24/11/07

Ez goaz lanera

Egilea Endika Alabort Amundarain

Endika Alabort Amundarainen iritzi artikulua, Argia aldizkarian argitaratua

Astelehena,
jai ondoko alperra,
lanik ez egiteko,
ez goaz lanera,
ez goaz lanera,
ez goaz lanera,
ez goaz lanera,

(Abesti herrikoia)

Urriaren 15ean, lan arloko ekonomialarien topaketetan, mahai inguru interesgarri bat egin zen. Patronalak, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta sindikatu batek parte hartu zuten. Eztabaidagaia lan munduan gero eta oihartzun handiagoa duen absentismoa izan zen.

Erakunde bakoitzak interesatzen zaion definizioa edo ikuspuntua aukeratu zuen. Arazoa zen enpresarien interesak defendatzen dituztenen ikuspuntua ez zutela agerikoa egiten, eta eztabaida gaiztotu zutela. Gainera, “zentzu komun” zehatz bat ezartzeko, mahai inguruan hainbat falazia erabili ziren. Adibidez, Espainiako erresumako beste lurraldeen aldean, EAEn lan baja gehiago hartzen direla. Ez da zuzena datu horretatik ondorioztatzea lanarekiko arduragabekeria handiagoa dela, baina zeharka “zentzu komun” horretan eragin nahi zen. Beste amarrua zen anekdota bat hartzea eta korridoreko elkarrizketa bat kontatzea: langile batek beren baja luzatzeagatik poztasuna adierazi zuen eta, zeharka ondorioztatu nahi zena, langileek oro har euren lan baja epea luzatzea nahi dutela. Erabilitako falazia zerrenda zabala izan zen, beti langileak kriminalizatzeko, noski.

Gako nagusiena lan arriskuen prebentzioan dago. Absentismoa, gaixotasun egoerarekin lotzen badugu, ez da arazoaren jatorria, ondorioa baizik

Patronalak ez zuen definizioaren inguruan eztabaidatu nahi, baina lan absentismoa definitu gabe utzita, euren ikuspegia ezarri nahi zuten. Kontzeptuaren inguruan hitz egitea funtsezkoa da, horrek zehaztuko baititu aplikatuko diren neurriak. Lan zuzenbidean, justifikaziorik gabeko lanera ez agertze moduan definitzen da, dakarren zigorrekin. Baina patronalak erabiltzen duena, Langileen Zuzendaritza eta Kudeaketa ikasgaiko irakasle batek esan bezala, erabat ekonomizista da, giza-baliabide departamentuena: nahiz eta justifikaturik egon, absentismoa da ez egotea. Berdin du gaixorik egoteagatik edota jaiotze osteko baimen bat dela-eta lana eta familia bateragarri egiteko eskubidea erabiltzeagatik izatea. Horrela, komunikabide nagusienetan eta hainbat lan arloko foroetan definizio ekonomizistan erortzen dira, eta gaiari heltzeko modua korapilatzen dute. Hala bada, langileen eskubideak murriztea absentismoari aurre egiteko neurria izan daiteke. Gainera, eztabaida publikoan beste elementuak sartzen dituzte, hala nola aurrez aurreko lan absentismoa, lanean atsedenaldiak hartzea edo mentalki deskonektatuta egotea.

Nondik hartu aurre absentismoari, definizioan holako trikimailuak erabiltzen badira? Eskubideak ezin dira ukitu, edozein kasutan, handitu baizik. Arrazoi gabeko absentismoa ekiditeko lan legedia dago (zigorrak eta kaleratzeak). Geratzen zaigun tartea lan osasunari lotuta dago. Gako nagusiena lan arriskuen prebentzioan dago. Absentismoa, gaixotasun egoerarekin lotzen badugu, ez da arazoaren jatorria, ondorioa baizik. Lan gainkargak, lan erritmo sutsuagoak, langileen alienazioa sustatzen duten egiturak, laneko jazarpena naturaltzat hartzen duten enpresak, estres egoeran lan egitea normaltzat zuten lanpostuak existitzea… Horretarako lan arriskuen prebentzioa funtsezkoa da; arrisku psikosozialetan, are gehiago. Ezinbestekoa da prebentzioan langileen eta euren erakundeen parte-hartze erreal bat izatea, eta ez gaur egungo pantomima, helburua enpresek euren erantzukizuna ekiditea dena.

Parte-hartze erreal eta efektibo horren beharra mahai gainean jarri zen, absentismoari aurre egiteko tresna bezala. Agerian geratu zen enpresa munduaren jarrera: inondik ere ez. Horrela izanda, arazoa ez da absentismoa, lan eta kapitalaren arteko gatazka baizik.

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena