Hordagon argitaratua 2020/11/21ean, Lanaren Ekonomiaren eskutik
Ostalaritza itxita dago Euskalerri osoan, COVID-19aren aurka hartutako neurriak direla eta. Horrek ezinegona sortarazi du sektorean, zeina martxotik baitago pandemiak gogor kolpatuta. Dirulaguntzak jaso ezean, negozio asko itxiko direla salatu da. Baina, nola heldu gara egoera honetara?
Turistifikazioaren eredu kaxkarra
Epe luzea kontuan hartuta, 1970etik aurrera kapitalismoak krisi luzea pairatu du, eta sektore ekonomikoen berrosaketa gertatu da Euskalerriko ekonomian. Industriak barne produktu gordinean zuen pisua nabari murriztu da: % 50ekoa zen 1975ean, eta % 22koa da 2020an. Desindustrializazio horrek zerbitzuetan oinarritutako ekonomia bultzatu du, eta bi dira eredu produktibohorren oinarrizko ardatzak, eraikuntza eta turismoa.
Lehenak, eraikuntzak, kolpe latza jaso zuen 2008an hasi zen “Hamarkada Galduan”, nahiz eta azken hiru urteetan gorakada apala jasan duen. 2008an 135.000 pertsona ziren arlo horretan zebiltzanak; gaur egun, ordea, 67.000 dira, porlanaren burbuilak eztanda egin baitzuen aurreko krisiak. Bigarren zutabea turismoa da, “Guggenheim efektua” izenarekin ezagun egin zena eta euskal kostaldean eta hirietan eragin handia izan duena. Horren ondorioz, ostalaritza sektorearen gorakada ere izugarria izan da, nabarmen ugaritu baitira tabernak, jatetxeak, ostatuak eta aterpetxeak. Merkataritzak eta garraio sareak ere turistei zuzendutako plangintza jarraitu dute, eta, eredu horren ondorioz, aisialdira zuzendutako jarduerak ere (musika festibalak eta herriko jaien nazioartekotzea, adibidez) erruz ugaritu dira azken urteetan. Baina pandemiak turismoa eten egin du.
Nolanahi ere den, azpimarratzekoa da ostalaritza produktibitate, soldata eta etekin txikiko sektorea dela; hau da, espezializazio eredu kaxkar baten adibide argia. COVID-19aren krisia heldu baino lehenago, sektoreko patronalaren diagnosia nahiko iluna zen: taberna eta jatetxeen erdiak galerak zituen, % 40a ordu luzeak lan eginez heltzen zen hilabete amaierara, eta % 10ak soilik zituen emaitza onak, kokapenaren, negozio ereduaren edo berrikuntzarekin lotutako beste faktore batzuen ondorioz.
Labur esanda, ostalaritzaren sektorean lanordu asko egiten dira, eta, trukean, soldata eta etekin murritzak lortzen dira. Sektore horrek sasoian sasoiko egoerara moldatu behar du, epe luzera begira bizi baldintza ezegonkorrak eragiten ditu eta in itinere istripu larriak izateko arriskua du. Gainera, sektorea lan eskubideen urraketan txapelduna da, iruzurrezko kontratuak eta beltzean ordaintzen diren soldatak direla eta, besteak beste.
Pandemiaren gorabeherak
Gizarte Segurantzako afiliazioan aldaketa nabariak egon dira. Pandemia garaian Euskalerri penintsularrean guztira galdu diren 12.400 enpleguetatik, 5.750 ostalaritza sektorekoak dira. Kolpe handia jasan du, batez ere uda bukaera arte, irailean enplegua berreskuratu baitzen, neurri batean. Ikusi beharko da hurrengo hilabeteetan zer bilakaera duen sektoreak; izan ere, ERTE zaharren amaieraren ondorioz, edo berriak saihesteko, kaleratzeak bihurtu daitezke etorkizun hurbileko joera.
Horrez gain, sektorea testuinguru orokorrean kokatu behar dugu. Enpleguaren aldetik, ostalaritzakoa da besteren konturako enplegu guztien % 8,1; barne produktu gordinari dagokionez, berriz, ostalaritzaren ekarpena ez da heltzen % 6ra. Jardueraren eta langile kopuruen beherakada nabarmenak ez du, ordea, taberna, jatetxe eta ostatuen itxiera ekarri, ez oraindik, behintzat, eta oso egonkorra izan da sektoreko autonomoen afiliazio kopurua.
Azken urteetako bilakaerak erakusten du sektorea indartzen aritu dela oraintsu arte, eta horren adierazle da enpresa kate edo inbertitzaileek gero eta lokal gehiago ireki dituztela, batez ere turistifikazioaren puntu estrategikoetan. Agerikoa da baita kapitala metatzeko dinamikaren ondorioz sektorean ematen ari den kontzentrazioa. Edozelan ere, pandemiaren ondorioetako bat izango da negozio askok itxi egin beharko dutela, eta litekeena da berriz ere handitzea inbertitsaileen eta inbertsio funtsek zuzendutako enpresen partaidetza.
Bestalde, bada sektore bat gutxitan aipatzen dena, hornitzaileena, alegia. Kasu horretan, enpresak handiagoak dira, eta egoera beltz honi aurre egiteko gaitasun handiagoa dute. Hala ere, hor ere aurreikusten da kaleratzeak egongo direla eta langile kopurua murriztuko dela.
Gobernuek hartutako neurriak
Ostalaritzaren sektorean ezarritako neurriak eta erregulazioak oso polemikoak izaten ari dira. Alde batetik, neurri batzuk ez dira batere zehatzak. Bestetik, eta ostalarien ustez, ez dira nahikoak.
Gogorrena itxiera izaten ari da, hau da, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban azaroaren 7tik aurrera, Nafarroan urriaren 21etik aurrera eta Euskalerri kontinentalean urriaren 24tik aurrera indarrean dagoen itxiera, batez ere sektorea oraindik ere aurreko itxialditik lehengoratu gabe egon delako. Espainiako gobernuari dagozkion kontuetan, enplegu erregulazioko espedientearen bi mota berri jarri dituzte indarrean: jardueraren garapena eragozteagatiko ERTEa, ostalaritzan aplikatzen ari dena, eta jardueraren garapen normalaren mugengatiko ERTEa, hornitzaileek eskatu dezaketena. Neurri horiek soldatapeko langileengatik sortutako gizarte segurantzaren enpresa ekarpenak salbuesten dituzte hein batean, baina ez dute kontuan hartzen autonomoen kuota.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak adierazi dute hainbat laguntza eskainiko dituztela. Jaurlaritzaren kasuan, 45 milioi euroko laguntza zuzenak izango dira, aste honetan iragarritakoa ikusita. Zehazki, 3 langile baino gutxiago dituzten establezimenduek 3.000 euroko laguntza jasoko dute; 4-10 langilekoek, 3.500 euro; eta 10 langile baino gehiago dituzten establezimenduek, 4.000 euro. 51 langile baino gehiago dituzten enpresak laguntza horretatik kanpo geratu dira. Bestalde, 100 milioi euroko finantzazio lerro bat irekitzea ere adostu dute Elkargi-rekin.
Nafarroako Gobernuaren kasuan, ostalaritzaren sektoreari bideratutako zuzeneko laguntzetarako aurrekontu zuzkidura bikoiztu dute, hasierako 10 milioietatik 20 milioira igarota. Horri esker, ostalaritzako establezimenduek 25.000 euro jaso ahal izango dituzte, gehienez. Negozio kaltetuenei laguntzeko asmoz, Gobernuak laguntzetatik kanpo utziko ditu BEZaren bidez ohiko diru-sarreren % 20 baino galera handiagoa justifikatzen ez dutenak. Bakoitzaren egoera zehazteko, aurtengo lehen hiru hiruhilekoetako BEZ aitorpenak 2019ko aitorpenekin alderatuko dituzte.
Neurrien artean, ez da ezer esaten alokairuei buruz, non-eta ostalaritzan, negozio askoren kosturik handiena alokairuaren1.5a izaten den sektorean. Denbora pasa da jabe handiei luzamendu bat aplikatu zitzaienetik, 10 etxebizitza edo lokal baino gehiago dituztenei aplikatzen zaie, edo 1.500 metro karratukoak baino handiagoren bat dituztenei baita ere, baina ostalaritzaren sektorean jabe txikiak dira nagusi. Beraz, alokairuak eragindako kostua murrizteko aukera alde bien arteko negoziazioaren eskuetan geratzen da.
Zergen alorrean, Nafarroako Gobernuak adostu du Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga ezabatzea milioi bat eurotik beherako fakturazioa duten langile autonomo guztiei. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien kasuan, aipatu dute laster zergen inguruko neurri berriak argitaratuko dituztela. Beste bide bat ere proposatu dute, alegia, zorpetzea, ICO kredituen eta Elkargiren bitartez.
Nahikoak dira hartutako neurriak?
Sektoreko patronalek eta langileek salatu dute neurriak eskasak direla, eta langileen sentsazioa da gobernuak inprobisatzen ari direla eta sektorearen egoera iluna dela oraindik. Alde batetik, zuzeneko dirulaguntzak eskaintzen ari dira, negozioen gainbehera saihesteko. Laguntza hori ezinbestekoa da lehenengo kolpe hau gainditzeko, baina eskasa ere bada, hainbat arrazoirengatik. Hasteko, azpimarratu behar da sektorean ohikoa dela iruzurra egitea, bai Gizarte Segurantzari baita Ogasunari ere; hori dela eta, negozio askok urte amaieran aitortzen dituzten diru-irabaziak benetakoak baino txikiagoak izaten dira. Beraz, zuzeneko dirulaguntzen eskaintza hauen betetzearekin lotu beharko litzateke, neurria egokia izateko.
Bestetik, ez da ezarri ez alokairuen ezta hipoteka maileguen gaineko neurri efektiborik. Alokairuak ordaintzeko luzamendurik ere ez da ezarri, eta, azkenean, zeharka bada ere, horrek ere negozio askoren itxiera eragingo du. Izan ere, kasu gehienetan lokalaren alokairua haren jabearekin adostu beharko da, negoziazio pribatu baten bidez. Hipoteka maileguen gaineko neurri efektiborik ez hartzean, finantza erakundeek euren sarrerak ziurtatuta dituzte, ostalaritzako negozioen kalterako. Beraz, ostalaritza sektoreari laguntzeko nahia benetakoa bada, maileguen ordainketak eteteko bidea ezarri behar litzateke. Ez ote du merezi ostalaritzaren sektoreak benetako laguntzarik? Ez ote dute merezi ostalariek finantza sektoreak 2008tik jasotako laguntza bera? Klase bereizketa bat egiten ari ote dira sektoreen artean?
Ostalaritzaren berregituraketa
Mahai gainean jarri behar da pandemia eta krisi testuinguru honek bi urte iraungo duela, gutxienez. Une honetan lehen kolpearen aurrean gaude, eta ostalari askok lokalak itxiko dituzte. Halandaze, ostalaritzan sektorea berregituratzeko plan bat egin behar litzateke, iraganean (adibidez, 1980ko hamarkadan) beste sektore batzuekin egin bezala: laguntza ekonomikoak eskaintzetik harago, pertsona kaltetuak birkokatzen lagundu behar da, eta ez da errepikatu behar 2008ko akatsik handiena, hau da, jendea botata uztea, eraikuntza sektoreko langileekin egin zen bezala. Aipatu behar da, gainera, ostalaritza sektoreko langile asko eraikuntzaren krisian beren lana galdu zutenak direla. Beste behin ere kanporatu ditzatela utziko dugu? Eta, berregituratzearekin jarraituta, ezin alde batera utzi krisi honek hornitzaileen sektorean emango duen kolpea.Autonomo askori eskaintzen zaien bide bakarra zorpetzea da, ICO maileguen eta Elkargik lagundutako maileguen bidez. Neurri horrek arazo gehiago ekar ditzake; izan ere, pertsona asko, negozio barik geratzeaz gain, zorpetuta ere geratuko dira. Testuinguru horretan, behar-beharrezkoa izango da Bigarren Aukerako Legearen aplikazioa sustatzea, baita finantza erakundeei mugak jartzea ere, zorren ordainketak malgutu ditzaten.
Ostalaritzako langileei dagokienez, horiek izango dira kaltetuenak; izan ere, lan baldintza kaxkarrak eta prekarioak dituzte, eta, sarritan, lan iruzurra ere pairatzen dute (kontratazioan, ordainketetan…). Horrek denak negatiboki eragiten dio haien langabezia sariari. Gainera, asko ez dira ostalaritzako lanetara bueltatuko. Beraz, ezinbestekoa da euren dibertsifikazioa sustatzea eta laguntza eskaintzea, ogibide aldaketarako ibilbideak bultzatuz, enplegu berrietara bideratuz, bai nekazaritzan, bai industria estrategikoetan eta baita sektore publiko-sozial berrian ere.
Bukatzeko, ezin dugu ahaztu sektoreak kulturan eta aisialdian duen eragin izugarria, jarduera horiek ere pandemian ondorioz duten egoera larria nabarmenduz. Esaterako, agerikoa da ostalaritzak musikarekin duen lotura, eta birpentsatu behar litzateke harreman horiek nola eraldatu. Era berean, “terrazismoa” alde batera utzi beharko da, kalea oinezkoentzat eta ez-kontsumitzaileentzat berreskuratzeko, eta topagune publiko eta sozial berriak sustatu beharko dira, orain arte ostalaritzak egiten izan duen funtzioa osatzeko. Hau da, gaztetxeak, kafe antzokiak, kultur etxeak, azokak, txosnak, komun publikoak… bultzatu beharko dira, eta kultura arloko plan soziosanitario bat eratu, langile guztiak babestuko dituena.