“Mariano Rajoyren gobernuak orain arte hartu dituen neurriak -enpresa-boterearen aginduak jarraituz- ez dira nahikoak izan. Orain, oinarrizko eskubide bat mugatu nahi du: gaixotasunagatik lanera ez joatea”, nabarmendu du erakunde anarkosindikalistak. Sindikatuak ere, neurri hauen ondorioz, bere “kezka handia” adierazi du.
“Gaixotuz gero –azpimarratu du-, oso epe laburrean sendatu behar izango duzu, bestela lana galdu dezakezu”. Testuinguru honetan, CNTk jakinarazi du “mutualitateek (patronalaren interesak defenditzen dituzten entitate pribatuak) langile gaixoen egoerari buruz erabakiko dutela”.
Sindikatuak entitate hauen izenen aldaketa nabarmendu du: lehen “Lan-istripu eta Lan-gaixotasuneko Mutualitateak” baldin baziren, orain “Gizarte Segurantzako Mutualitate Kolaboratzaileak” izango dira. “Beste modu batez esanda, sektore pribatua eta Estatua elkarrekin joaten dira, betiko moduan, behekoei kalte egiteko”, azpimarratu du.
CNTk jakinarazi duen zerrendaren arabera, mutualitate nagusietako zuzendarien artean, finantza-boterearen eta politika-boterearen ordezkari batzuk daude, “honek agerian uzten du gobernuaren benetako interesak: beretarrei mesede egitea”. Haien artean Francoren lan ministro ohia eta egungo ACSko kontseilaria, Licinio de la Fuente y de la Fuente; José Luis Martínez Olivares, Corte Ingleseko Aseguruetako zuzendari nagusia; María Soledad Luca de Tena y García-Conde, Vocentoko kontseilaria eta Jesús Fernández de la Vega Sanz, María Teresa Fernández de la Vega Espainiako presidenteorde ohiaren neba eta egungo Repsoleko kontseilaria.
Zerrendan ere banku nagusietako arduradun batzuk daude, adibidez Juan María Gorostidi Pulgar, Banco Santandereko Giza Baliabideetako zuzendaria, Ángel Luis Mancebo Soto, BBVAko Lan Eremu eta Administrazioko arduraduna edo patronaleko ordezkariak, esaterako José de la Cavada Hoyo, CEOEko Lan Harremanetako zuzendaria.
Osasuna ala negozioa?
Halaber, CNTk salatu du lege berriari esker mutualitateek, bajaren partez, kontrol gehiago izango dutela, horrela, lehenengo egunetik esku hartu ahal izango dute. “Gisa horretan –CNTk azaldu du-, osasun-egoeraz erabakitzeko, baimena izango dute altaren parteak eskatzeko edo gaixoaren historia klinikoa aztertzeko”.
Sindikatuak adierazi du “langileak baja hartzearen beldur izango direla eta horrek, enpresariei, on egingo die beharginei kalte eginez”. “Honen ondorioz, lan-istripuak igo egingo dira eta arduradun bakarra, lege lotsagarri hau bultzatu duena, izango da”, salatu du.
CNTk ere nabarmendu du mutualitateek “osasun publikoko profesionalen lana baldintzatuko dutela. Enpresa pribatu hauek lehenbailehen alta ematera bultzatuko dituzte”. “Horrela –azpimarratu du-, osasuna jadanik ez da osasuna eta, ministro-kontseiluak eraginda, negozio nazkagarri bihurtzen da”.
“Gaur, lege zapaltzaileei eta ustiatzaileei aurre egiteko, mutualitateei buruz onartu duten araudi berria bezala, borroka da bide bakarra”, nabarmendu du CNTk. “Ezin dugu onartu betiko gobernuak gure eskubideen aurka aritzea. Adierazpenak ez dira nahikoak: antolatu behar dugu, kalera atera eta, gauza guztien gainetik, geure orainaldia eta etorkizuna defendatu. Kosta ahala kosta”, gaineratu du.