15/10/2015

Burgesiak ez du beldurrik eroso bizi delako

Escrito por Endika Alabort Amundarain

Gipuzkoako patronalen capo di tutti capi, Gibelaldek, harroputza dela erakutsi du (ezer berria), menderaezinak direla uste baitute. Euskal Herriko klase-borrokan, ADEGIko lehendakariak esandakoa kapitalisten ofentsiba gogorra agerian uzten du.

Adierazpen hauek ongizatea hautatutako elite batentzat soilik izan behar dela erakusten dute. Langileek ez dugu pribilegio hau merezi, gure aukeren gainetik bizi baikara, ezta Gibelalde?

Arazoa ez da ekintzaile gutxi ala asko dauden. Proiektu ekonomiko eta sozial autogestionatuek ekintzaileak dira, baina ez dute zertan eredu kapitalista jarraitu behar, ez da Gibelaldek nahi duen ekintzailetasuna. Arazoa da nork bereganatzen duen gure herrian sortutako aberastasuna. Hau argi dugu: enpresariek langileek sortutako aberastasuna bereganatzen dute; Gibelalde jauna, bizkarroi bat gehiago zara.

Etorkizun laburrean gure lan egoera ez da batere hobetuko, ez dira kalitatezko lanpostuak sortuko. Saldutako maula garestia izan da krisia, lanpostuak eta soldatak murrizteko aitzaki ederra. Gainera, enpresek langile gutxiagorekin, esplotazio eta prekarietate gehiagorekin irabazi handiagoak dituzte. Horrelako negozioari ez dute uko egingo.

Aberastasuna eta lanaren banaketa behar beharrezkoak dira guztion ongizatea ziurtatzeko eta, hau lortzeko, gehien dutenei kendu beharko diegu. Hau egiteko ez dugu baimenik eskatu behar, gure eskubidea baita. Orduan bai burgesia beldurtuko dela.

Iritzi artikulua Info7 Irratian entzun daiteke: http://info7.naiz.eus/en/info_i7/20151007/burgesiak-ez-du-beldurrik-eroso-bizi-delako

Agenda

Sin eventos

Últimas novedades