- EDE Taldean dauden erakunde sindikalek enpresak "jarrera antisindikal larri bat" izan duela salatzen dute.
- "Ezin gara isilik geratu, ezin dugu onartu zigortzen eta kaleratzen jarraitzea, ikuspegi kolektibo batetik guztion eskubideak eta euren burua defendatzen duten kideen borondatea makurraraztea", esan du sail sindikalak.
"Pasa den uztailean, EDE Taldeak gure kide baten kontrako, Minerva Leonen aurkako, zigortze prozesu bat martxan jarri zuen. Bere «delitu» bakarra Lan Ikuskaritzaren eta Bizkaiko Gizarte Segurantzaren aurrean, Enpresa Batzordeko kide ohi gisa, deklaratzera joatea izan zen.
Dakizuen bezala, ikuskatze prozesu honen ostean, zeinetan Minervak EDE Taldeko delegatu gisa izandako bizipenen berri eman eta dokumentuak aurkeztu zituen, txosten suntsitzailea eratu zuen ikuskariak; bertan, EDE Taldea osatzen duten lau erakundeentzat (EDE Fundazioa, Suspergintza Elkartea, ST3 Elkartea eta Suspertu SM) izun handiak proposatu zituen arau hauste larri edo oso larriengatik.
EDE Taldeko Lan Arloko arduradunak eta EDE Fundazioko Koordinatzaileak martxan jarritako zigor espedientea, bertan argudiatzen zen langileak kontratuzko fede ona urratu zuela Lan Ikuskaritzan lekukotasuna emanda, hilabeteko lan eta soldata gabeko izunarekin ebatzi zen; irailean bete zuen zigorra gure kideak. Batzuk, behar bada, kontuan izanda enpresak kaleratzearekin zigortzeko aukera eskutan izan zuela, hainbesterako ez dela izan pentsatuko duzue.
Minervaren kasuan, berak baino lehen EDE Taldearen arbitrariotasuna eta zigorrak jasan dituzten beste kideenetan bezala, ez dago soilik berez larria den zerbait jokoan, kaleratze edo hilabeteko soldata galera, zerbait are larriagoa baizik, langile bezala sindikalgintzarako duen eskubidea, entitate honetan lan sindikala egitea eta bere eskubideak defendatzeko behar duen tokira joateko eskumena (Lan ikuskaritza edo epaitegia).
Minervak, Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratze bidegabearen errekurtsoa ebatzi zain dauden ST3ko langileek eta aurretik zigortuak edo kaleratuak izan diren beste askok, badakite ongi zeintzuk diren EDE Taldearen bidetik irtetearen ondorioak.
Ezin gara isilik geratu, ezin dugu onartu zigortzen eta kaleratzen jarraitzea, ikuspegi kolektibo batetik guztion eskubideak eta euren burua defendatzen duten kideen borondatea makurraraztea. Horregatik, datorren abenduaren 13an, Minervak epaitegietan lan sindikalerako eskubidea eta askatasuna defendatuko ditu, eta EDE Taldeari eskatuko dio ezarri zioten zigorra, hilabete lan eta soldatarik gabe, kentzea. Bera laguntzera eta zuen babesa ongien iruditzen zaizuen bezala adieraztera animatzen zaituztegu."