14/03/20

M-22: “Ez dira negoziatuko ez askatasuna ez duintasuna”

CNT sindikatuak larunbat honetan -hilaren 22an- Madrilen bilduko diren Duintasunaren Martxetan eta mobilizazioetan parte hartzera deitu du. “Nahikoa da. Erantzun erabatekoa emateko ordua da; erantzuna kaleetatik, lantokietatik eta auzoetatik bakarrik etor daiteke”, nabarmendu du erakunde anarkosindikalistak.

CNTko Idazkaritza Iraunkorraren komunikatu baten bidez, sindikatu honek errebindikatu du “behetik, boterearen aurkako borroka, langileriaren auto-antolakuntzaren alde apustu eginez”. Halaber, gogoratu du “langabezia eta pobrezia etengabe handitzen ari diren bitartean, gobernu ezberdinak patronalaren eta elite finantzarioen zerbitzuan daude. Horretarako milioika milioi eman diete eta hauek zerbitzu eta prestazio publikoetatik atera dute galerak sozializatuz eta etekinak pribatizatuz”. “Laburbilduz -CNTk esaten du-, eraso egiten digute politika ekonomiko eta sozial baten bidez, gero eta errepresiboago, gero eta zuzengabeago.

Erakunde anarkosindikalistaren ustetan, Duintasunaren Martxak “beste pausu bat izan behar dira, ahalik eta handiena, ahalik eta gogorrena”. Hori dela eta, CNTk uste du mugimendu sozialek eta sindikalismo borrokalariak protagonismo hartu behar dutela, “benetako greba orokorra egiteko pairatzen ditugun politak langileriaren alde aldatzeko”.

Testuinguru honetan, CNTk azpimarratu du mobilizazioak “mezu argi bat bidali behar diela botere ekonomiko eta politikoei, baita sindikatu ofizialeko goi-karguei: bake soziala bukatu egin da eta langileriaren eskubide eta askatasunen espoliazioa doan ez da izango”. Halaber, sindikatu honek errefusatu egin du “M-22ko aktore batzuek eskaintzen duten irtenbidea: elektoralismoa eta bide politikoa arazoak konpontzeko”. “Ez dugu onartzen kemenak eta itxaropenak erabiltzea borroka botoaren kale itsura eramateko”, nabarmendu du.

Erakunde honen ustez, “sistemaren hautestontzietatik ateratako inork ez du negoziatuko ez askatasuna ez duintasuna. Guk geuk, inori esku eman barik, eskubide berriak irabazi behar ditugu. Eta hori lortzeko botereak ematen dizkigun medioak ezin ditugu erabili, traizionatuta izango garelako historikoki gertatu den moduan”. “Duintasunaren bidea hasteko, boterea asanbladetan egon behar izango da, eredu politiko eta sindikal hierarkiko honetatik kanpo, hauteskunde eta parlamentu, liberatu eta komitetatik urrun. Ez dago beste modurik”, nabarmendu du.

Madrilen larunbatean egingo den mobilizazioari buruz, CNTk jakinarazi du zutabe anarkosindikalista arratsaldeko 16:00an Tirso de Molinatik Atocharaino abiatuko dela, “eta han beste zutabe guztiekin topatuko da”.

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena