21/11/12

Sindikatuok mobilizaziora deitu dugu abenduaren 1erako, lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde

LAB, ELA, STEILAS, ESK, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuon ohar bateratua, gaur egin dugun agerraldiaren harira:


Hainbat erakundek erabaki dugu aldarri multzo bat osatu eta horiek lortzeko mobilizazio bateratuari ekitea. Bat gatoz garrantzi handiko unea dugula hau. Europar funtsak Damoklesen ezpata bilakatzen ari dira, eta hori inola ere ezin dugu onartu. Hasieratik argi geratu zen funtsen truke galdegingo zizkigutela doikuntza sozialeko neurriak eta austeritatezko aurrekontu-politikak. Urte bukaerarako hartu nahi dituzten erabakien araberakoak izango dira etorkizuneko gure bizi- eta lan-baldintzak. Lan erreforma eta pentsioen erreforma ezinbesteko baldintza dira beltzez jantzitako gizon berriek argi berdea eman diezaioten espainiar Estaturako funtsen transferentziaren bigarren zatiari. Eta ez batean, ez bestean, inongo kasutan ez zaio erantzunik ematen Euskal Herriko mugimendu sindikal eta sozialen eskariei.

Pentsioen erreformarako lege-proiektuan erretiro aurreratuan murrizketak ezarri nahi dira; ez da inola ere bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsiorik, ez eta genero arrakala gainditzen ere. Gutxi dakigu, baina dakigun horren argitan aurreko urteetan ezarritako murrizketak ez dira indargabetuko, eta pentsio-sistema publikoa ere ez da sendotuko. Lan erreformaren nondik norakoak are ilunagoak dira, baina ez dirudi Euskal Herrian gure lan-hitzarmenak negoziatzeko eskubidea bermatuko denik, edota indargabetuko direnik aurreko erreformen funtsezko puntuak, esaterako kaleratzeko erraztasuna. Erreforma hauek baldintzatu nahi ditugu, eta mobilizazioa da horretarako hautatu dugun bidea.

Bestalde, Hego Euskal Herriko erakundeek ez dute ezer jakin nahi ereduaren oinarrizko zutabeak aldatzeko aukeraz, esaterako, osasun, hezkuntza edo zaintza sistema publikoari dagokionez, edo premiazko erreforma fiskalari ekiteaz, zeinak zeharo gehituko dituen enpresa- eta kapital-errentek ordaintzen dituzten zergak, batik bat enpresen etekinek, ondareak eta fortuna handiek. Confebaskek eta CENek erabakitzen dituzte politika hauek.

Aurrekontu-politika zekenen jarraipenak, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aldeko politikak eta gizarte-prestazioak areago murriztu nahiak (horixe da EAEko DSBEaren erreformaren xedea), krisian dagoen tokiko merkataritza babesteko neurririk ezak… honek guztiak adierazten du 2008ko krisialdian eta koronabirusaren pandemian zehar ikasitakoa ez dutela aintzat hartu nahi. Halaber, krisi sanitarioaren kudeaketak agerian utzi du sistema autonomikoa zein hauskorra den: nahi duenean, Estatuak bere irizpideak inposatzeko ahalmena du.


Esan bezala, guk mobilizatzeko erabakia hartu dugu. Deialdi hau bultzatzen dugun sindikatuok beharrezko deritzogu bat egiteari, esaterako Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako azaroaren 13ko mobilizazioak babestuz.

Greba orokor baten erreferentzia ere aipatu izan dugu; honi buruz bakoitzak bere iritzia eman izan du. Gaur kalera gatoz esateko beharrezko jo dugula testuinguru honetan abenduaren 1ean mobilizazio egun bat deitzea. Egun horretan kalera irtengo dugu, goizean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta arratsaldean eskualdeetan, gure aldarriak defenditzeko, “Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde. Lan eta pentsio erreformei ez. Soberanía para una vida digna” leloarekin.

Dei egiten diegu gizarte-mugimendu guztiei gurekin bat egin dezaten eta elkarrekin lan egin dezagun abenduaren 1eko mobi- lizazioa ahalik zabal eta handiena izan dadin.

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena