24/11/2018

Langileek sortzen duten aberastasunaren ia %40 enpresarien poltsikora doa

Escrito por Jon Bernat Zubiri & Endika A. Amundarain

Okrestra Euskal Lehiakortasun Institutuak, Deusto Fundazioari lotuta dagoena, Euskal Autonomia erkidegoko 2018ko lehiakortasun txostena atera du. 50 adierazle baino gehiago aztertzen ditu, erreferentziazko beste eskualdeekin alderatuz.

Txostena 2011z geroztik argitaratzen da eta lau maila zehazten ditu: pertsonen ongizateari loturikoak, lurralde lehiakortasunaren azken emaitzak deiturikoak; bitarteko emaitzen adierazleak, aurreko emaitzak lortzeko garrantzitsuak direnak; lehiakortasuna baldintzatzen dutenak eta bukatzeko, oinarriak edo lurraldearen ezaugarriak.

Enplegua eta langabezia

Txostenak langabezia tasa murriztu dela baieztatu du, baina Europako eta erreferentziako eskualdeetako batezbestekoa baino handiagoa dela adieraziz: Espainiar Estatuko estatistiken aldean datuak beti hobeak izan dira; aldiz, Europako sailkapenean kokapen kaskarragoan dago. Gazteen langabeziaren aldea handia da, 10,85 puntukoa: EAEn %27,3koa da eta EBko bataz bestekoa, %16,45.

Enplegu tasa behar egiteko garaian (16-64 urte artean) dauden landun pertsonen proportzioa da. Enplegu tasaren inguruan, erreferentzia eskualdeen eta EAEn arteko aldea 5,28 puntukoa da (EAEn %65,4 eta erreferentzia eskualdeetan %69,68); emakumeen enplegu tasan dagoen aldea antzekoa da. Hots, oraindik jende ugari dago enplegatua ez dagoena baina, testuingurua aldatuta, pertsona enplegatu gehiago egon litezke; hazteko tartea dago.

Txosten honen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa antzekoak diren eskualdeekin alderatuz, langabezia egoera okerragoa du eta enpresariek plusbalio handiago eskuratzen duten euren langileengandik

Laburbilduz, EAEk antzekoak izan daitezkeen eskualdetik urrun dago, langabezia eta enplegu tasaren aldetik. Arlo honek duen gabezia prekarietatearen neurketa da, ez baita kontutan hartzen.

Produktibitatea

Urtero patronalek diote EAEko langileak Espainiar Estatuko garestienak direla, zeozer txarra izango balitz bezala: datu hori alokairudun (soldatapeko langile) bakoitzeko lan kostua da. Noski, Alemaniarekin alderatuta, autonomia erkidegoarena murritzagoa da.

Txosten honek langile bakoitzeko produktibitatea aipatzen du. Datu hau jakitea garrantzitsua da, ba enpresarientzat langile batek kostu bat suposatzen du, baina baita ere aberastasuna sortzen du, eta enpresariak aberastasun hori lapurtzen dio, gainbalioa deritzona. Orkestrak argi uzten du EAEko langile bakoitzak, bataz bestez 65.700 € sortzen dituela, beren kostua 39.500 eurokoa izanik. Euskal enpresarientzat langile bakoitzaren kostua langile horrek sortzen duen aberastasunaren %60,1 da. Alemaniarekin alderatuta, langileek lan kostu txikiagoa suposatzen dute eta produktibitatea handiagoa da, bertoko enpresariek gainbalio handiagoa poltsikoratuz.

Alokairudun (soldatapeko langile) bakoitzeko Lan Kostua, Produktibitatea eta Unitateko Lan Kostua (2017)

Iturria: Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasuna txostena. Orkestra, 2018

Txostenak beste elementu bat mahaiaren gainean jartzen du: Herrialdeak alderatuz badirudi manufakturazko industrian EAEren manufakturako industriaren unitateko lan kostuen egoera okerragoa dela, taulan adierazten den bezala; baina antzekoak diren eskualdeen aurrean, unitate lan kostu txikiagoa du. Hortik ondoriozta dezakegu sektore multzo honen egoera ez dela hainbatek dioten moduan, erabat txarra.

Beste elementuak

Laburpen honetan lanaren ekonomiarekin harreman zuzena duten puntuak aztertu ditugu, baina txostena askoz sakonagoa da.

EAEren egoera bitarteko emaitzen adierazleetan

Iturria: Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasuna txostena. Orkestra, 2018

Berrikuntza, esportazioak, enpresen portaera... aztertzen diren beste elementuak dira. Datu anitz ditu, Europar Batasuneko eta antzekoak izan daitezkeen eskualdetakoak ere kontutan hartuz, analisi interesgarria izan daitekeena.

Hala ere, gabezien artean nabariena da Euskal Herri mailako daturik ez ditugu, ez era agregatu batean ezta desagregatuan (Nafarroa, Euskal Herri Kontinentala eta EAE). Eta bestetik, prekarietatea ez da erabat aztertzen.

Agenda

Sin eventos

Lo más leído