Sindikatuen arabera, Haur Eskolen Partzuergoan otsailaren 22an, 23an eta 24an egindako grebaren jarraipena % 70ekoa izan da. Aurretik, aurten bertan, beste bi greba egun deitu ziren urtarrilaren 25ean eta 27an. Jakina, kasu hauetan gertatzen den bezala, gauzak konplikatzeko, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri dira, greba eta beren eskubideak eta, batez ere, haurren ongizatea aldarrikatzen dituztenak gutxietsiz. Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez du txintik ere esan. Baina, zeintzuk dira greba honen aldarrikapenak? Pozten nau galdera hau egiteak. Goazen banan-banan:
Lehenik eta behin, doakotasuna eskatzen da. "Nola???!", -pentsatuko duzu-, "Familiei amatasun- eta aitatasun baja potroso eta eskasak ematen dizkietela, eta, euren exogestazio prozesua bete gabe, 4 hilabeteko haurrak utzita lan egitera behartzeaz gain, dirua ordaindu behar dela, zaindua izatea pribilegioa balitz bezala!??" Bai horixe! Eta noski, haurrak elikatzeko beharra badu, badakizu, jatearen pribilegioa, jantokia ez da prezioan sartzen. Estatu Batuetako historio bitxia dirudiela? Ba ez horixe! Hau hementxe bertan gertatzen da: errealitateak fikzioa gainditzen du.
Bigarrenik, Haur Eskolen Partzuergoa Hezkuntza Sailean sartzea eskatzen da. Eta beste behin ere, gai honetan oso jakinaren gainean ez bazaude, honako hau pentsatuko duzu: "Eta Haur Hezkuntza Publikoa Hezkuntza Sailean ez badago, non demontre dago!?" Ahá! ZEIN GALDERA ONA!! Ikusten denez, haurtzaindegi hitza erabiltzearena ez da modaz pasatu. Hezkuntza eta ikaskuntzak 0 urtetik aurrera hasten direla behin eta berriz errepikatu arren, badira oraindik 0-2 bitarteko zentruak Eroskin euro baten truke, boltsak gordetzeko eskeintzen diren kutxatila horiek izango balira bezala ikusten dituztenak: hau da, haurtxoentzako aparkalekuak, langileak lantegira joan daitezen.
Hirugarrenik, logikoa denez, behin-behinekotasunarekin amaitzea eta plantilletako lanpostuak egonkortzea eskatzen da. Izan ere, uste dut inork ez lukeela nahiko bere jaio berriaz arduratzen den pertsonak lan-baldintza eskasak izaterik, lan-egoera ezegonkorrean egoterik , aste honetan aireak nondik jotzen dion jakin gabe. Oro har, haurtzaroak atxikimendu segurua eta konfiantza transmititzen dioten figurak dituen egitura bat behar badu, esan gabe doa 0 eta 2 urte bitarteko etapan hori guztiz funtsezkoa dela.
Laugarrenik, Haurreskolak Osakidetzak irakaskuntza publikoko zentroetan egiten duen norbera babesteko ekipamenduen horniduran sartzea eskatzen da . Hau eskatzea, batez ere COVID garaian, ez dut uste aldarrikapen bat denik, arduratsua izatea baizik. Ez?
Bosgarrenik, begira zein gauza burugabea!!!! Haur Hezkuntzarako aurrekontua igotzea eskatzen da. Haurtzaroarekin, zaintzarekin eta hezkuntzarekin zerikusia duten gaietan dirua ez inbertitzea lotsagabekeria hutsa da.
Eta, azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, langileek, jakina, euren hitzarmenak hobetu nahi dituzte edo lehendik zituzten akordioak errespetatu daitezela aldarrikatzen dute. Honez gain, Hezkuntza sailburuari, zehazki Jokin Bildarratz txit agurgarriari, eskatzen zaio, behin eta berriz, gardentasunez hitz egin dezala eta argi adieraz dezala bizi dugun pandemiaren ondorioz, zer gertatuko den beren egoera ekonomikoan konplikazioak izan dituzten familiekin. Baina, jakina, azken hau horma batekin hitz egitea baino zailagoa da, kargu politiko bat zarenean, ezer zehaztu gabe era orokorrean baino ezin duzulako hitz egin, hauteskunde-kanpainan ez badaude, behintzat.
Ba, hauxe zen esan nahi nuen guztia. Gaur ez naiz gehiago luzatuko: haurreskoletako grebalariei nire babes osoa, Haur Hezkuntza unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa lortzea guztion ardura delako.