko orainaldia… eta etorkizuna: ahanztura, erbestealdia, gartzela edo hormatzarra, hori zen etorkizuna: 40 urteko gau luzea.
Garai horretan, Madrilen, Mauro Bajatierra bere etxera bueltatu zen. Jakin bazekien gertatuko zena: CNTko militante nabarmena, FAIren sortzaileetako bat, batzuetan atxilotua eta gartzelatua… eta kazetaria, kazetari anarkista. Gerran, hedabide askotan kolaboratu zuen: Catalunya, CNT, Fragua Social, El Frente, Solidaridad Obrera, Frente Libertario… Faxistek ezagutzen zuten eta berak faxistak ezagutzen zituen. Dena den, etxera bueltatu eta han, lubakitua eta armatua, itxaroten gelditu zen. Martxoaren 28an, bere bila joan ziren eta Bajatierrak, tiroka, ongietorria egin zien. Egun horretan hil zuten eta, aldi berean, berarekin jaiotzear egon zen mundo berri bat ere hil zen. Lau egun geroago, ofizialki, gerra bukatu zen.
Berrogei urtetan zehar CNT ia desagertu zen: errepresioa, zatiketak, gartzela… Sindikatuak urte askotan gizartean izan zuen eragin handia, lehenaldiaren oroitzapen bihurtu zen. Baina dena ez da betiko, eta tirano madarikatu hura hil eta gero, berriro eguzkia atera zen edo, behintzat, horrela ematen zuen… Transizioan, gezurren eta manipulazioen garai hipokrita horretan, berriro erakunde anarkosindikalista zutik ipini zen. Ez zen beste garai batekoa, egia da, baina benetako erakundea zen: milaka militante prest zeuden kapitalaren aurka borroka egiteko, milaka militante milaka ekintzetan, milaka militante milaka grebetan, geure banderak berriz haizean dantzatzen… baina ilusioa besterik ez zen izan, irudikeria, hutsean garrasika. Posibilismoa, betiko zatiketak, estatu eta poliziaren probokazioak… eta gure akatsak, erroreak, hanka-sartzeak. Itxaropenak, basamortuan izotza bezala, urtu egin ziren.
Baina dena ez zen desagertu. Oztopoak oztopo militante batzuek aurrera jarraitu zuten eta poliki poliki egitura berriak altxatu zituzten, ia beti bakardean, alde batera utzita, traba guztien gainetik, baina zein zen benetako bideaz duda egin barik.
Gaur egun, erakunde txikia gara baina erakunde koherente gure printzipioekin eta gure historiarekin. Geure sindikatuetara gero eta jende gehiago hurbiltzen da: gaur lau, bihar zortzi, etzi hamasei… orain dela ehun eta bi urte horrela hasi ginen eta horrela jarraitu behar dugu. Berriz indartsuak izateko, ibili behar dugun bidea, luzea da, oso luzea baina ez dugu ezer galtzeko.
Bizi garen garaiak ilunak dira. Ematen du irabazi dutela, dena zapaldu dutela: geure historia, itxaropenak eta ametsak. Langile mugimenduak ez dauka indarrik, ez daki nola egin aurre kapitalari, burua makurtua eta ideiarik gabe dago, museo baten pieza ahaztua da… edo hori esaten digute. Behin eta berriro sistemaren morroiek gauza bera errepikatzen dute: ez dago beste biderik, guk badakigu zer egin eta nola egin eta zuek onartu behar duzue; irtenbide bakarra, geurea da; hobeto bizi nahi baduzue, urte gehiago lan egin behar duzue; bankuek gehiago irabazten badute, gure mesederako izango da; langabeziarekin bukatzeko, kaleratzea erraztu behar da… Nahikoa da! Uste dute erabat suntsituta gaudela, baina oker daude. Martxoaren 29an ikusiko dute.
Mauro Bajatierra hil zutenean amets batekin bukatu nahi izan zuten. Gaur egun, hirurogeita hamahiru urte pasa eta gero, ametsa bizirik dago. Oraindik amets hori txikia da, gutxi argitzen du, gutxi berotzen du, baina egunez egun handiagoa egin behar da, handiagoa egin behar dugu. Ez dago beste erremediorik. Lehenaldia lapurtu ziguten, etorkizuna berreskuratu behar dugu.