24/11/2018

Prekarioen errealitateak

Escrito por Endika A. Amundarain

Agintariek estatistika zerbitzuek eskaintzen dituzten datuak era baikorrean irakurri dituzte. Bai langabezia, bi digituetako zenbakia atzean utzi baitu, baita hazkunde ekonomikoa, nahiz eta joera beherakorra den. Nire lanbideko hainbat kideren analisia antzekoa da, krisia atzean utzi dugula, kontratazioa gora egin duela, enplegua arin lor daitekeela. Baina, nire iritziz, krisiak gizartean egin duen haustura oso handia eta larria da.

Gizartearen zati hazkor bat oinarrizko eskubide sozialik gabe geratzen ari da, azken hamar urteetan pairatutako Errezesio Handia dela eta. Enplegua eta familia bateragarri egiteko politiken artean, lan jardunaldi murriztapena dago; baina lan merkatuan emandako aldaketak direla eta, egia esan, langile askok ez dute eskubide hori bermaturik: behin-behineko kontratu prekarioak lotzen dituen emakume batek badaki bere eskubidea eskatzerakoan, ez diotela kontraturik berrituko. Haurra izatea buruan badu, enplegua galtzeko arriskua handia da.

Demagun emakume horrek etxebizitza bat alokatu nahi duela, bankuek noski, ez diote hipotekarik salduko eta. Gero eta sarriagoa da berme bat eskatzea eta merkatu librean dauden etxebizitzen prezioa urtez urte puztuz joan da. Lan prekarioek, soldata baxukoak eta behin-behinekotasun handikoak, ez dute gurasoen etxetik ateratzea errazten.

Elikagai ekologiko eta arropa etikoa kontsumitzea nahi izango du. Baina enplegu prekario hauekin, soilik txatar-sasi-elikagaiak edo pestizidez kutsatutakoak izango ditu eskuragarri; Asiako langileak zapaltzen dituzten multinazional baten arropa merkea erosiko du, beren soldatarekin ezinezkoa izango baitzaio etikoa erostea.

Sarritan, ingurua bakoitzaren errealitatetik azaldu ohi dugu. Honen adibide bat da ezagutzen dugun kasu konkretu batetik orokortasuna dela pentsatzea, estrapolazio falazia. Lehenago aipatu ditudan lanbide-kideek ez dute horrelakorik ikusten, errealitatea euren bizi mailatik azaltzen dutelako. Baina antzeko joerak ikusi ditut enplegu egonkorra dutenen aldetik (sarritan, pertsona helduak). Ez dute ulertzen zergatik jaiotza tasa hain baxua den, legean lortutako aurrerapenekin; ez dute ulertzen nola askok gurasoen etxetik atera ez diren; ez dute ulertzen nola ez duten organikorik kontsumitzen, bakarrik apur bat garestiagoa baita.

Ez dute ulertzen prekarietatea bizitzaren atal guztiak zeharkatzen dituela, bizitza duin bat bizitzeko aukera galaraziz. Horregatik, gizarte kapitalista honetan enplegua hobetzea beharrezko baldintza da. Enplegu egonkorra baduzu, ez ezazu prekarietatea txikikeria balitz legez hartu.

Argia aldizkarian argitaratua.