LNKk duela hilabete batzuk salatu zuenez, LHKk Atacori sekzio sindikaleko kideen izenak helduarazi zizkion. Jarraian, zerrenda hauetan agertzen ziren langileek, hainbat hertsapen jaso zituzten. Enpresa, momentu horretan, Sonia Perez Ezquerrak zuzentzen zuen, Patxi Lopez Lehendakaria izan zen garaian, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailburuordea izandakoa. Halaber, Enpresaren abokatua Jose Manuel Salinero Feijoo zen, Lopezen garai bereko Lehendakaritzaren Idazkari Orokorra izandakoa.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoak bere ebazpenean dioen bezala, larria da LKHk egindakoa. Izan ere, emandako datuak, bere ezaugarriengatik, bereziki babestuak egon behar baitute. Beraz, nabarmena da, LKHk egindakoa guztiz egozgarria dela. Honekin batera DBEBk ohartarazi du, datuen babeserako baliozko prozedura izatea ezertarako balio ez duela, parte hartzen duten eragileek, betebeharrekoa betetzen ez badute.
Arrazoi hauengatik Bulegoak adierazi du LKHk, Izaera Pertsonaleko Datuen Babeserako Legea, urratu egin duela. Arau-hauste hau larritzat tipifikatua dago. Horregatik, beharrezkoa diren antolakuntzarako barne-neurriak hartzea eskatu dio, etorkizun batean, horrelako gertakariak ekiditeko.
Beldurra taktikatzat
Datuen filtrazioa, 2014. urtearen hasieran eman zen, LKNk enpresa honen kontrako “talde-gatazka” bat aurkeztu eta gero. Talde-gatazka hau, lan egutegiaren inguruan izan zen, lanaldi partzialean lan egiten zuten langileentzako 100 orduko ordutegi malgutasuna ezartzen baitzuten.
Testuinguru gatazkatsu honetan, LKNk bere afiliatuen datuak eman behar izan zion LHKri, lantoki honetan, bere ezarpena egiaztatzeko. Konfidentzialtasunez maneiatu behar zen dokumentazio honetan, langileen izenak, NAN zenbakiak eta sinadurak agertzen ziren.
“Tramitazioan emandako irregulartasun bat dela medio, Lan Harremanen Kontseiluak, LKNk emandako datu guztiak (afiliazio zerrenda barne) pasa zizkiola enpresari” salatu zuen momentu horretan erakunde anarkosindikalistak. Hau guztia gutxi balitz, “Atacoren arduradunek, zerrenda hau jaso eta gero, langileen artean banatu zuten, sindikatu honen kideak kikiltzeko asmoarekin”.