20/05/18

Aurrez aurreko klaseetara itzuleraren kronika

Egilea CNT Bilbao Irakaskuntza taldea

●     Hezkuntza Sailak itzulera programatu eta berprogramatu du hezkuntza komunitatearen iritzia haintzat hartu gabe.

●     Irakasle, langile, ikasle eta familiek egindako lan eta esfortzu handia gutxiesten ditu.

●     Itzulera antolatzeko irizpideak ez dira pedagogikoak, osasunekoak edota antolakuntzazkoak. Beste batzuk baizik.

Hezkuntza Sailak aurrez aurreko klaseetara itzultzeko proposamena egin zigun aurreko astean. Proposamen honen arabera, nolabait, premia handiagoa duten kurtsoak maiatzaren 18an itzuliko ziren eta ez hain handia dutenak 25ean. Sailkapen honetan inolako garrantzirik ez dituzten kurtsoak ez ziren ikastetxeetara itzuliko.

Esan digutenaren arabera, Hezkuntza Sailak agente ezberdinekin adostu ostean agindu horiek moldatu ditu eta 25era atzeratu ditu itzulera guztiak. Egiten ari den erridikulu erraldoia kontuan hartuta agente horiek Mortadelo eta Filemón ez ote diren galdetzen diogu gure buruari.

Erabakiak hartzeko prozesu guzti honetan moduak ez dira batere egokiak izan. Argi dago filtrazioekin eta komunikabideek atera dituzten berriekin jolasten ibili direla. Hezkuntza komunitatearen haserreari ezkutuan tenperatura hartzen joateko.

Politikariek, haserrearen tenperatura hartzen ibili beharrean, hobe lukete hezkuntza komunitateari galdetzea. Gutariko askok hezkuntzaren kalitatea hobetzeko proposamen asko ditugu, baina ez dizkigute sekula galdetuko. Pandemiarekin ala pandemiarik gabe. Ez dituzte gure proposamenak entzun nahi badakitelako zer esango diegun. Gainera, hauek aurrera eramateak hezkuntza proiektua errotik aldatzea ekarriko du, guk Euskal Eskola Publikoaren proiektuan eta honen garapenean sinesten dugulako eta haiek ez.

Hala ere, hezkuntza komunitatetik behin eta berriro botatzen ditugu gure aldarrikapenak eta hauek indar handiz defendatzen ditugu. Horrexegatik, Eusko Jaurlaritzak edozein aukera aprobetxatzen du gu mesprezatzeko. COVID-19aren itxialdian ere, gure lana etxeetan izkutatuta geratu denean aukera paregabea baliatu du gure lana gutxiesteko eta gu alfertzat hartzeko. “Lanera itzultzeko” deia entzun dugu ere.

Ez dakigu nor itzuli behar den lanera. Guk ez diogu lan egiteari utzi. Ostegun baten, bat-batean, aurrez aurreko eskolak eteteko agindu ziguten eta astelehenerako eskola birtualak prestatuta genituen. Sekula erabili ez genituen programa eta metodologiak erabiltzen ikasiz. Ordutik hona etengabeko hobekuntza malkartsuan abiatu gara egoera honetan ikasleak erarik eraginkorrenean hezteko.

Hezkuntza Komunitateak kudeatu ditu elkarri egin dizkiogun pedagogia, didaktika eta informatika ikastaro laburrak, ikasleei ordenagailuak eta interneta helarazteko bideak, edukiak eta konpetentziak lantzeko moduak, proiektuak eramateko aukerak, hurrengo ikasturteko proiektuen diseinuak, familiak erabat informatuta egoteko sistemak, etab.

Eta non egon da tarte guzti honetan Hezkuntza Saila? Laguntza eskaintzen ez, egia esan. Guk berri filtratuak, agindu nahasiak, mehatxuak eta burokrazia baino ez ditugu jaso. Ai burokrazia! Norbaitek pentsa lezake horrelako egoera batean inora ez doazen auskalo-zenbat dokumentu bete behar izan ditugula? Ba hala izan da. Hezten zentratu beharrean haien lanpostuak justifikatzen ibili gara.

Ikusten denez, Hezkuntza Komunitateaz ari garenean ez dugu Hezkuntza Saila bertan sartzen. Bertako buruzagitzak bere burua Komunitatetik kanpo kokatu duelako.

Orain, inoiz baino gehiago, agerian geratu baita autonomia ematen digutenean oztopo guztien gainetik gure lana ondo egiten dugula eta Hezkuntza Saila esku-hartzen saiatzen denean oztopoa baino ez dela.

Badakigu zer egin behar dugun, “lanera itzuli”. Baina hainbat galdera eta erantzun bururatzen zaizkigu.

Noiz? Era guztiz arbitrarioan aukeratutako datan, kurtso batzuetan ikasturtea amaitu baino egun gutxi batzuk lehenago eta oraindik kalean taldeka elkartu ezingo garenean.

Nola? Babes neurri material eta protokolo zehatzik gabe. Ikastetxeak ez daude inondik inora egoera honetara moldatuta eta Hezkuntza Sailak ez ditu agindu zehatzak eman alegiazko moldaketa horren harira. Badakigu gaixotasuna berragertzen bada nori leporatuko dioten. Filtrazioen bidez, hori bai.

Nortzuk? Irakasle eta ikasle guztiok. Arriskua dutenak kenduta. Eta arriskua dutenekin bizi direnak kenduta ere. Eta arrisku handikoak ez izan arren ez joatea erabakitzen dutenak kenduta.

Non? Klaseetan, talde txikietan. Horretarako bikoizketak egin beharko ditugu eta etxean geratu direnei eskola telematikoak eskaini, dena aldi berean. Schrödingerri galdetu.

Zergatik? Ba ez dator irizpide pedagogikoekin bat, ez dator osasun irizpideekin bat eta ez dator antolakuntza irizpideekin bat. Datorrena hauteskundeak dira, gure ikastetxeetan.

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena