25/03/03

Martxoak 8. Emakume langileon eguna. Mundo berri baten sortzaileak

  • CNTk mugimendu feministak deitutako ekintzetan parte hartzeko deia egin du.
  • Manifestazioak  Donostian (Antiguoko tunela, 12:30), Gasteizen (San Anton, 12:30), Iruñea (Antoniutti, 13:00), Baionan (Geltokia, 17:00) eta Bilbon (Jesusen Bihotza, 18:00) izango dira.

Emakume langilea berriz ere agenda politikoaren eta komunikabideen jardunetik at gelditzen ari da. Emakumeen langabeziak gora egin du urtarrilean, 32.000 emakume gehiago baitaude espainiar erresuman, ehuneko hori gizonezkoenaren bikoitza izateraino. Bien bitartean, kontratuen partzialtasunera eta behin-behinekotasunera behartuta gauden arren, antza denez, gobernuak titularrak bereganatzeko erabiltzen dituen neurri mediatiko horietako bakar bat ere ez dugu merezi. Kontuak kontu, sindikalismoak eta gizarte-mugimenduek errepresioa pairatzen jarraitzen dute egunero, sindikalismoa egiteagatik espetxe-zigorrari aurre egin behar dioten La Suiza-ko gure sei kideen kasuan bezala.

CNTrentzat, borroka sindikala borroka feministatik banaezina da, sistema kapitalista eta patriarkatua bat diren bezala. Logika kapitalistaren ondorioz, emakumeak ezinbesteko lanetara bideratzen dira (garbitasuna, zaintzak…), giza premiak asetzen dituztenak, baina ordain sari eta merezimendurik gabe egin behar ohi direnak familia-eremuan edo etxeko lan-esplotazioko baldintzetan. Ifrentzuan, balio sozialik ez duten edo zuzenean antisozialak diren jarduera eta ogibideak (industria militarra, burtsa-espekulazioa…), erabat maskulinizatuak dauden sektoreak alegia, gehien ordaintzen direnak eta prestigio sozial handiena aitortzen zaienak dira.

Esparru kapitalista eta patriarkal honetan, prostituzioa beste lan-jarduera bat dela sinistarazi nahie digute emakumeoi. Proxeneta enpresaritzat hartu behar omen da eta hau guztia aldarrikapen sindikal gisa aurkezten saiatzen dira. CNTren ustez, emakumearen gorputzaren esplotazioa ezin da inola ere lantzat hartu. Aitzitik, sexu-indarkeria mota bat da, maskulinotasun hegemoniko bat adierazten duena, non gizonen nahia gizarte-harremanen gailurrean kokatzen den.

Emakume langileak «alderantzizko mundu» horri egunero aurre egin behar dion arren, bere burua sistema arras misogino batean autodeterminatzeko eta defendatzeko gai izan da; sarriegi gainera, bere lankideen gutxiespenari eta mespretxuari ere aurre egin behar izan dielarik. Analisi feministak lanaren birkontzeptualizazio bat aldarrikatzen du, non balioa ez den jartzen jarduera batek merkatu kapitalistarentzat izan dezakeen errentagarritasunean, baizik eta jarduera horrek bizitzari eusteko eta giza premiak asetzeko duen ezinbestekotasunean.

Emakume langilea, autosuntsiketara doan sistema baten aurrean, mundu berri bat sortzen ari da une honetan. CNT kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurkako borrokan tresna erabilgarria izan dadin dihardugu egunero lanean eta, horrela, emakumeen zilegizko emantzipazio-asmoak ahalbidetuko dituena.

GORA MARTXOAK 8
GORA EMAKUME LANGILEAREN BORROKA

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena