Sindikatuaren batzarrak pertsona batzuk izendatzen ditu egoitza irekitzeko, beste sindikatuekin harremanak mantentzeko, korrespondentzia bidali edo jasotzeko, dirua biltzeko… Zeregin hauek betetzeko ez da beharrezkoa asanblada biltzea. Pertsona hauek sindikatuaren batzordea osatzen dute. CNTren batzordeak muga batzuk ditu buruzagi talde ez bihurtzeko.
Sindikatua langileen elkartea da eta bere helburua bizitzaren hobekuntzak lortzea da, bai materialak, bai kulturalak. Langilea izanez gero (lanean, langabezian edo jubilatua) eta pentsatzen baldin baduzu bizitzak, merezi duzun dena ematen ez badizu, edo zure lantokian pertsona moduan ezin baduzu garatu, zure ekintzarako lekua, sindikatua da.
Bartzelonan, 1910an, ideia sozialdemokratekin loturik ez zeuden langile-elkarteek sortua, CNTk anarkosindikalismoaren oinarriei irmo eusten die eta, estatuan, Lehenengo Internazionalaren izaeraren oinordeko bakarra da.
CNT, gaur egun, estatu espainiarrean, norabide politikoen menpekotasunik gabe mantentzen den sindikatu bakarra da; erabakiak hartzen dituztenak, afiliatuak dira eta ez sindikalismoaren profesionalak, Estatuaren eta patronalaren finantziaziorik gabe bere independentzia ekonomia gordetzeko, eta negoziazioak bitartekoen eskuetan uzten ez dituena.
Sekzio sindikal baten bitartez, hau da, enpresa zehatz batean dauden CNTko afiliatu guztiak. Enpresak errepresioa erabiltzen badu, sekzioak klandestinitatean lan egiten du. Indarrean dagoen legedia betetzen badu, sekzio sindikalak egun-argitan jokatzen du.
CNTko sekzio guztiek asanbladen bidez funtzionatzen dute. Asanbladak ordezkari bat hautatzen du eta hau, enpresan dauden afiliatuen bozeramailea da. Bozeramaileak bakarrik egiten du sekzio sindikalaren asanbladak esaten duena.
Edozein langile, ideia politikoez edo sinesmen erlijiosoez aparte, sindikatuan afiliatuta egon daiteke. Bakarrik geure printzipioak eta asanbladetan hartzen diren erabakiak onartu behar ditu. CNT elkarte burujabea da edozein motatako langile batzeko. Burujabetasun hori mantentzeko, alderdi politikoetako kideek edo elkarte erlijiosokoek ezin dituzte karguak izan edo propaganda egin sindikatuan.
Ordea, langileak ez direnek CNTn ez daukate lekurik: enpresarioak, errentalariak, jauntxoak, exekutiboak eta goi-mailako zuzendariak, administrazioaren lan egiten duten kargu politikoak… CNTn ere ezin dira izan poliziak eta kargu errepresiboak dituzten pertsonak.
Azkenik, koherentziaz, militantzia bikoitza ez dugu onartzen.
Bere afiliatuen asanbladaren bitartez. Asanblada deitzen den bakoitzean, afiliatuek eguneko ordena eztabaidatzen dute eta erabakiak hartzen dituzte. Batzarren artean ez dago zuzendaritzarik erabakiak hartzeko. Botere betearazlerik gabeko batzordea besterik ez daukagu.
Langileak sindikatuetan biltzen dira; hauek, esparru lokalean, herrialdetan eta esparru nazionalean, CNTn federatzen dira, eta hau, mundu osoko sindikatuekin, Langileen Nazioarteko Elkartean (LNE) biltzen da, Lehenengo Internazionala, anarkosindikalismoaren nazioarteko elkartea. Nazioarteko esparruan elkarmenpekoak garelako. Neoliberalismoaren globalizazioari aurre egiteko, gure erantzuna, internazionalismo proletarioa.
EZ hauteskunderik, EZ liberaturik, EZ eta diru-laguntzarik ere. Ez dugu enpresak ordaindutako profesionalik nahi. Ez dugu tartekaririk nahi. Geure baliabideak baino ez ditugu nahi, geuk ordaintzen dugunetik ateratakoak eta geure borondate kolektibotik ateratakoak. Hara zergatik.
Legeak dio, sindikatu batek ordezkaritza izan dezan, hauteskunde sindikaletara aurkeztu beharra duela, eta bertan aukeratuko direla ordezkari sindikalak eta enpresa batzordeak. CNTk ez du hauteskunde horietan parte hartzen eta bere boikota adierazten du hurrengo arrazoiengatik:
Epresa txiki batean bazaude edota lan ezegonkor bat baduzu, ezin izango duzu parte hartu ere. Langilegoaren gutxiengo batek baino ez du hauteskunde sindikalen aukera.
Hauteskundeen bidez, zeure ordezkariei erabakitzeko aukera emango diezu. Zure izenean sinatu edo negoziatzeko boterea eta beraien borondatea inposatzekoaukera ere bai. Gainera 4 urtez zure kontroletik kanpo geratuko dira. Ordea, beren sidikatuetako buruen menpe egongo dira.
Hauteskundeen bidez, sindikatuek, liberatuak eta diru-Laguntzak lortzen dituzte, beraien biziraupenerako beharrezkoak diren liberatuak eta diru-laguntzak. Berez, diru kontu bat baino ez da.
Liberatu sindikalek gero eta zerikusi gutxiago dute langilegoarekin, profesionalizaziora joko dute eta beraien pribilejioak mantentzea baino ez zaie interesatuko. Beraien interesak mantenduko diutuzte ez zureak.
Behin ordezkaritza lortuta, behin liberatuak, dirulaguntzak eta eragin apur bat lortuta, ez zara beraien interesekoa izango, hauteskunde programak ahaztu egingo dira eta hobe burumakur eta isilik ibiltzea, horrela agian faboreren bat lortuko duzu eta (faboreren bat eta ez zure eskubideen errespetua). Zure botoa eta arazorik eman ez dezazun besterik ez dute nahi.
Hauteskunde sindikalek eta enpresa batzordeek, enpresei eta administrazioari egiten diote onura, beraiek baitira ordaintzen dituztenak (bai hauteskunde sindikalak eta bai enpresa batzordeak). Hauteskunde sindikalen bidez (Franco garaiko sindikatu bertikaletik datozenak berauek), enpresek eta administrazioek, bitartekariak lortuko dituzte, langileekin zuzenean hitz egin behar ez izateko. Bitartekari horiek, langileak burumakur eta desmobilizatuta mantentzea dute helburu. Beraien (bitartekarien) egoera mantentzearen lehen interesatuak dira, zuzenean baitira liberazioen eta dirulaguntzen zordun.
Eta negoziatzen dugunean zeintzu dira gure oinarriak? Gutxieneko aldarrikapen batzuk baditugu. Aldarrikapen horiek gatazka guztietara eramaten ditugu. Esate baterako: Soldata igoera linealak nahi ditugu, soldata baxuenei onura ekar diezaieten; igoerak, oinarrizko soldataren gainean egin daitezen nahi dugu eta ez osagarrien gainean; Ez dugu ordu estrarik zein somarik egiten; gure lanpostuetatik urruntzen gaituzten lan sistema berrien kontra gaude: balio aniztasunaren kontra, eta funtzio eta geografia mugikortasunaren kontra ere bai; enpresetara lotzen gaituzten kateen apurketaren alde gaude, lan-orduak murriztuz, oporrak eta aisialdia gehituz, eta erretiroa 55 urtetara aurreratuz; sindikatuak langileek produzitzen dutena kontrola dezan saiatzen gara, horrela, sindikatuaren bermea ukatuko diogu, bai produktu kaltegarriari zein kalitate gutxikoari; langileek, langileen asanbladak eta sekzio sindikalak negoziaketa eskubidea izan dezaten bultzatzen dugu; benetako askatasun sindikala nahi dugu; sindikatuek diru-laguntzarik izan ez dezaten, eta enpresa barruan sindikalgintza inolako eragozpen eta mugarik gabe egin dadin eskatzen dugu…
Ez gara lan arloan soilik aritzen, jendartekoa ere gure bizitzaren parte baita: gizon ete emakumeen arteko berdintasun osoaren alde gaude; planetarentzako kaltegarria ez den garapen ekonomikoa nahi dugu, baliabideak agortzen ez dituen garapena eta ekologia bultzatuz; antimilitaristak gara gerra justurik ez dagoelako, gerra guztiek mina eta heriotza ekartzen diotelako ahulari eta boteretsua aberasten; Arraza, itxura, eta generoan oinarritutako diskriminazioa baztertzen dugu; Abertzaletasun haundi eta txikien kontra gaude, askotan aberri eta nazioaren izenean, langileak euren artean borrokatzera eraman dituztelako; lehenengo delitua eta gero gaizkilea sortzen duen sistema baten erruz, hirurogei mila preso pilatzen ez diren herrialde bat nahi dugu; Hezkuntza libertario baten alde egiten dugu zeinean umeak lehiakortasunetik eta konsumismotik urrun heziko diren; Manipulazio eta sineskeria erlijiosoen kontra gaude; Askatusuna Berdintasuna eta Elkartasunaren alde dagigu kementsu.
Arrakasta lortu izan dugu, besteek, ehunka mila euro dituzten sindikatu eta abokatuek, lortu izan ez dutenetan. Hori gertatu izan da, ez garelako legezkotasunean oinarritu, baizik eta justizian, hau da bidezkotasunari begiratu izan diogu. CNTk heldutako edozein arazori ez dio utziko, onargarria den akordio bat lortu arte, epaileek arrazoia eman zein ez. Gure indarra ahitu arte ez dugu etsiko, eta pasa beharko da denbora horretarako. Liberatuen soldatarik ordaindu behar ez dugunez, gure baliabide guztiak, ekintza sindikalera bidera ditzakegu. Horri esker, gurea bezalako sindikatu ekonomikoki ez hain haundia, diru gehiago dauka aldarrikapenetan gastatzeko. Ekonomia ezkutuan, prekarietatearen munduan, enpresa txiki ertain eta haundietan, multinazionaletan, eta administrazio publikoan gure ekintza sindikalak, bere eraginkortasuna erakutsi izan du. ASTILLEROS, FERROVIAL, CLECE, AVE, CODEX, eta ehunka epresa gehiago behartu izan ditugu, negoziatzera eta langile elkartuen bultzadari amore ematera.
CNTren taktika, ekintza zuzena da. Honek esan nahi du gatazken konponbideak inplikatuta daudenek lortu behar dituztela, bitartekorik gabe. Modu honetan, aritzen ikasten dugu eta, horrela, erantzukizunak onartzen ditugu. Anarkosindikalista izateak erabakiak hartzea esan nahi du, eta erabakitzea oso zaila da: arazoak izatea da. Akordio bat lortu eta gero, praktikan ipintzean, enpresarioek ipintzen dituzten oztopoak topatuko dituzu. Haien helburua zuk gehiago lan egitea eta gutxiago kobratzea da. Zure interesak eta haienak, kontrakoak dira. Zuk gutxiago lan egin nahi duzu, hobeto bizi nahi duzu, eta horrek beraien planen aurka jotzen du.
CNTren printzipioak sindikalismo iraultzailearen ideietan oinarritzen dira:
a) Autogestioa: Inplikatu daudenak, horiek dira erabaki behar dutenak. Zugatik inork ez badu egiten lan, zugatik inork ez du erabaki behar. Horregatik asanblearioak gara; horregatik, afiliatuen asanbladak, beti, erabakitzen du.
b) Federalismoa: CNTko sindikatu bakoitzak autonomia dauka bere esparruan aritzeko, aldi berean, beste sindikatuekin konfederazioan biltzen dira elkarrekin jokatzeko.
c) Elkartasuna eta elkarren arteko babesa: CNTko sindikatu guztiek elkartasun ituna daukate: batek erasoren bat jasaten badu, guztiek erantzuten dute. Gauza bera gertatzen da sindikatu bakoitzeko afiliatuen artean.