14/07/19

Kasilda eta Likiniano anarkistei omenaldia Donostian

Uztailaren 18ak, Estatu kolpe frankistaren urteurrena dena, esanahi berezi bat izan du Donostian, Kasilda Hernáez eta Félix Likiniano militante anarkista historikoei egindako omenaldia dela eta hain zuzen ere. “Askatasuna, justizia eta iraultza sozialaren alde biek bizitza osoan borrokatu zuten”, azpimarratu du CNTk.

Ekitaldia orain ekitaldi publikoetarako erabiltzen den Easo kaleko suhiltzaile parke ohian erakusketa batekin hasi zen. Bertan Likiniano eta Kasildarekin erlazionatutako gauza desberdinak ikus zitezkeen, kuadroetatik eskulturetara, edo harrian eta egurrean zizelkatutako irudiak. Erakusketa erakunde sozial eta sindikal desberdinen laguntzarekin burutu zen, hauen artean CNT, Ernai eta Donostiako talde feministak aurkitzen zirenak.

Erakusketan Donostian altxamendu faxistan gertatutakoa laburki azaltzen zuten panel desberdinak zeuden, biztanleriaren erantzun iraultzailean zentratzen zirenak. Kasilda eta Likinianok protagonismo berezia izango zuten aspektu honetan. Klandestinitatean urteak pasa eta gero, Likiniano Arrasatera (bere jaioterrira) itzuli zenean egindako harreran oparitu zioten makila ere ikus zitekeen erakusketan.

Arratsaldean, ekitaldiak Juantxo Estebaranz eta L.M. Jiménez de Aberasturi idazleen hitzaldiarekin jarraitu zuen. Jende ugari egon zen eta tartean omendutakoen senideak. Ondoren, Iñaki Egaña historialariak Donostiako kaleetatik bisita gidatua egin zuen, herri altxamendu eta barrikaden eraketaren esanahia azalduz. Jarraian, emakume talde batek kale antzerki bat egin zuen barrikadetako borrokaren inguruan, hiritar, turista eta Ertzaintzaren atentzioa deituz.

Eguneko azken ekintza Easo plazan izan zen, erakunde desberdinek -horietako bat, CNT zelarik- Likiniano eta Kasildaren oroimenez komunikatu bat irakurri zuten. Ondoren, Kasildaren senide bati lore sorta bat oparitu zioten bien borroka eskertuz. Bukatzeko, alboka eta gitarren soinuekin “A las barricadas” eta “Eusko gudariak” abestu zuten.

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena