06/11/2016

Prekarioak, antolatuak

Escrito por Endika Alabort Amundarain

Sindikalismoa XX. mendeko gauza zela zioten akademiko, politiko eta enpresari askok. Indibidualismoa zela nahi eta nahizko bidea modernitate "likido" honetan. Industria eraitsi zituzten eta, horrekin, urdinez jantzitako gizona den langilearen estereotipoa ere. Honen trukean, zerbitzu sektorea hedatu dute: enpresen esternalizazioa eta kontsumoa eta kontsumismoaren inguruko jardueretan, batez ere.

Egoera berri honetan, langileen arteko elkartasuna eraisten saiatu dira. Eta lortzekotan izan dira, bazirudien langileon artean hozkeria nagusi zela. Bakoitzak bere arazoak lepoan hartzen zituela, eta kitto. Askotan, lantokietako lan harremanak horrelakoak dira eta muzinkeri hori salatzea da sindikalisten urreneko pausua.

Baina, zenbaitetan langile-kontzientziaren zeozer geratu ohi da, aztarna bat, bizirik irauteko beharrezkoa dena. Langileak baikarelako, nahiz eta posmodernoek prekariado moduan izendatzen gaituzten. Eta, poliki poliki, borrokak bistaratzen dira. Ostalaritzan, Ercillako langileak; esku-hartze sozialean, EDEko langileak, adibidez; baina baita ere Telefonikaren azpikontratetako langileak; Bilboko museoen langileak ere hor ditugu. Hamaika borroka gehiago martxan daude, guztiak komunean dute ezaugarri bat: antolakuntza sindikala.

Zerbitzuen sektoretako garai honetan, antzinakoa zena, zaharra, sindikatua,erakutsi du erabilgarria dela. Beharrezkoa ere. Lantegi bereko langileak elkarren artean harremanak estutzeko; elkarrekiko helburuei buruz eztabaidatzeko. Baina baita ere beste langileen borrokekin bat egiteko.

Geuk, langileok, geure etorkizunaren jabe izateko, antolatzen jarraitu behar dugu, arlo sindikalean geure prestakuntza maila handituz. Gure burua defendatzeko, antolakuntza behar dugulako, sindikatua behar dugulako.