12/11/08

A-14: CNT, Kapitalaren aurkako borrokan

CNTrentzat, A14a gobernu desberdinen langileen aurkako neurriak zapuztu arteko mobilizazio gehiago eta irmoagoen aldeko aurrerapauso bat da.

Ildo horretan, sindikatu hau orainarte burutu diren mobilizazioei (2009tik, zazpi Greba Orokor guztira) jarraipena emate aldera aritu da, 24 ordutako deialdietaz haratagoak eta helburu garbi batzuk izan ditzatela proposatuaz: lan erreforma, banketxe eta patronalaren aldeko lege aldaketak eta murrizketa sozialak zein askatasunen murrizketak indargabetzea.

Hau guztiarengatik, CNTtik gure gaitzespena adierazi nahi diogu azaroak 14eko grebarekiko ekintza sindikal batasuna bermatu ahal ez izateari. Hutsegite hauek langileria kikiltzeko baino ez dute balio. Euskal Herrian, langileria ez da salbu inposatzen ari zaizkiguten murrizketetaz eta erantzun beharrean gaude. Ezin da argudiatu erasoak Madrileko gobernutik edo espainiar patronaletik datozkigunik, euskal patronala eraso sistematikoen adibide denean: deslokalizazioak, kaleratze masiboak, soldata murrizketak, hitzarmen kolektiboetatik irteerak…

Bestalde, CNTk ez du bat egiten dirulaguntzak jasotzen dituzten sindikatuek ordezkatzen duten konzertazio eta “Itun Sozialaren” sindikalismoarekin. Izan ere, ez du langileriaren aurkako eraso orokorrak eskatzen duen tamainako erantzunik ematen.

Gure aukera bakarrak elkartasuna eta Kapitalaren aurkako borroka dira, aldian aldiko gobernuen departamentu soilak bihurtu diren sindikatu horiek baztertu behar ez lituzketen tresnak. Hitzarmen lotsagarriak, enplegu erregulazioak eta lan eskubideen salmenta sinatzearen truk diru laguntza mardulak jasotzen dituztenek gureak ez diren interesak defendatzen dituzte.

CNTk langile (aktibo zein langabetu), ikasle eta erretiratuei dei egiten die gobernua eta europear erakundeen langileen aurkako politiken aurka irmoki mobilizatzera.

CNTren aburuz, hamaika arrazoi daude. Langileria pairatzen ari den eraso eta lapurretari aurka egin behar diogu ausarki. Deialdi honen atarian, beti bezela, gure erronka klase batasunaren aldekoa da, oinarritik, kalean eta piketeetan. Greba hau bestelako praktikekin eraiki behar dugu, konzertazioa eta itun sozialaren sindikalismotik at, behin eta berriz erakutsi bait du ez dela botere enpresarial eta finantzieroaren eraso orokorrari aurre egiteko gai.

Beraz, Greba Orokor honekin dugun helburua, Langile Mugimenduaren duintasun eta oldarkorkeriaren berreskuratze bidean, lehen urratsa ematea da.

Borroka garaia delako, azaroak 14ean, greba orokorra!

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena