10/05/2013

Langileon borroka eta greba orokorra, irtenbide bakarrak

Escrito por Endika Alabort Amundarain

Maiatzaren lehena igarota, dugun hurrengo mugarria greba orokorra da. Manifestazioak jendetsuak izan dira, borroka izaerako eguna aldarrikatuz. 1886 urteko maiatzaren lehenean 8 orduko lanaldia eskuratzeko, erabat arrakastatsua izandako greba orokorra egin zuen Amerikako Estatu Batuetako langileriak. Baina kapitalak eta beren eskuin eskua dena, gobernua, honen aurka egin zuten, 6 langile anarkista hiltzen eta beste 3 gartzeleratzen. 1889 urtetik aurrera aldarrikapen egun bezala ospatzen da. Aipatzearren, 1938 arte ez zen lortu 8 orduko lanaldia AEBn.

Gaur egun hartu den norabidea lanaldia handitzearena da, sen onaren aurka doana. Administrazioaren jarrera erabat lotsagarria da: lanpostuak sortu nahi dituela dio, baina enpleguaren kontrako politikak aplikatzen ditu. Ez zaie kalitatezko enplegua eta langabezia axola, euren helburu bakarrak pribatizazioen bitartez beraien lagun eta senideen negozioa loditzea eta patronalaren proposamen guztiei baiezkoa ematea, haien arteko harremanak estu-estuak baitira. Horrela uler daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan ordutegi hazkunde hau, '90ko hamarkadaren amaieran grebaren bitartez lortutako 35 orduko lanaldia alde batera utziz. Estimazioen arabera, EAEko administrazioaren lanaldi luzapen berriaren ondorioz 9.000 lanpostu galduko dira. Badirudi Nafarroako Foru Aldundian momentuz berdin mantenduko dela. Beste erakunde publikoetan, egoera antzekoa da. Adibidez, Euskal Herriko Unibertsitatean, datorren ikasturtean martxan jarriko den irakaskuntza-plan berrian horrelako neurria aurreikusten da. Hau bai dela etorkizunaren aldeko apustua!

Sektore pribatuan egoera are larriagoa da. Kaleratze masiboak egunean ematen dira, nahiz eta enpresek irabaziak izan. Lanean geratzen direnek, kaleratuen eta euren lana egin behar dute, soldata bera edo murritzako baten ordez. Egunean enpresek eskatzen duten orduak egiten. Langabeziaren diziplina boterea erabat izugarria da, gurean ia 240.000 langabetu ditugunean.

Askok egoera honi krisia deitzen diote. Baina izen bat du: klase borroka. AEBn, Depresio Handiko garaian onartu zen 8 orduko lan-jardunaldia, enplegua zutenen lanaldia murriztuz, enplegua sortuz eta aberastasuna banatzeko. Noski, holako neurri barik, iraultza soziala emateko probabilitateak oso handiak ziren: klase borroka gogorrean, langileria prest zegoen gogorki erantzuteko. Langabezia azaltzeko bide bat ziklo ekonomikoen bitartez azal daiteke, baina sistema ekonomikoak, kapitalismoak, da langabezia sortzen duena. Batzuentzat “garai onak” zirenean, Estatu espainolean bi milioi langabetu zeuden, Karl Marxek erreserba-armada industriala izendatzen zuena. Teknologiak ere langabezia areagotzen du, lan produktibitateak handitzea lan eskuaren kaleratzea dakar, sistema ekonomiko kapitalistaren helburua irabaziak handitzea delako eta ez gizartearen ongizatea areagotzea. Are gehiago, sistemaren ekonomilariek enplegu beteaz hitz egiterakoan, %4 eta %8 arteko langabezi tasa onartzen dute egoera horretan.

Lan jardunaldiaren murrizketa arazoari aurre egiteko aurrerapauso bat da. Proposamenak hor daude:  1980ko hamarkadan eguneko 4 orduko lanaldiak, 1990koan, aldiz, asteko 35 orduak aldarrikatu ziren, gure administrazio publikoetan aplikatu dena aurten arte. Azken aldian bogan jarri dena New Economics Foundationek egindakoa da, 21 orduko lan astea sostengatzen duena, hainbat arazo ekonomiko, sozial eta ekologiko gainditzeko bidea erraztuz: langabezi eta lanaldi amaiezinen paradoxa, gainkontsumoaren arazoa, berotegi efektua sortzen duten gas emisio neurrigabeak kontrolatzea, ongizate gabeziari aurre egiteko proposamenak… Klima aldaketaren erronkari aurre egiteko indar handiko aldaketa litzateke, natur baliabideak babestuz. Gure bizitzaren erritmoa eraldatuko luke, gizatiarragoa eginez. Produkzio-ekonomia eta erreproduzio-ekonomia birbanatzea exijitzen du, zaintzen ekonomiari balorea emanez eta gizon eta emakumeen arteko lana era zuzen batean esleitzen. Etorkizuneko egoera honetara heltzeko ibilbide orria ez da erraza izango, baina egin beharreko apustua da.

Noski, neurri mota hauek ez dute sistema kapitalista irauliko. Lanaldia murriztea, bai, baina soldata? Berdin mantendu? Murriztu? Zelako proportzioan? Hor dago koska. Enpresa batzuetan soldata murriztu barik aplika daiteke, baina beste batzuetan agian ez. Kontutan hartu behar dugu lan produktibitatea, eguneko lanaldia 8 orduetatik 6ra murrizterakoan, denbora murritzago batean, proportzioz, lan kantitate gehiago egin daitekela. Kasu honetan, lanaldia %25 batean murriztu da, baina zentzugabea da soldata %25ean murriztea (gai honetan sakontzeko, langabeziaren aurkako CNTk argitaratutako dosierreko “Reducción de jornada a 30 horas semanales sin reducción salarial” artikulua irakurri).

Ezin dugu neurri hauek legebiltzarkideen ekimenaren esku utzi. Ez da administrazio publikoak bultzatuko duen neurria (lehenago ikusi dugun bezela); edo bultzatekotan, ezerezean geratzeko aukerak oso handiak izan daitezke. Herri ekimena behar beharrezkoa da, baina herri ekimen legegilearen bitartez indar asko galtzen dira proposamenaren izarea itxuragabetzeko. Bidea administrazio publikoetan eta enpresa pribatuetan indarrez inposatzean dago, hots, antolakuntza eta borrokaren bitartez.

Har dezagun maiatzaren 30reko greba orokorra dinamika honen hasiera puntu bezela. Beldur barik, baina antolatuta eta helburu zehatzak argi izanda. M30 ez da “egin beharreko” greba bat, egin behar dugun greba baizik. Helburu hauek izanda langabeziaren aurka egiteko neurri bakarra baita. Eskubideak ez baitira zerutik ezta parlamentuetatik helduko, alternatiba eskuan izanda, soilik langile mobilizazio eta borrokaren bitartez defenda eta lor daitezke. Historiak hori erakusten baitigu.

 

CNTren langabeziaren aurkako dosierra: http://cnt.es/sites/default/files/definitivo_dossier_paro.pdf