23/03/18

Gipuzkoa: fusilatutako azkenak eta memoria historikoaren politika publikoak

1947ko apirilaren 23ko El Diario Vasco-k CIFRA agentzia frankistaren teletipo bat erreproduzitzen zuen bere azken orrialdean, non eskuzko bonben bidez indar publikoari erresistentzia egin omen zioten ustezko bi lapurren fusilamenduaren berri ematen zuena.

Bi egun lehenago, Diego (Amador) Franco Cazorla eta Antonio López Fanlo gerrillari anarkistak goizeko 5: 30ean atera zituen polizia armatuak Ondarretako espetxetik eta ordu erdi geroago, Pascual Puente Careaga kapitain mediku militarrak Bidebietako tiro-eremuan hil zirela ziurtatu zuen. Guk dakigula, frankismoak Euskal Herrian buruturiko azken fusilamenduak izan ziren. 1950eko abenduaren 3an, Antonio Oyarzabal Garmendia (Txiki) ekintza-anarkista eta mugalaria atxilotu, sumario berean auzipetu eta 12 urte eta egun bateko kartzela-zigorra ezarri zioten.

Amador Franco eta Antonio López Irunen atxilotu zituzten 1946ko uztailean, ez ordea erresistentziarik gabe. Armak, munizioa, dirua, kautxuzko zigiluak, AEBko armadaren janari-errazioak, mugimendu libertarioaren barne-dokumentazioa, korrespondentzia desberdina, irrati-kate bat, transmisio seguruagoak egiteko “Clave Victoria”ren jarraibideak eta argitalpen anarkista ugari zeramatzaten soinean. 60ko hamarkadara arte frankismoari aurre egin zioten ekintza-talde anarkistetako kide ziren biak. Bartzelona erori eta Frantziara nahitaez igaro ondoren, Amadorrek euskalduntzat aurkeztu zuen bere burua, Gurseko konzentrazio-esparruan sartu, euskal kideekin harremanetan jarri eta Pirinio osoan zehar arituko ziren taldeak koordinatzeko.

1946ko abenduan, Raúl Carballeira Lacunzak, Brigada Politiko Sozialak gehien bilaturiko militantetako batek, bere burua Amadorren lehengusutzat aurkeztu eta Ondarretan bisitatu ahal izan zuen. Frantziara itzuli zenean, Carballeirak atxiloketaren ingurumariak eta jasan zituzten torturen berri eman zuen. Pasaiako kideek fusilamenduaren lekuan geratu ziren Amadorren betaurrekoak jaso eta familiari helarazi zizkioten. Amador eta Antonioren fusilamenduak luze eta zabal salatuak izan ziren erbesteko prentsa anarkista eta anarkosindikalistaren orrialdeetan. Oso kasu entzutetsua izan zen, batez ere Amadorrek militante gisa zuen garrantziagatik.

Jakin berri dugu Aranzadik, bost urteko lanaren ondoren, amaitutzat ematen dituela Donostiako memoria historikoaren ikerketa lanak. Amador eta Antonioren fusilamendua eta Antonio Oyarzabalen kartzela-zigorra ebatzi zituen 617 orrialdeko Gerra Kontseilua Aranzadik esku artean izan dezakeen giza eskubideen urraketarik dokumentatuenetako bat da ziurrenik. Hala ere, Donostiako Udalaren webguneko biktima zerrendara jo, eta egiazta dezakegu nola Amadorren eta Antonioren filiazio ideologikoa ere ez duten jaso. Ziur asko, frankismoak Euskal Herrian fusilatu zituen azkenak dira, guztiz dokumentagarriak, eta, hala ere, haien kasua ia ez da jorratzen.

Azken urteotan memoria historikoa berreskuratzearen arloan dauden hutsune batzuk erakusten dituen lagin bat besterik ez da, eta neurri haundi batean hutsune horiek saihestu egin daitezke erakunde publikoek beren memoria-politikak garatzerakoan erakunde historikoak kontuan hartuko balituzte.

Donostiako Udalak Memoria Historikoaren Kontseilura dagoeneko deseginda dauden erakundeak gonbidatzen dituenean, hala nola Bakearen Aldeko Koordinakundea, eta erakunde historikoak alde batera uzten dituenean, erakunde publikoek genozidio frankistaren interpretazio politikoa erakunde zientifiko baten esku uzten dutenean, borrokalari batzuen memoria soziopolitikoaren aldarrikapena senideen esku uzten denean, eta ez haiek militatzen zuten erakundeen esku, gero eta gehiago urruntzen gara hainbeste aipatu dugun egiaren, justiziaren eta berriro ez gertatzeko bermeak biltzen dituen erreparazioaren trinomiotik.

Azken urteotan, lan eskerga egin da memoria historikoa berreskuratzen eta 36ko matxinada militarrean, gerran eta frankismoan izandako giza eskubideen urraketak ikertzen. Gipuzkoan, udalerri ugarik dituzte monografikoak, eta zoritxarrez, ia guztietan falta nabarmenak, hutsuneak, muin-akatsak eta erakunde historikoei kontsulta eginez gero erraz konpon daitezkeen beste gai batzuk aurkitzen ditugu. Ikuspegi orokorrari dagokionez, lotsagabrria eta onartezina da erakunde zientifiko batek bermatutako eta diru publikoz finantzatutako lanek “gerra zibila” deitzen jarraitzea genozidio bihurtu zen matxinada militar faxista bati, edo EAJren miliziak herrialdeko armadarekin nahastea. Beldur gara azken horrek ez ote duen zerikusi handiagoa izango EAJk herriaren eta alderdiaren interesak bereizteko duen arazo sekularrarekin.

Zergatik uzten dira alde batera erakunde historikoak memoria historikoaren politika publikoei ekiteko orduan? Polloeko mausoleoaren affaire lotsagarria, non EAJk ez duen biktimarik, argigarria da zentzu horretan. Gipuzkoan genozidioaren biktimen gorpuzkiak jasotzeko eraikitako kolunbario bakarra Elgoibarren egotea, eta ez Irunen, Beasainen, Tolosan, Oiartzunen edo Donostian, nahiko esanguratsua da, halaber, jeltzaleek Gipuzkoaren defentsa antifaxistan izandako esku-hartzearen gorabeherak ezagutzen dituenarentzat.

Genozidio frankistaren biktimentzat egia, justizia eta ez errepikatzeko bermeak biltzen dituen erreparazioa bilatzea, kontakizunaren aldeko borrokarekin teilakatzen da askotan. Borroka horretan, zifrak puztu dira, ideologia-filiazioak alde batera utzi dira, planoak gainjarri dira, mitoak eraiki dira eta euskal burgesia nazionalistaren egungo interes politikoekin bat datorren narratiba sasihistorikoa sortu da.

Argazkiaren iturria: Aranzadi

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena