15/01/05

“Milaka langile kondenatzen dituzte pobreziara”

Behin langabeziari buruzko 2014ko datuak argitaratuta, CNT sindikatuak adierazi du kopuru horiek “ez dutela aldaketa onik islatzen langileentzat”. Halaber, zera azpimarratu du: “Soilik erakusten dute aldi baterako kontratazioa ugaritu dela lanpostu finkodun pertsonak ordezkatuta eta behin-behinekotasuna dela patronalen tresnarik boteretsuenetako bat beren langileak diziplinatuta edukitzeko”.

Sindikatuaren iritziz, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren datu horiek argi uzten dute “alimaleko iruzurra dagoela kontratazioan, mugagabeko kontratuen erdiak hauxe baino ez direlako: behin-behineko kontratuak «finko» bilakatuta”. Era berean, honakoa dio: “Estatistika horiek ez dute jasotzen aldi baterako kontratu asko eta asko finko ez bihurtzeko ez direla berritzen; hala, Hego Euskal Herriko kontratu guztietatik, % 94 aldi baterakoak izan dira, eta % 3,5 bakarrik mugagabeak”.

Langabeziak gogorrago jotzen ditu emakumezkoak

Orobat, zentral anarkosindikalistak nabarmendu du abenduko langabezia-datuen % 52,5 emakumezkoei zegozkiela; “Horrek erakusten du euren kolektiboa kolpatu duela gogorren krisiak: 85.344 langabetu EAEn, eta 24.807 Nafarroako Foru Komunitatean; bi erkidegoetan, lanik gabeko gizonezkoak baino gehiago dira”. Hori gutxi balitz bezala, “Emakume gutxiago kontratatu dute gizonak baino: % 3 gutxiago era finkoan, eta % 7,3 gutxiago behin-behinekoan”.

Pobrezia-arriskua gero eta handiagoa langabetuentzat

Are larriagoak dira prestazio-hedadurari buruzko datuak: “Espainiako Estatuan, batez besteko prestazioa 897 €-koa izan zen 2012an; 2014an, berriz, 783 €-ra murriztu da (kalkulua egiteko, prestazioen gastua zatikatu da hartzaileez). Gainera, gero eta jende gutxiagok jasotzen du langabezia-prestazioa: 2012tik, % 21 gutxiagok, hain zuzen; horrela, gaur egun, langabetuen % 57k ez dute inolako prestaziorik hartzen Euskadin, ezta % 48k ere Nafarroan”.

CNTren hitzetan, “Horrek guztiak islatzen du handitu egin dela pobrezia, Behar Sozialen EAEko Inkestak ohartarazi duen bezalaxe. Hala, 2008an 89.706 pertsona zeuden pobreziak jota; 2014an, aldiz, 127.399 dira. Hots, % 42 areagotu da arazoa”. 

Behin-behinekotasuna eta zabor-kontratuak

Beste alde batetik, sindikatuak onartzen du kontratazio handiagoa jazo dela 2014an Espainiako Estatuan (% 13,08), baina “hutsaren hurrengoa izan dela lanaldi osoko kontratazio finkoaren proportzioa; izan ere, kontratu finkoen erdiak baino ez dira izan lanaldi osokoak, eta gainontzekoak lanaldi partzialekoak”. Bestalde, “Modu berean, aipatzekoa da kontratazio finkoaren % 49k (lanaldi osokoa zein partzialekoa) ez duela, berez, lanposturik sortzen: dena da behin-behineko kontratuak mugagabe bihurtzea, legeak hala behartuta”.

Euskadiko Autonomi Erkidegoaren kasuan, sinaturiko kontratuen % 93 behin-behinekoak izan dira, eta soilik % 4 mugagabeak (lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak). Nafarroan, ostera, % 94,8 eta % 3,2 izan dira, hurrenez hurren.

Iruzurra da, oraindik, kontratatzeko era nagusia enpresetan

Halaber, CNTk ohartarazi du “ekoizpen-inguruabarrak” direla-eta bihurtu direla finko behin-behineko kontratuen % 66. Bidenabar, behin-behineko kontratuen % 88 (lanaldi oso edo partzialekoak) “lan edo zerbitzu” motakoak izan dira, edo “aldi baterakoak ekoizpen-inguruabarrengatik”. 

Sindikatuaren ustez, “Honek guztiak adierazten du enpresek segitzen dutela horrelako kontratuak era iruzurtian erabiltzen, kontratu finkorik ez egiteko. Horrela, langileen (batik bat, emakumezkoen) prekarietateari eta bazterketa-arriskuari eusten diete, eta, bide batez, tresna bat dute eskura langileak diziplina estuan ezartzeko”.

Agenda

Ez dago ekitaldirik