13/10/30

Panda berean: langile gehiago kaleratu du Bilbon eta Madrilen

Bartzelonako bulegoak itxi ostean, Panda Security enpresak (informatika-produktuak ekoizteagatik da ezaguna) %4 inguru murriztu ditu langileak Bilbo eta Madrilgo lantokietan.

Panda Securityko CNTren sekzio sindikalak zera salatu du: “Jende gehiago kaleratu dute, den-denak salmenta-atalean. Enpresak dio urritu egin direla salmentak; baina, zer gertatu da irabazi-marjinarekin? Kontseiluetako kideen zein inbertitzaileen soldatak ere urritu ote dira? Horri buruz ez dute fitsik esaten, eta euren kontuetan ere ez dira agertzen horiek guztiak.  

Horrela, bada, sindikatuak zera azpimarratu du: “Kaleratzeak ez dira gelditu 2008tik, enpresan inbertitzaileak sartu zirenetik (arrisku-kapital funtsak, hain zuzen)”. 2008-2011 artean, 40 bat langile bota zituzten urteko. 2011, aldiz, gogoan izango duzue askok: orduan gauzatu zelako EEEa; haren ondorioz, beste 128 behargin egotzi zituzten. CNTren hitzetan: “EEEaren ostean, bide beretik jarraitzen dugu: 15 bat kaleratze urteko”.

“Kasu batzuetan, ordezkatu egiten dute aurreko langilea; gero eta jende gehiago kontratatzen dute okela-enpresen bidez (“aholkularitza” esaten diete haiek); gainontzeko langileei areagotzen diete lan-zama, edo zerbitzua munduko beste tokiren batera deslokalizatzen dute, soldata merkeagoen bila.

Egoera honetan, CNTk tamalgarritzat jotzen du “kaleratuekiko elkartasuna ez dela behar bezalakoa izan, batez ere garai ilunotan”. Halaber, argi utzi du “Klase ahulek elkarrekin batu eta erantzun beharko luketela, edonor izan aurretik hurrengo biktima. Batuz gero, aurre egin ahalko diegu kapitalari eta berorren gobernu txotxongiloei”. 

Era berean, erakunde anarkosindikalistak adierazi du “Kapitala bat eginda dagoela: goikoek elkar laguntzen dute, eta euren diru-zorroko billetearen kolorea daukate bandera bakar; bitartean, guk pentsatzen dugu klase-borroka antzinako kontua baino ez dela, eta aberriak edo futbol-taldeak defendatzen ditugu”.

Gauzak horrela, Panda Securityko CNTren sekzio sindikalak animatu egiten ditu enpresako langileak “beren burua defendatzera”. Oharra argia da: “Espero dugu horko beharginak kontziente izango direla eta beren eskubideen alde borrokatuko direla. Era horretan jokatu ezean, beste EEE bat ezarriko digute, eta kalean amaituko dugu”. Horregatik, hauxe gehitzen du: “Lanuzte edo greben bitartez, enpresaren jarrera aldaraz genezake”.

Agenda

Ez dago ekitaldirik