23/05/03

Teknologia, lanaren aurka

Egilea Endika Alabort Amundarain

Endika Alabort Amundarainen artikulua, Argian argitaratua

Martxoaren amaieran, Bizkaiko kazetari ekonomiko batek Zornotzako Automotive Intelligence Centerri buruz idatzi zuen, ohiko moduan, enpresarien aldeko hautua egiten. Tira, hori ez da aipagarriena: komunikabidearen ildo editoriala da. Azpimarratzekoa dena da, deskribatzen duen lantegi esperimentalean, fabrika malguaren kontzeptua erabiltzen dela. Artikuluak bukaerako mehatxua dakar: lantegi esperimentalak ez du langilerik, ezta sindikaturik ere. Teknologia, langileen aurka.

Azken urtean teknologia eta lanaren arteko harremanaren inguruan sakontzeko aukera izan dut. Ondorioztatu dudana da bi elementu horien arteko harremana erabat konplexua dela, ikuspuntu anitzekoa, zeinean ikuspuntu historikoa nahitaezkoa den. Teknologiak bizitza erraztuko digula, lan gutxiago egingo dela, edo langileak desagerraraziko dituela, funtsik gabeko profeziak dira. Kazetari ekonomikoak egindako mehatxua ere horien artean dago.

Gainbegirada labur bat eginez, sistema ekonomiko kapitalista eta langileria agertu zirenetik, kapitala saiatu da langile klasea menperatzen, hezten, beren bizibideak ezabatuta. Langileek horri aurre egin diote. Klase borroka da. Teknologia eta lanaren arteko harremanaren edozein azalpen, hori kontutan izan gabe, alferrikakoa izango da, eskasa. Kapitalak teknologia erabili du langileek ekoizpen prozesuarekiko zuten kontrola eta ezagutza hausteko, eta gatazka horretan langileak hartutako erresistentzia estrategiak anitzak izan dira.

Posible izango da aurrerapen teknikoa energia-iturri merke eta eskuragarririk gabe? Zer gertatzen da teknologia horiek sortzeko behar diren materialekin?

Sarritan aipatzen den kasua ludditena izan da. Teknologia berrien aurkako pertsonen adibide gisa jarri izan dira, makina berrien aurka zeudenak. Ludditek bilatzen zutena zen, euren lan eta bizi baldintzak mehatxatzen zuen teknologia-sarrera baten aurrean, posizio hobea lortzea, geratzen zitzaien botere apurra defendatzen. Ez zeuden teknologiaren aurka, gakoa da bazekitela teknologia jakin batzuek nolako eragina zuten euren lanaren gainean. Azken horren aurka erantzuten zuten. Hasieran zerbait sinplea dirudiena, konplexuago egiten da. Laburbilduz, aurrerapen teknologikoen eta klase borrokaren arteko harremana korapilatsua da, eta ezin da ikuspegi bakar batera mugatu.

Hala ere, faktore batzuk analisiaren esparrutik kanpo utzi ohi dira. Posible izango da aurrerapen teknikoa energia-iturri merke eta eskuragarririk gabe? Zer gertatzen da teknologia horiek sortzeko behar diren materialekin? Eta hemen, kapitalismoaz ari gara, gaur egun ezagutzen duguna, nahiz eta berdez apaindu. Argi dago klima-aldaketa garapen kapitalistaren ondorio bat dela, eta gauzak dauden bezala, esan genezake itzulezina dela. Bestetik, material zehatzen beharrak eta horien urritasunak zalantzan jartzen dute norabide horretan jarrai ote dezakegun. Garapen teknologikoari salbazio-taula gisa heltzen zaion hazkunde ekonomikoak argitu nahi ez diren mugak ditu. Horregatik, langile eta sindikaturik gabeko lantegiaren kasuan, funtsezkoak diren baldintzak eta mugak isilean gordetzen dira.

Bizi dugun testuinguruan, gakoa da ekonomiako hainbat sektore nola birmoldatu jakitea, ez langile gabe funtzionatuko duten enpresetan pentsatzea. Ez dago konponbide teknokratiko eta teknofilo posiblerik, helburua guztiontzako irtenbide bat lortzea bada. Teknologia lanaren zerbitzura jartzeko garaia da, eta ez kapitalaren zerbitzura. Baina horrek azken deribatura garamatza: kapitalismoa historia liburuetara bidaltzea.

Agenda

Ez dago ekitaldirik