Alternatiba ekonomikoek ez daukate leku handirik ikasketa ofizialetan. Pairatzen dugun krisi ekosozialean, hauek erdigunean egon beharko lirateke. Ikasketa programetan, epe laburreko errentagarritasuna bermatzen ez duten ikasgaiak bazterreratuak izan dira, hautazkoak bilakatuz edo, okerragoa dena, programatik desagertuz. Horrela gertatu da, ekonomian, pentsamendu ekonomikoaren historiarekin, ekonomiaren osotasuna ulertzeko beharrezkoa den gaia. Sarritan, honen inguruan ikasteko, akademiatik kanpo ikastea da bidea, gertatu zitzaidan moduan, ICEAn edo Ekonomia Kritikoa elkarteetan.
Aurten, enpresen administrazio eta zuzendaritza graduan Historia Ekonomikoa irakasteko aukera izan dut. Ez da sorpresa bat izan, oinarri moduan erabiltzen den eskuliburuaren 431 orrietatik, sistema ekonomiko planifikatu sozialistak azaltzeko soilik 9 orri erabiltzen diren, eta, noski, nabarmentzen dena hauen porrota da. Kapitalismoaren porrota, beste edizio baterako izango da. Mami honekin erraza da ondorioztatzea planifikazioa (eta hedaduraz, sozialismoa), ez dela praktikoa ezta gomendagarria, diktadurekin lotuz. Muga (ideologiko) horiek hausteko, bi proposamen sozialistak (marxista eta libertarioa) klasera ekarri genituen, historia ekonomikoa era kritikoan irakatsi behar delako, baina baita ere seriotasun akademikoaren pean ezkutuan mantentzen diren hainbat muga hausteko, hausnarketa bultzatuz, kapitalismotik haratago dauden ereduak pentsarazteko.
Planifikazioaren inguruan, azaltzen eta errepikatzen den eredua Sobietar Batasuneko bost urteko planak dira, baina, egiari zor, gaia askoz konplexu eta aberatsagoa da. Subkontziente kolektiboan oraindik dirau merkatua, bere akatsekin, hobea dela planifikazioaren aldean, lehenengoa askatasunarekin lotuz eta bigarrena diktadurarekin. Hala ere, errealitateak justu kontrakoa dela dio. Polanyik merkatu askatasuna eta diktadura faxisten arteko harremana sakonki landu zuen, liberalen proposamen ekonomikoen ondorioak agerian jarriz.
Ekonomia antolatzeko planifikazio ez zentralizatuetan oinarritzen diren ereduak dauzkagu, erabakiak elite edo burokrazia baten menpe uzten ez dutenak. Hauen artean, nabarmendu daitekeen bat partaidetzako ekonomia da. Ekonomia planifikatu deszentralizatu sozialista bat proposatzen du. Erabaki ekonomikoak egituratzeko mekanismoa parte hartzean oinarritzen du, ez prezioetan. Proposamen hau 1990ko hamarkadaren hasieran jaio zen, planifikazio zentrala kritikatuz eta eredu kapitalistetatik ihes eginez.
Azken hamarkadan Ziber Komunismoaren proposamena (CibCom) zabaldu da. Proposatzen dutenen artean, komunista marxistak eta libertarioak aurki ditzakegu. Ekonomiaren plangintza sozialistaren aukera, egungo baldintza teknologikoetan oinarritzen du. Ekonomia sozialista bat demokratikoki planifikatzeko, bideragarria eta eraginkor bat eraikitzeko beharko liratekeen oinarri instituzional, ekonomiko eta konputazionalak aztertzen ditu. Nabarmentzekoa da ikuspegi honek ez datorrela bat ekoizpen-bitartekoen estatalizazio hutsarekin, ezta merkatu-sozialismoaren proposamenekin ere.
Usteltzen ari den testuinguru ekonomiko eta sozialaren aurrean, eskaintzen ari zaigun ustezko konponbidea merkatuan sakontzea da, konponbideen ekuazioan merkatua mantenduz, gehiengoarentzat kaltegarria dena. Ekonomiaren planifikazio demokratikoa eztabaidaren erdigunera ekartzea beharrezkoa da, teoria eta praktikak ezagutuz eta zabalduz.