18/11/25

Valle de los Caídos iraina desagerrarazi behar da


  • CNTk erakunde sindikal, sozial eta politiko guztiei dei egiten die 2019ko apirilaren 20an Valle de los Caídos-era egingo den martxan parte hartzera.
  • 2019an 60 urte beteko dira eraiki zenetik. Monumentu hau faxismoaren eta bando frankista gurtzeko erromes tokia da.

Valle de los Caídos 1940 eta 1958 artean eraiki zen, frankismo garaian, bando frankista eta Erregimenaren gorazarrerako, preso antifrankistek eraiki zutelarik. Bertan bi bandoetako 33.833 gorpu daude ehortzita, zifra hau egiazkoa baino txikiagoa dela dakigun arren.

Horiez gain, "monumentu" honetan José Antonio Primo de Rivera eta Francisco Franco ere daude. Lehenengoa Falangeren sortzailea, zeinak bere gain hartu zuen erakunde sindikal eta ezkerretako alderdietako kideen eta haien familien kontrako errepresio sistematikoa; matxinatutako tropen eta haien laguntzaile zibil zein eliza katolikoaren laguntzarekin. Bigarrena, militar kolpista, bando matxinatuaren buruzagi nagusia eta lau hamarkada amaigabetan zehar diktadorea.

Ulertezina da bere burua demokratikotzat duen herrialde batean urteetan zehar borroken ondorioz lortutako eskubideak txikitu zituztenak gurtuak izatea onartzea. Are ulertezinagoa da diktadorearen familiarekin honen lekualdatzea negoziatzea; betiere diktaduraren 40 urtetan lapurtutakoaren eta oraindik mantentzen dituzten prebendei esker hain aberatsa egin den familiaren onurarako. Hau herri aurreratuetan imajinaezina da. Alemaniak beste faxista esanguratsuen kasuan egindakoa proposatzen dugu, haien errautsak leku ezezagun batetan botatzea.

Eta Elizak, NBEren arabera Erregimenak burututako sarraskian ezinbesteko laguntzailea izan zenak, nor den argi utzi du, diktadorea Madrilgo Almudena Katedralean hilobiratzera gonbidatzen. Espero zitekeen.

Valle de los Caídos delakoak gerran zein diktaduran faxismoaren kontra borrokan hil zirenen kontrako irainaren adierazlea da. Gerra honek herriarentzat egundoko ondorioak ekarri zituen. Zibil eta borrokalariak hartuta, 500.000 hildako baino gehiago eta 450.000 pertsonatik gora erbesteratzea behartuak. Haietariko milaka kontzentrazio- eta heriotz-esparruetara deportatuak izan ziren, ehundaka mila frankismo garaian errepresaliatuak (Espainiar Estatua desagertu gehien dituen estatuen artean bigarrena da), emakume burusoildu eta bortxatuak, bizirik irauteko aukerarik gabe utziak, euren amei lapurtutako milaka ume jaioberri eta garaitutakoak umiliatzeko eta suntsitzeko beste hainbat jarduera.

Biktima haiek guztiek, emakume, gizon eta haiek izen-abizenak dituzte eta oroituak izan behar dira. Euren senideei entzun behar zaie eta haien dolua gordetzeko leku duina behar dute. Horrez gain haien borreroek epaituak eta historian merezi duten lekura kondenatuak izan behar dute; haien memoria eta krimenen gorazarrea egingo ez den lekuetatik kanpo.

Hau guztiagatik, Lanaren Konfederazio Nazionalak eskatzen du:

  • José Antonio Primo de Rivera eta Francisco Franco Bahamonderen gorpuak handik kanpora eramatea.
  • Monje beneditarren kanporatzea, hauen kontuen eta ondasunen ikuskapenarekin batera, eta Estatuak finantzatzeari uko egitea, ez han eta ez inon.
  • Valle de los Caídos-en Frankismoaren biktimen oroimenerako lekua bilakatu. Sinbologia frankista guztia desagerrarazi, gurutzea batez ere.
  • Inguru natural honen jatorrizko izena berreskuratu: "Cuelgamuros".
  • Espainiar Estatuak, eta bere barneko erakunde guztiek, 1936ko estatu kolpea eta erregimen frankista publikoki eta ondorioekin gaitzestea.
  • Valle de los Caídos-en hilobiratutako pertsona guztien dokumentazioa Estatuari, eta oro har herriari, ematea. Gaur egun monasterioko abadeak dauzka.
  • Garaitu gisa, eta bere borreroarekin batera, hobiratuak izan ziren biktima guztiak handik ateratzea.
  • Gorpuei ADN probak egitea hilketak epaitegietara eraman ahal izateko.
  • 1977ko amnistia legea indargabetu.
  • Prozesu hau guztia NBEko genozidio eta desagerpenetan adituen laguntzarekin burutzea.

Ustezko demokrazia eta utzikeri politikoan berrogei urte eman eta gero, erdizka egindako memoria historikoaren legeen eta frankistei egindako omenaldien (estatuak baimenduak batzuetan, bultzatuak bestetan) ondoren, erakunde guztiok batera lan egiteko ordua da. Oroigarri frankista hau genozidio frankistaren oroigarri bilakatzeko helburuarekin.

Ahanzturaren kontrako eta oroimenaren aldeko borroka oinarrizkoa da eskubideen eta askatasunaren alde borrokan daudenentzat. Gure esku dago frankismoak borroka hau irabazi ala galtzea. Gure senideek (CNTk hildako eta errepresaliatu guztiak hala hartzen ditu) oroituak izatea merezi dute. Gure iragana berreskuratzea hain borroka eta gurea duintasunez betetzea da.

Haien ideia eta aldarrikapenen oinordeko duinak izan gaitezen, argi eta ozen oihukatu dezagun: gerraren amaieratik 80 urte pasatu diren arren: Faxismoa ez da pasako! Gu pasatuko gara!

Oroimena, Duintasuna eta Borroka
Lanaren Konfederazio Nazionala

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena