21/01/22

Urtarrilak 28, greba deialdia Osakidetzan

  • Osasun zerbitzuko CNTren sail sindikalak “grebaren beharra aldarrikatu du.
  • “Hamaika arrazoi daude greba egiteko, pandemia honek argi utzi baitu zein den Osakidetzaren egoera”, salatu du erakunde anarkosindikalistak.

Urtarrilaren 28an greba deialdia dago Osakidetzan, hainbat sindikatuk deituta. CNTren sail sindikalak deialdi honekin bat egiten du. Hurrengo lerroetan egindako hausnarketa helarazten da.

Duela urte askotatik hona, Osakidetzaren etengabeko hondamenaren lekuko izaten ari gara. Eta kalteak sufritu behar ditugu oraindik ere, bai langile, bai erabiltzaile gisa ere.

Jokaera autoritarioak iraunarazi dituen sistema klientelar bat dugu bizikide, bide eman diona, besteak beste, lanpostu-esleipenaren iruzurrari, areago, giza- eta teknika baliabideen defizita edota egituren egokitasuna aintzat hartu ez dituena.

Europako batezbestekoaren parera iristen ez den inbertsioaren lekuko ere bagara. Ospitaleetara eta arreta espezializatura bideratzen da gehiena, lehen arretaren kaltetan, nahi langile kopuruari dagokionez, nahi azpiegituren aldetik. Horrek, ordea, ebakuntza, kontsulta espezializatu, eta prozedura diagnostikoetarako itxarote zerrendak laburtzeko ez du balio izan.

Osasun zentroetako langile eskasiak eta baliabide urritasunak batetik, eta lanera ez joate justifikatuak ez ordezkatzeak bestetik, lanera joandakoen zereginak ugaltzen ditu. Paziente gehiagorekin arreta masifikatu egiten da eta arreta-denbora murriztu. Batzuetan gutxienekora ez da hurbildu ere egiten. Eta lanaldiak amaigabeak izaten dira.

Egoera aldakorra bada ere zerbitzuen arabera, profesional guztien artean sumatzen da sentsazio bera: abandonatu gaituztela, gure lanarekiko inongo kontrolik ez dugula, kudeatzaileek entzuten ez digutela eta, gainera, modu guztiz lotsagarri eta bidegabean tratatzen ari zaizkigula.

Bitartean, funtsezko eta hain funtsezko ez diren zerbitzuak gero eta arinago pribatizatzen ari dira. Honen ondorioz, hainbat jokaleku sortzen dira, non, bigarren mailako langileak enplegatzen diren eta, hauek, are okerrago tratatzen dituzte azpikontratatuak izateagatik. Aldi berean, aseguru pribatuek gora egiten jarraitzen dute, osasungintza publikoa defendatzen dutenetariko zenbaitek bultzatuta.

Osasun krisia agerian uzten ari da langileek dauzkaten zailtasunak. Funtsezko bitartekoak falta izan zaizkie askotan, norberaren babeserako ekipamenduak, esaterako. Zergatia, hala ere, aurreikuspen eza bainoago, lehenagoko egoera karentziala da.

Kudeatzaileei premiatu behar zaie, euren nagikeriaren lekuan, gure osasun sistemaren egiturazko urritasunei egiazko irtenbidea emateko gauza den plangintza martxan jar dezaten. Hori da langileek eta erabiltzaileek duten bide bakarra beren beharrizanak benetan bete ditzakeen osasun sistema bat eskuratu ahal izateko.

Ez bakarrik estatu-titulartasuneko osasun sistema bat, baizik eta bene-benetan publikoa, langileei eta erabiltzaileei entzuten diena, erakunde-propagandarako besterik balio ez duten alferrikako tresnak zokoratzen dituena, azken buruan, osasun sistema bat, zeinean, bai langileok bai erabiltzaileok partaide garen kudeatzeko eta garatzeko zereginean.

Eta hori lortuko badugu, langileek mobilizatu beharra dute, baina erabiltzaileek ere bai. Oinarritik hasitako mobilizazioa nahitaezkoa da.

Izan ere, erabiltzaileok gara eraikitzaile nagusiak egiazko osasun sistema publiko horretan, denon zerbitzura dagoena, arreta ematean pertsonak lehenesten dituena, komunitatean begirada jarria, irisgarritasuna giltzarri duena, zeinean, arreta iraunkor koordinatua errealitate bete-betea den, arlo pribatuko osasungintza-hornitzaileen beharrik ez duena, zeren eta, hauek estratifikazioa eragiten baitute osasun-arretara iristeko gaitasunean, aldagai ekonomikoa dute eta irisgarritasun horren tarteko.

Aldarrikapen hauek guztioi dagozkigu. Horregatik osasungintza publikoan benetako uste sendoa duten guztiei dei egiten diegu, osasuna hartzen diren erabakien ardatz bihurtzeko borrokan konprometitu eta parte har dezaten.

Urtarrilaren 28an kalera irtengo gara alternatibarik egon badagoela sinesten dugulako oraindik.

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena