CNT sindikatuak hainbat manifestazio eta mitin egin ditu maiatzaren lehenean. "Langileak gara mundua mugiarazten dugunok, nahiz eta kapitalistek kontrakoa esaten duten" azpimarratu du erakunde anarkosindikalistak. Hala ere, langile izaerari buruz hausnarketa bat egin du, "sindikalismoak, orokorrean, gizartearen erdia alde batera utzi baitu, emakumeak"; hau dela eta sindikalismoa feminista izan behar dela aldarrikatu du CNTk.
Bestetik, "anarkosindikalismoa egunero praktikatzen dutenak, Sail Sindikalak, haien lana aldarrikatu dugu", beti eraso kapitalisten aurrean erantzuten dutelako.
Azkenik, CNTk errefuxiatuen egoera lotsagarriarekin amaitzeko proposamena egin die beste sindikatuei, "greba orokorraren bitartez egoera tamalgarri honekin bukatzeko, posiblea baita".
Euskerazko mitina: https://www.youtube.com/watch?v=MUyguAb8Pjg
Gaztelaniazko mitina: https://www.youtube.com/watch?v=yXXfcWARgJM
Hementxe duzue Bilboko mitineko hitzaldi bat:
Telebistan, egunkarietan, irratietan.... hamaika aldiz esan dute langile klasea dela; baita ere klase borroka, hogeigarren mendeko gauza zela. Gaur egun diote guztiak herritarrak garela. Txiroa bazara, ekintzailea, enprendedorea bilakatu zaitez, zure bizi baldintza txarrak zure erantzukizuna direlako. Botereek hau esaten dute. Negozio iraultzaile eta ultramoderno bat hasi, ahalegin handiz, enpresari bihurtuko garela diote.
Ez dut ezer berri esango: hau kapitalismoak saltzen digun ideologia da, zeinean klase sozialik ez dauden. Saiatu dira, bai, baina ez diegu ziri hau sinetsi. Lanera joateko esnatzen garenetik, langileek ahalbidetzen dugu elektrizitatea etxean izatea, internet, telefonoa, eta dugun gosaria ere mahaian daukagu langileak daudelako. Langile batzuek garraio publikoan lanera eramango gaituzte; autoan, langileak egindako irratsaioak entzungo ditugu.
Baina begirada zabalago bat izan behar dugu, soldata ez baita langilea egiten gaituen elementu bakarra. Ezin ahaztu lan kontratu barik diharduten langileak, ia gehienak emakumeak, zaintzetan. Etxekoandreak, baina baita ere enpresan lau, zortzi, hamar, ordu egon ostean, beste lan bat egin behar dutenak: lanaldi bikoitza, besteak zaintzera behartuak.
Hauek ere langile klasea dira, nahiz eta sindikalismoak esan digun langileak buzoz jantzitako gizonak direla, hortik kanpo dagoen guztia ezkutatuz. Horregatik sindikalismoa feminista izan behar da, sindikalismoa izateko.
Lehenago ekintzailetasuna aipatu dut. Kapitalismoak lapurtu digun ideia. Langileak beti izan gara ekintzaileak, elkartasunak gidatu duen ekintzailetasuna. CNTk kooperatibak sortu zituen, kontrabotere bat osatuz, eta etorkizuneko ekonomia, antikapitalista, prestatuz. Horregatik CNTren ekintza sindikalak enpresak sozializatzera, berreskuratzera bideratuta dago, autogestioa bultzatuz.
Baina, zoritxarrez, iraultza ez dugu gain gainean; eta beharrak ditugu. Enpresarien eguneroko erasoen aurrean babestu behar gara. Horregatik sail sindikalek egindako lana ere aldarrikatu nahi dut, haiek baitira sindikatua. Egunero anarkosindikalismoa praktikatzen dute. Enpresen errepresaliak jasaten dituzte, baita baita ere haiek dira ekintza zuzena eta greba egiten dutenak; egunez egun, lan baldintzak hobetuz. Kaleratzeak, EREak, enpresen itxierak, soldata murrizketak, lan arriskuak... egunero honi aurre egiten diete, antolatzea eta borrokatzea erabilgarria dela erakutsiz. Hotel Ercilla, La Palma, EDE Taldea, La Oka, Panda, Mediapost, Suhiltzaileak, eta sail sindikal gehiago: Zuek zarete sindikatua! Gora zuek eta zuen borroka!
Amaitzeko, erabat lotsatzen nauen egoera bat salatu nahi dut. Errefuxiatuen afera da. Orain dela ia laurogei urte, bertoko askok alde egin zuten gerra eta errepresioa zela eta. Atzerrian gerrako umeak besoak zabalik hartu zituzten. Haiek elkartasuna jaso zuten; baita ere mesprezua. Gerra zibiletik ihes, Frantziara 550.000 emakume, gizon eta haur joan ziren. Gurs, Argelers, Rivesaltes... hamaika kontzentrazio eremuetan sartu zituzten. Txakurren antzera tratatuz. Duintasuna lapurtu nahi izan zieten.
Gaur egun Idomeni eta Lesbos lotsaz gorritzen gaitu. Gerretatik ihesik datoz, gure aitite-amonen erbesteratze bezala. Pertsonak dira, baina gaizki hartzen ditugu. Kontzentrazio eremuetan sartzen ari gara, poliziak eta faxistak haiek joka. Hemendik aldarrikatu nahi dut: ongi etorriak zarete!
Baina ez naiz aldarrikapen batean soilik geratuko. Lehen esan dudanez, iraultza ez dugu gain gainean. Hala ere, geuk, sindikatuek, asko egin dezakegu egoera aldatzeko. Posiblea da gobernuak estu hartzea, egoera honekin bat batean amaitzeko. Sindikatuek greba egin behar dugu; ez 24 orduko etenaldi bat; greba bat; gizarte eragileei euren parte hartzea eskainiz. Greba honekin errefuxiatuak libreki mugitu behar direla aldarrikatuz. Eta hemen inguruan ditugun hainbat sindikatu, atzetik doazen Comisiones eta UGT, beste aldean dagoen ELA, LAB, hor dauden guztiak, haiek, gehiengo sindikala deitzen direnak, haie esaten diet: erronka hartu eta greba egin dezagun egoera honekin amaitzeko. Posible dela. Gure esku dago egoera honekin amaitzea.
Horregatik... Ongi etorri errefuxiatuak! Gora langileon borroka! Gora anarkosindikalismoa! Gora CNT!