12/01/2019

Bizi osorako soldata, kapitalismoaren erakundeak apurtzeko

Escrito por Jon Bernat Zubiri eta Endika Alabort

Lau hamarkada neoliberalen ostean, eztabaida politikoaren erdian kokatu da, berriz ere, soldataren inguruko gatazka, langileen diru-sarreren beherakadari aurre egiteko mobilizazioen ondorioz. Kapitalaren epe laburrerako pilaketa mantentzeko helburuarekin, debaluazio politikak egin dira Europan, lan-balioaren eta bizi-baldintzen degradazioa ekarri dutelarik. Ugariak izan dira bide oker honen aurka agertu diren herri mugimenduak, borroka sindikalak eta noizean behineko altxamendu sozialak ere. “Ez gara merkantzia politiko eta bankeroen eskuetan”, oihukatu zuten ehunka plazetan, 2011ko maiatzaren 15ean antolatutako manifestazio eta kanpaldietan. 2018ko abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean, gutxieneko soldata 900 eurora igoko duen Dekretoa onartuko du Espainiako Gobernuak, bere konpromisoari eutsiz. Frankismoaren garaietatik lortu den igoerarik handiena izango da. 1,3 milioitik gora dira %22ko hobekuntza izango duten langileak, baina neurri honek ez du lan-ordutegietan eta bestelako baldintzetan aldaketarik ekarriko.

Bizi-baldintzekaz kezkatuta daude ere Frantziako herrietan, azken asteetako matxinadak azaleratu duenez. Macronek soldata baxuenentzako 100 euroko igoera iragarri du aste honetan, Presidentearen kargugabetzea lehentasunezko helburua duen iraultza hau baretzen saiatzeko. Euskalerriko ekonomiak baino lan produktibitate altuagoa du Frantziakoak, soldata hobeagoentzat tartea uzten duen espezializazio maila teknologikoari esker. Bai zuzenean jasotako atal netoari erreparatuz, bai kotizazio sozialak eta zeharkako zerbitzu publiko eta sozialak aztertuz, askoz sendoagoa da Pirinioetatik gorako langileen erakundetze maila, hobekuntzak gauzatu eta defendatzeko klase ahalmena.

“Soldata pixka bat gehiago, miseria gero eta larriago” esaten dute Frantziako libertario eta komunalista askok, merkantziaren erreinua errotik iraultzeko bidea (haien buruan soilik, agian) irudikatuz. Langileak kapitalari lotzeko tresna arrotza baino ez ote da soldata? Edo langileen eros ahalmenetik harago, beraien ekoizpenarekiko boterearen adierazlea da baita? Bigarren ikuspegi hori jorratzen du Bernard Friot Resseau Salariat ekimeneko kideak. Nanterre Unibertsitateko irakasle jubilatua da, eta soldataren ikuspegi erradikal askatzailea proposatzen du bere idatzi eta hitzaldietan. "Aberasteko jabetza helburu duen lanaren arau kapitalistatik askatzea" du helburu Friotek, “bere lan merkatua eta lan denboraren diktadurapean ekoiztutako merkantzien zalantzazko erabiltze-baliotik irtetzeko”. Hori da L'enjeu du salaire liburuaren sarreran azaltzen duena, besteak beste (La Dispute argitaletxea, 2012).

Ekonomialari paristarraren aburuz, soldatak askapenerako bidea irekitzen du. "Kapitalaren erakunde nagusien subertsiorako bidean, eraldaketa erabakigarrietarako tranpolina da soldata, kapitalismotik irteera bideragarria eraikitzeko aurreko mendeetako eta egungo borroken ondorioa". Egiten duen proposamenak "azken hamarkadetan gure historia kolektiboa mugatzeko balio izan duen etorkizun ezaren dogma irauli behar dugu, iruditeria hori oso hedatuta dagoen arren. Gaurko umeak gurasoek baino bizitza zailagoa izango dute, hori da garaitu behar dugun kontakizun hilgarria".

Friotek bizi osoan zehar garatutako prestakuntza (lanaren bidezko kualifikazio progresiboa) eta soldata izateko eskubide unibertsala aldarrikatzen du, langileen entitate autonomoek ahalbideratu beharreko aldaketa iraultzailea. Segurantza Soziala horrelako jauzi kolektiboa egiteko abiapuntuzko erakundea izanez, soldata eskalak laburtzea eta 18 urtetik aurrera bizi guztirako soldata ezartzea proposatzen du. Biztanle guztien lanak errekonozituko lirateke era honetan, eta inbertsioen eta sorkuntza monetarioaren herri burujabetasuna gehitu beharko genuke askapen sozial integrala gauzatzeko. "Lanaren praktika berri bat ahalbideratuko duen herritartasun berri bat ekarriko luke aldaketa honek, sufragio eskubideak demokraziari egindako ekarpena arlo ekonomikora ekarriz". Burujabetasun politiko berri hori lortu eta gauzatzeko borrokatu behar dugula gogoratzen digu Friotek, "azken hiru hamarkadetako erreformen aurkariek formulatu dituzten proposamenak eztabaidatuz, elkarrekin irabaztea lortu ahal izateko".

Liburuaren ondorioetan azpimarratzen duenez, aldarrikapen sorta hau azken mende eta hamarkadetako borroken ondare bat da. Garai ilunak bizi arren, Europako langile guztien esku dagoen ondarea da, eta kapitalismotik harago joateko erabilgarria da baita ere. Horregatik Friotek “enpresa publikoetan ibilbide eta prestakuntza garapena antolatzeko sindikalisten irudimena” eskertzen du, energia, garraio eta banka adar publikoetan bereziki. Era berean “basamortu sindikaletan soldatapeko langileak defendatu duten anonimoei” eskertzen die baita ere beraien ekarpena, “lan indarraren egoera ilun eta etorkizun ezatik ihes egiteko eskubideak irabazteagatik”. Orain daukagunaren norabide eta sakontasuna eraldatzeko unea heldu duela uste du Friotek. “Erretreten aldeko borroka bizi osorako soldatarena da. Enplegutik kanpo egindako lanak onartu eta erabaki estrategikoetan langileak parte hartu”. “Arazo demografikoa lana eta enplegua nahasten dutenena da, etengabeko soldatarekin gainditzen dena.”

Lana eta soldatatik harago, gutxi batzuen jabetza lukratiboarekin amaitzeko aldarria egiten du Friotek, Ballast aldizkariak egindako elkarrizketan, "gehiengoarentzako enpleguaren eta zorraren bidezko xantaia bikoitza ekartzen duen diktadura bat delako". Era honetan, kapitalismoaren etekinak lortzeko beharrak dena usurpatzen du, batez ere lan dezberdinei balioa eman edo ez ematearen aldebakarreko erabakiarekin. Horrela, "langabetu batek lan egiten ez duela esaten duenean, edo jubilatu batek lan egiteari utzi diola dionean, egiten dutenak erabilgarria izan arren baliorik ez duela onesten dute, erlijio kapitalistari atxikimendua adieraziz". Merkantziaren kaiola horretatik irteteko, Friotek proposatzen duen "bizi guztirako soldataren orokortzea, ekoizpen kapitalista alde batera uzteko dimentsio bat da, arlo makroekonomikoan beste balio- eta lan-praktika ezartzea ekarriko duena".

Kotizazio ekonomikoak eta soldataren sozializazioak bermatu behar dute formakuntzaren onarpena, lan ahalmenari lotutako ibilbidea izateko eskubidea herritar guztiei bermatuz. Egun iraultza baten atarian egon daitekeen Frantziatik etorri den proposamen hau demokrazia industriala eraikitzeko ekarpen inportantea dela uste dugu, beste batzuekin bat iparrorratz teoriko eta programatikoa osatzeko erabilgarria.