La Oka delicatessen dendetako langileek badakite zer den eskubideen urraketa enpresaren partetik. "Badakigu geure eskubideak defendatzea jazarpena dakarrera, 2013tik hona eguneko ogia da", sail sindikaleko kide kaleratuak esan dute. Euren ustetan, enpresak egindako kaleratze hauek "hemen nork agintzen duen adierazteko erabili du". "Arrazoi ekonomikoak argudiatu dituzte, baina badakigu arrazoi nagusiena gure filiazio sindikala izan dela".
Kaleratutako bi lankideek Areetako (Getxo) dendan lan egiten zuten. "Garestiak zirela esan zieten, erabat gezurra dena", adierazi du CNTk. "Langile batek lanpostua aldatzeko eskatu zuen, lan hitzarmena onartzen duen moduan; besteak igandetan lan egiteari uko egin zion", enpresari gustatu ez zitzaizkion jarrerak. Azken honek 14 urtez dendako arduraduna izan ostean, ordutegi berarekin, enpresaren jazarpena jasan zuen beren lan ordutegia alda zezan; horren ondorioz antsietate eta depresioa zela eta baja eman zioten.
"Horregatik diogu ez direla arrazoi ekonomikoak, errepresio sindikala baizik", azpimarratu du erakunde anarkosindikalistak. Sail Sindikaleko langileek gogorarazi dute 2014an Lan Harremanen Kontseilutik enpresari emandako afiliatu zerrendaren "jakinarazpena", afiliatuen jazarpena handitu baitzuen.
Hori dela eta, "kaleratutako bi langileen berronarpena lortu arte borrokak jarraituko du", esan du sindikatuak. Lehenenko elkarretaratzea Areetako dendan izan zen, baina CNTk adierazi duen bezala, "Bilbon dituen besteetan ere egingo dira, beste neurrien artean". Sail sindikalak langileen elkartasunari deia egin dute, "edozein langileen aurkako erasoa guztien aurkakoa baita".