24/11/2018

Pentsiodun eta alargunen aurkako erasoa, demografikoa baino politikoa den arazoa

Escrito por Jon Bernat Zubiri Rey

Urteak daramatzate pentsionista eta alargunek euren bizi-baldintzen aurkako eraso larriak jasaten. Azken hilabeteotako mobilizazioak azaleratu dutenez, usteltze progresiboa garatu da azken urteetan, Gizarte-Segurantzaren etorkizuna bera ere kolokan jarriz. Pentsio sistema publikoa etengabeko murrizketen bidez ahultzen dute, iraunkor eta bideragarria ez delaren mantra erabiliz. Pentsio pribatuak bultzatzeko helburuarekin, aitzakia demografikoa erabiltzen dute agintariek, zahartzen doan gizarte honetan beldurraren egoera hedatuz. Zein da arazoaren jatorria, soilik demografikoa edo lan baldintzak kaskartzearen ondorio zuzena da? Eta, kaskartze horrek ez al du zerikusirik ume jaio berrien eskasiarekin?

Kotizaziopeko pentsioen finantzaketa, kotizazioen menpe geratu zen 1995ean. Ez kontributiboak Gobernuaren aurrekontu orokorretatik ordaintzen dira, ordea. Biztanleriaren adina, nagusien biziraupena eta jarduera tasa dira aldagai erabakigarriak? Ezta pentsatu ere. Bi faktore nagusi daude pentsio sistemaren “krisia” deritzoten hori azaltzeko:

Lehenengoa, kotizazio gutxiago eta apalagoak daude sistemaren diru-sarreren aldean. Azken hamarkadotan, lan mundura heltzen joan diren belaunaldien artean ohikoagoak izan dira zailtasunak. Soldaten kaskartze orokorra, emakume aktibo berrien partzialitatea eta lan-baldintza eskasak, soldata oneko sektore maskulinizatuen gainbehera, kontratuen behin behinekotasunak sortzen dituen etengabeko intermitentzia epeak eta langabezi tasa altuen normalizazioa dira enpleguaren krisiaren osagai nagusiak. Kotizazioen bidezko ekarpenak gero eta baxuagoak izateak pentsio sistemaren finantzazio arazoa sortu du.

Adinekoen kopurua eta biziraupena baino, azken urteotan sartzen direnen eskubide hobeagoetan dugu arazoaren bigarren faktore nagusia. Sistemak araututako ordainketei aurre egin behar die, eta erretretadun berriei bizi osoko ekarpenen ordainak zor dizkie Gizarte-Segurantzak. Azken urteotan sartu diren pentsiodun gehienak bizitza osoan egon dira etengabe lanean, eta horrek sistemaren beharren maila igotzeko joera indartuko du hurrengo urteetan.

Bi faktore horien ondorioz, Pentsioen Erreserba Funtsa Gabonetako ordainsaria ematerakoan agortuko da. Eta zer? Berez, gure pentsio eredu publikoa urtez urteko banaketa sistema baino ez da, langileen arteko elkartasun tresna, soldataren zati bat sozializatzeko joera, langile borrokaren bidez lortu izan zena. Ez dugu zertan funtsa bat izan behar. Diru-sarrerak —langileriaren errentak, azken finean— gai izaten badira pentsiodun eta alargunen eskubideak bermatzeko, voilà!, arazoa konponduta. Espainiako pentsio sistemak urtez urteko 15.000 milioi € inguruko defizita du. Hor bai dagoela, bai, arazoa.

Erretretadunen artean, gainera, hiltzen diren jubilatuek kotizazio oinarri baxuagoak izan zituzten landun izan ziren garaian. Pentsio baxuagoak dituzte orain, ondorioz. Arazoa ez da hainbeste bizirautea, sarritan inplizituki ulertarazten zaigun moduan. Bataz beste 657€ jasotzen duten 2,1 milioi emakume alargunen artean —178.000 gizon alargun baino ez baitaude—, adin tarte altuetan kokatzen dira asko, Gizarte Segurantza eta Enplegu Ministerioak 2017an emandako datuei erreparatuz. Hainbestetan pentsio oso baxuak dituzte, eta sistemaren iraunkortasunarekin lotura gutxi dutela ondorioztatu daiteke. Pentsio sisteman alta ematen dutenek dira, ordea, oinarri altuagoak izan dituztenak, eta honi gehitu behar zaio, ezin da ukatu ezta, baby-boom belaunaldikoak heltzen daudela erretreta adinetara, eta hori ere bai kontutan hartzeko faktorea dela.

Milioika pentsiodun eta alargun txiroei ehun edo berrehun euroko murrizketak inposatzen konponduko al dugu arazoa? Ez. Jada aipatu dugun moduan, egungo enplegu, ekoizpen eta errenta banaketa ereduak dira arazoaren iturria, eta ez dute pentsio sistema duin bat bermatzeko inolako aukerarik, ezta beste erronka sozialei erantzuteko gaitasunik ere. Arazoa ez da pentsio sistema iraunkorra ez izatea. Aldiz, arazoa honako hau da: gure eredu ekonomiko kapitalista eta patriarkal honek errotik ezin duela bermatu, ezta gaur egun ezta etorkizunean ere ez, langileen bizi osorako lasaitasun materiala, adin batekin lanari uzteko eskubidea barne. Arazoa ez da, orduan, pentsio sistemaren gastuaren urtez urteko aldakuntzak goranzko joera izatea —%8 inguru 2010. urtea arte, eta %2 hortik aurrera—, baizik eta diru-sarrerak bermatzeko zer nolako politikak egin beharko diren; bizi baldintza duinak denontzat bermatzeko, azken urteotan egindakoen guztiz kontrakoak izan beharko direnak, jakina.

Agenda

Sin eventos

Últimas novedades