Honela, CNTk mobilizazio ezberdinak antolatu zituen, ostegunean Madrilen hasi eta larunbatean Baionan bukatu zirenak; bertan mugako bi aldeetako erakunde anarkosindikalistek salaketa ekitaldia burutu zuten Mediapost-en parte den La Poste (Estatu frantseseko posta zerbitzua) enpresaren aurrean.
“Iragarri genuen bazala, Mediapostek interesak dituen lekuetara gure aldarrikapenak eramango ditugu. Konpainia honen erasoak elkartasuna eta ekintza zuzenaren bitartez geldituko ditugu”, azpimarratu du sindikatuak. Nagusiki etxez etxe publizitatea banatzera dedikatzen den enpresa honetan ezarri dituzten langileen aurkako politika gogorrak salatu ditu sindikatuak.
CNTko Arte Grafikoen sindikatuak Madrilen burututako protesta ildo beretik zihoan. “Marketing eta publizitate kanpaina handiek, kasu askotan, alde ilun eta desatsegin bat ezkutatzen dutela jakina da”, elkarretaratzean azpimarratu zuen sindikatuak. Aldi berean, Mediapostek, “lotsatu gabe, bere alde hipokritena” adierazi duela salatu du sindikatuak.
“Ondo gelditzeko egindako diskurtsoan, langileen esplotazioa, beren lanen prekarietatea eta euren ahotsak aditzera ematen dituzten langileen kaleraketak ezkutatu nahi ditu enpresak”. “Hau da, 14 langileen kaleraketa suposatu duen eraso bat da, hauetako zazpi CNTko sail sindikaleko kideak dira”, gogoratu du sindikatuak.
Egun berean, Euskal Herriko Mediaposteko egoitzaren aurrean (Mungian) elkarretaratzea antolatu zuen erakunde anarkosindikalistak. Ekitaldian CNTko afiliatuak diren eta kaleratuak izan ziren langileak egon ziren, sail sindikaleko beste langileen artean. “Gure lankideak multinazional honen benetako aurpegiaren adibide dira, beren eskubideengatik antolatzen eta borrokatzen direnak kaleratzen dituen multinazionala”, azpimarratu du sindikatuak.