- Interes historiko handiko analisia eta Iraultza Sozialaren garaia aztertzen duen dokumentua da hau.
- Alasbarricadas webgunean Miguel G. Gómez historialariak argitaratutako artikulua. Endika Alabort Amundarainek euskaratuta.
Artikulu honen bidez, Espainiako Gerra Zibilean CNTk jarraitutako proiektu politiko-ekonomikoa ezagutarazi nahi da. Ez dugu irakurketa bat egingo "printzipioekiko traizioa" edo "oportunismoa" bezalako hitz fetitxeak erabiliz. Hitz horiek ez dute azaltzen barne-prozesuen errealitatea, are gutxiago masa-erakunde baten biraje estrategikoak.
CNT 1936ko maiatzean Zaragozako Kongresutik atera zenean, bazirudien ideologia espainiar errealitateari aplikatzeko moduari buruzko barne-eztabaidak behin betiko amaitu zirela. Kongresu honetan, maila teorikoan garrantzitsuena Komunismo Libertarioaren Kontzeptu Konfederalaren Adierazpena izan zen. Dokumentu horretan, gizarte batek printzipio anarkisten pean nola jokatu behar zuen azaltzen zuen zirriborro bat egiten zen.
1936ko udaberriko giro orokorra gatazka sozial handikoa zen maila guztietan, eta egoera nahiko beroa zegoen. Iraultzaren aukera ez zen inola ere ameskeria. Anarkismoaren teorikoek, Christian Cornelissenek, Isaac Puentek, Valeriano Orobón Fernándezek edo Diego Abad de Santillanek adibidez, urteak zeramatzaten gizarte komunista libertarioaren ereduak zirriborratzen, baina ez zuten haien artean bat egiten. Zaragozan komunismo libertarioaren ereduaren aldeko apustua egin zen, Isaac Puenteren ideietan oinarritutakoa, gainerakoenetan baino gehiago.
Ezaugarri orokorrak jabetza pribatuaren abolizioa eta komunen ezarpena ziren, gizarte berriaren funtsezko elementu gisa. Industria mailan, produkzio-zentro bakoitzak kontseilu tekniko-administratibo bat izango luke, enpresako plantillak asanbladan izendatua. Beste zentro batzuekin koordinatuko ziren industria-federazioen bidez – 1936an oso gutxi garatuta zeuden –. Deskribapenean ez dute argi uzten sindikatuek une horretatik aurrera izango duten rola, eta komunismo libertarioa lortu denez, desegin egingo liratekeela ulertzen da.
Zenbait sektorek, hala nola irakaskuntzak, garraioak eta eraikuntzak, ihes egingo liokete industria-plangintza orokorrari, eta lotuago egongo lirateke tokiko edo herriko eremuekin.
Oinarrizko puntua, esan bezala, komuna zen, Komuna Autonomo Libertarioen Konfederazio Iberiko batean lurraldeka konfederatu beharko zena. Hori izango litzateke administrazio-mailan Estatua ordezkatuko lukeen erakundea. Komunek zuzenduko lituzkete bizitzari eragiten dioten arazoak, modu demokratikoan, behetik gora, betiere kaltetuen interesak kontuan hartuta.
Banaketari dagokionez, Zaragozako Kongresuak ez zuen onartu kropotkiniar kontzeptua, hots, «pilotik hartzea». Aldiz, erosketa-bonuen bidez komunak kudeatu beharko lituzketen ekoizlearen eta kontsumitzailearen gutun baten aldeko apustua egin zuen. Aipatzekoa da ez zutela kooperatiba aipatzen.
Ordurako, treintismoa isilik zegoen. Mugimendu sindikal libertarioaren erabakia onartu zuen. Era berean, CNTk UGTrekin hurbilketa bat hasteko proposamena babestu zuten, izaera iraultzaileko aliantza sindikala osatzeko. 30 urtetik gorako oposizio-sindikatu treintistentzat, garrantzitsuena zentral anarkosozialistara itzultzea izan zen.
Hori guztia 1936ko Espainiako Iraultzaren oinarri teorikoa izan zen. Ekainaren hasieran Frantziako lantegien okupazio uholde handia gertatu zen. Iraultza soziala herrialde horretan lehertuko zela pentsatu zen. Baina, azken finean, Espainian gertatu zen, lurraldearen zati handi batean faxisten altxamendu militarra garaitua izan baitzen.
Konfederalek gerraren lehen egunetan izan zuten dilema nagusia izan zen ea boterea hartu behar zen, Joan Garcia Oliverrek bere osotasunean hartzea proposatzen zuen bezala, edo itun antifaxista bat ezarri behar zen, Federica Montsenyk edo Mariano Vazquezek proposatzen zuten bezala. Atxikimendu gehien lortu zituen proposamena Manuel Escorzarena izan zen, arlo publiko eta formalean itun antifaxista bere gain hartzen zuena, ekonomia eta miliziak langileen kontrolpean geratuko ziren bitartean. Hau da, faxismoaren porrotean laguntzen zen bitartean iraultza soziala egitearen aldeko apustua egin zen.
Espainiako beste lurralde batzuetan gertatuko zena aurreikustea zaila zelako hartu zen erabaki hori. Katalunian CNT hegemonikoa bazen eta egoera bere eskuetan zuen; Penintsulako beste toki batzuetan, aldiz (uharteak matxinatu faxisten kontrolpean geratu baitziren) CNT ez zen iraultza libertarioa ezartzeko gai. Hain zuzen ere, Garcia Oliverrek proposatzen zuena zelako, Katalunian inposatu ahal izango zuten arren, Madrilen edo Valentzian saiatzea beste gauza bat zela esaten da. Era berean, ulertu behar dugu garai hartan garaipen militarra segurutzat jotzen zela. Merezi zuen itxarotea.
Beraz, mugimendu libertarioak proposatu zien gainerako indar antifaxistei Milizia Antifaxisten Komite Zentrala izeneko erakunde berri bat sortzea, zeinak pixkanaka beste eskuduntza batzuk hartu baitzituen auzi militar hutsaz harago, adibidez, Gerrako Industrien Batzordea. Baina erakunde hori ez zen botere bikoitza, baizik eta zegoen boterea, Generalitatea, bikoizten zuena, zalantzan jarri eta mehatxatu gabe. Eta, gainera, mugimendu anarkosindikalista Generalitatearekin elkarlanean aritu zen gizartearen arlo osoak kudeatzeko, hala nola ekonomia edo irakaskuntza. Horrela sortu ziren abuztuan Consell d 'Economia de Catalunya eta Consell de l' Escola Nova Unificada, biak mugimendu libertarioko pertsona ospetsuek gidatuak. Eta hori guztia kontuan hartuta, CNTk ez zuen Generalitateko Gobernuan formalki parte hartzea onartu irailaren 24ko Sindikatuen Eskualdeko Osoko Bilkurara arte. Hau da, anarkosindikalismoak Generalitateko kontseilaritzetan parte hartzen (eta zuzentzen) zuen, formalki Generalitateko Conselleko kide izan aurretik.
Lehen garai horretan, “anarkiaren uda laburrean”, enpresa boluntarioen desjabetze ugari izan ziren. Ugazaba askok alde egin zuten herrialdetik, kolpistei zieten begikotasunaren eta langile-multzoek atxilotu eta exekutatuko zituzten beldurraren aurrean. Enpresak zuzendaritzarik gabe geratzean, asko besterik gabe konfiskatu zituzten. Aldizkari Ofizialean (DOGC), Generalitateak berak kolektibizazio horiek onartzen zituen, eta beren herrietatik desagertu ziren pertsonen jabetzako lurrak okupatzea ere onartzen zuen. Horixe izan zen Kataluniako lur-kolektibizazio ugariren jatorri praktikoa. ERCk kontrolatutako udalek ere arazo handirik gabe onartu zuten egoera hori.
Aldi berean, penintsulako beste gune batzuk gizarte-iraultzaz kutsatu ziren (ordura arte, neurri handi batean, politikoa izan zen, haustura-klabean). Valentziako herri eta hiri industrial askotan gauzak Kataluniaren antzera gertatu baziren ere, beste leku batzuetan iraultza kanpotik (Aragoi) bultzatu zen, edo gutxiengoan zegoen CNT batek edo oinarriak erradikalizatuk zituen UGT batek (Asturias, Andaluzia, Gaztela, Extremadura edo Murtzia) bultzatu zuen. Nolanahi ere, iraultza hain zen ukaezina, non ia errepublikar erakunde guztiek ahoz babesten baitzuten. Iraultza ereduan desberdinak ziren. Ez zen gauza bera iraultza Esquerra Republicanarentzat, POUMeko marxistentzat edo, nahi izanez gero, komunista sobietarrentzat (Iraultza Nazionalaz ere hitz egiten zutenak). Baina gehiengoaren eredua CNTk bultzatutakoa izan zen. CNTren eta UGTren izenean kolektibizatzen zen leku askotan, onartzen zen formula lehen erakundearena zen.
Ekimen-aniztasun hori nolabait sistematizatu behar zen. CNTk berak aitortu egiten zuen, eta sindikatuen osoko bilkurak askotan egiten zituen funtzionamendu-irizpideak ezartzeko, gaizki-ulertuak argitzeko eta horren ondoriozko interes-gatazkak konpontzeko. Afiliazio piloa hain zen handia, non jende asko berrietatik baitzetorren, aurreko printzipioak eta akordioak ezagutu gabe.
Prozesu iraultzaile hau antolatzeko urrats handi bat urriaren 24ko Kataluniako Kolektibizazioen eta Langile Kontrolaren Dekretua izan zen [DOGC 1936eko urriak 28]. Joan P. Fabregasek idatzi zuen eta oinarri sindikala duen sozialismorako trantsizioa ezartzeko eredu bikaina da. Lehenik eta behin, Enpresa Kontseilua izango duten enpresa jada kolektibizatuak arautzen dira. Kolektibizatuta ez badaude, eta jabetzak pribatua izaten jarraitzen badu, Langileen Kontrolerako Batzordea eratuko litzateke. Enpresa guztiak kolektibizatuko lirateke, baldin eta jabeak matxinatutzat jo badira, ehun langile baino gehiago okupatzen dituzten enpresak eta langileen hiru laurdenek batzar orokorrean hala erabakitzen badute. Gainerakoa jabeak onartuz gero bakarrik kolektibizatuko litzateke.
Enpresa Kontseiluan sindikatuak egongo lirateke ordezkatuta, beren ezarpenaren arabera, eta enpresa zuzentzeko ardura hartuko lukete. Arlo guztietan egongo lirateke Industriako Kontseilu Nagusiak, ekoizpena planifikatzeko asmoz. Kontseilu Nagusi horien antolaketa errazteko, Industrien Elkartearen figura onartu zen. Antzeko industriak batu litezke formula juridiko berean.
Enpresa kolektibizatu guztietan Generalitateko kontu-hartzaile bat onartzea puntu polemiko gisa ikus daiteke. Goazen horra. Estatuko beste interbentzionismo faktore bat Industria Kontseiluetan bertan ikus daiteke, arlo horretako enpresetako kontseiluetako 4 ordezkari izan behar baitzituzten, 8 sindikatuetakoak (afiliazioaren arabera) eta 4 Generalitatekoak, Ekonomia Kontseiluak izendatuak, Industria Kontseilua zuzenduko zuena.
Puntu polemikoa dela esaten genuen, izan ere, Consell d 'Economia Joan P. Fabregasek zuzendu zuen bitartean, sozializaziorako norabide argia zegoen. Beraz, Generalitateko ordezkariak ere enkargu horrekin zetozen, isolazionismo eta korporatibismo oro hautsiz edo enpresak kudeatzeko beldurrak eta nagikeria gaindituz.
Baina 1936ko abenduaren 17an dena aldatu zen, Tarradellasek Fabregas kargutik kendu zuenean. Generalitateko Kontseilu berria Diego Abad de Santillanek ordezkatu zuen, ez baitzuen Fabregasen ikuspegi bera, eta ez baitzituen lanposturako gaitasun tekniko berberak. Gainera, Tarradellasek S 'Agaróko 58 dekreturen bateria kaleratu zuen handik aste gutxira, Kataluniaren izaera finantzario eta fiskala nabarmen aldatuz. Kolektibizazioak Generalitateak kontrolatutako kapitalismo sindikal moduko bati lotuta geratuko lirateke, sozializaziora iritsi gabe, hori baitzen CNTk planteatzen zuena. 1938ko udazkeneko txosten batean, konfederalek zioten Generalitateak Katalunian zeuden gutxi gorabehera 500 enpresa-elkarteetatik ehun baino ez zituela legeztatu. Argi zegoen gobernuak boikota egin ziola iraultzari.
Garai hartan, itxuraz kontraesankorrak ziren bi dinamika zeuden. Alde batetik, CNT eta UGTko sindikatuak zentral berean bateratzeko presio handia zegoen. Azaroan eta abenduan CNT-UGT ziren tokiko arloko sindikatu batzuk egon ziren, gauza bera balira bezala. Hala ere, prozesu hori gelditu egin zen neguan, eta sindikatuak bakoitza bere aldetik joan zen berriro. Beste prozesua iraultza kolektibista Aragoi, Valentzia edo Gaztelako lurralde handietan hedatzea zen. Toki horietan anarkismoa marjinala izan zen eta orain kolektibitate libertarioak sortzen ari ziren etengabe.
1937ko otsailaren amaieran CNTk Kataluniako Sindikatuen Eskualdeko Osoko Bilkura egin zuen. Alde batetik, Industriako Sindikatuen egitura berrantolatu zen eta Industria Federazioen berragerpena bultzatu zuen. Bestetik, eskua luzatuta jarraitu zuen UGTren aurrean, baina ez zirudien jakinaren gainean zegoenik. Egia esan, Katalunian UGT PSUCek menderatzen zuen; beraz, zentral sindikal horri eskua luzatu arren, ez zuen funtzionatuko, ezta oinarriei dei eginda ere. Nolanahi ere, oro har, ekonomia ahal zen guztian sozializatzearen aldeko apustua egin zen. Proiektu hori zenbait hiritan bakarrik gauzatu ahal izan zen, eta, oro har, nahiko aurreratua izan zen Zuraren arloan. Eta Aragoi erdian, jakina.
Baina egoera politikoak ez zien laguntzen ekonomia berrantolatzeko proiektu horiei. 1937ko Maiatzeko Eginak geldialdi bat izan ziren aurrerapen iraultzaile horietan guztietan. CNTk Generalitateko Ekonomia Saila ere galdu zuen, eta Santillan Joan Comorera estalinistak ordezkatu zuen. Kataluniako CNTk zentralizatuz erreakzionatu zuen, eta Aholkularitza Politikorako Batzorde bat sortu zuen uztailean, izaera politiko-estrategikoko eguneroko erabakiak kudeatzeko.
Irailean Valentziako Mugimendu Libertarioaren Osoko Bilkura Nazionala egin zen. Osoko Bilkura honen garrantzia Konfederazioaren ildo estrategikoaren aldaketan datza. Testuingurua honako hau da: maiatzean Bartzelonako porrota, abuztuan Aragoiko kolektibitateen aurkako erasoa, milaka zenetista errepublikar espetxeetan egotea, eta, azken batean, CNTk bere indar propioak baino ez zituela eta inork ez ziola lagunduko egiaztatzea. Eta "inor ez" horretan sartzen zituzten bai AIT bai nazioarteko mugimendu libertarioa, haien tamaina txikia zela eta. Horregatik, hilabete batzuk geroago, SIA sortu zuten, Nazioarteko Elkartasun Antifaxista, nazioarteko base gogaide hori pixka bat zabaltzeko asmoz.
Osoko Bilkurak onartu zuen ezinezkoa zela Espainian sistema ekonomiko bakar bat inposatzea eta hainbat proiektu sozioekonomikorekin batera existitu beharko zela (errepublikanoak, liberalak, sozialista marxistak edo kooperatibistak). Aholku Batzorde Tekniko bat sortzea proposatu zen, langileen erakundeetako, Estatuko eta udalerrietako ordezkariek osatua. Ideia zen ekonomiaren adar batzuk nazionalizatu egin behar zirela, eta beste batzuk udalerriratu. Kanpo-merkataritzaren monopolioa ere lortu nahi zen, aurreko udazkenean Fabregasek berak egindako proiektuaren ildotik. Beste alderdi bat kooperatibismoa kontsumitzaile eta ekoizlearen arteko beharrezko lotura gisa onartzea zen, espekulazioa saihesteko.
Osoko Bilkuratik atera zen irizpen hori hilabete horretan bertan Valentzian egindako Eskualdeen Osoko Bilkura Nazionalean onartutako txostenarekin uztartzen zen. Gerra ekonomia inposatzen zen eta Estatuarekin bat-egite moduko bat onartzen zen. Erabaki horiek beste indar politiko batzuek txalotu zituzten. CNT prest zegoen bere ildo politikoa aldatzeko gerra irabazteko, eta hori ezin zuten beste erakunde guztiek esan CNTren aurka idatzi bazuten ere iraultza egiteagatik, bere proiektu historikoa baitzen.
Ildo horretan, programa hau Iberiar Errepublika Federal Sindikalaren Joan Peiróren teoriarekin edo proposamenarekin bat datorrela ikusten dugu. Federalismoa da, ez bakarrik lurralde-oinarriari dagokionez, baita arlo ekonomikoari dagokionez ere. Peirók onartzen zuen sozialistek edo errepublikanoek nahi zuten moduan kudeatutako lurraldeak egotea, trukean anarkosindikalismoak planteatzen zuen bezala kudeatu zitezkeen beste batzuk bazeuden.
1937ko urriko CNTren Militantearen Eskuliburuan eredu hori babesten zen. Errepublika Federala alderdi errepublikar bakar batek, alderdi sozialista autoritario bakar batek, alderdi libertario bakar batek eta herri bakoitzeko langile-elkarte bakar batek osatuko zutela uste zuten. Udal Kontseilu bakoitza sufragio bidez hautatuko litzateke. Postuen erdia alderdiek izango lukete, eta beste erdia langile-elkarteak. Sindikatua eta udalerria ziren testuak berak estatu sindikalista deitzen duen gizarte berri honen funtsezko elementuak. Ondoriozta genezake alderdi libertarioa Alderdi Sindikalistak eta FAIk osatuko luketela, eta, agian, beste erakunde libertarioek.
Valentziako Osoko Bilkurak kooperatibaren figura gehitzen die sozietatearen funtsezko elementu horiei, baina ikusten dugu espiritua oso antzekoa dela Peiró-ren ereduarekin ere, treintismoaren proposamenak jasotzen baitzituen. Gogora dezagun korronte horrek 1934ko ekainean kongresu bat egin zuela, eta haren eztabaidak horretatik zihoazen. Angel Pestaña treintismoa baino hilabete batzuk lehenago aldendu zen bere Alderdi Sindikalista sortzeko, eta horregatik eztabaida horietatik guztietatik kanpo geratu zen, eta CNTren ildo estrategikoan eragina izan zezakeen, azkenean treintismoak izango zuen bezala.
Hurrengo mugarria, Izaera Ekonomikoko Osoko Bilkura Nazionala izan zen, 1938ko urtarrilean Valentzian egin zena. Ekonomiari dagokionez, garrantzitsuena industria-federazioak berregituratzea izan zen, eta, batez ere, Kontseilu Ekonomiko Konfederala sortzea – formalki, otsailaren 15ean –. CNTk planteatu zuen Katalunian zegoena bezalako Ekonomia Kontseilu bat egon beharko zela estatu mailan, baina ez Negrinen gobernuak ez UGTk ez baitzuten zentzu horretan fitxarik mugitzeko asmorik, gutxienez Mugimendu Libertarioak bere kabuz egingo zuen. Horrela, CNTk Tokiko eta Eskualdeko Ekonomia Kontseiluak bultzatu zituen, eskualde mailan federatu eta gero CECen konfederatuko zirenak. Gainera, une honetan CAP Mugimendu Libertarioaren Batzorde Exekutibora aldatu zen, zentralizazio-prozesu hori azpimarratuz.
Mariano Cardona Rosell-en proposamena. CEC-ek hainbat eta hainbat enpresa kolektibo antolatzeko balio zuen: lantegi kolektiboak, industria sozializatuak, baratzeak eta soroak, biltegiak, kooperatibak, nekazaritza-sindikatuak edo mugimendu libertarioak kontrolatzen edo bultzatzen zituen era guztietako ekimen ekonomikoak. Ordurako mugimendua potentzia ekonomiko oso bat zen. CECren gai garrantzitsuenak honako hauek ziren: legeria eta arbitrajeak; moneta, kreditua eta aurreikuspena; industria eta zerbitzuen ustiapena; lehengaiak eta ordezkoak; eta banaketa eta kanpo-merkataritza. Gai horietako bakoitzak lan-batzorde bat zuen. Eskualde bakoitzak bere CEC izan beharko luke, eta estatu mailan koordinatuko litzateke.
Bilera asko egin zituzten eta baliabide ugari kontrolatu zituzten. Eta bere proiektuak eskuduntza hauetatik harago zihoazen. Adibidez, Iberiar Banku Sindikal baten proposamena nabarmentzen zuen. Proiektu hori, antza denez, ez zen inoiz gauzatu, baina hainbat hitzaldi egin ziren zentzu horretan. Proiektu kolektibista eta kooperatibista askok beti jasan izan dute ekonomia-neke handia, eta diru-kreditu batek ekimen garrantzitsuak finkatzea ahalbidetuko zuen. Mutualitate konfederal bat ere planteatu zen, Konfederazioaren afiliaziorako "gizarte-segurantza" moduko bat izango zena.
Banku Sindikala iberiar mailan ere planteatu zen, UGT barne. Baina esan dugun bezala, zentral honek ez zuen inoiz interesik izan izaera iraultzaileko proiektu bateratuetan, eta, beraz, guztia CNTren esku geratu zen (eta bizkarrean). Bankua hobeto planteatu zen 1938ko abuztuko Eskualdeetako Osoko Bilkuran, ekonomia konfederalaren zentralizazio osoa aintzat hartzen zuen osoko bilkuran. Beraz, bertako enpresa batek bere eskualdean ez zegoen beste herri bati produktu bat erosi ahal izateko, Ekonomiako Eskualde Batzordera jo behar zuen, hura izango baitzen erosketaren bitartekaria. Produktu bat atzerritik erosi behar izanez gero, CEC bera arduratuko zen hura izapidetzeaz. Praktika horietan arrisku burokratikoa ikus daiteke. Banku Sindikalaren gaira itzuliz, esan behar da Eskualde Zentroak Zentroko Konpentsazio Kutxa Konfederal bat garatu zuela Bankua sortu aurreko neurri gisa.
Abuztuan, Eskola Tekniko-Industrialak sortzeko urratsak eman ziren, zeregin hori gauzatzeko profesionalak gaitu ahal izateko; izan ere, herri askotan ezin zen Ekonomiako Tokiko Kontseilurik eratu, horretarako gaitasuna zuen militanterik ez zegoelako. Eta salbuespen-neurri gisa, emakumeak produkzioan gero eta gehiago frontean zeuden gizonak ordezkatzeko gaitasuna sustatu zen. Azken puntu hori berariaz onartu zuten Emakume Librek. Orduan onartutako beste irizpen bat kontsumo-kooperatiben intentsifikazioa izan zen.
1938ko osoko bilkura horietan aztertu ziren beste gai batzuk familiaren soldata-ordainsaria izan ziren, familiaren kontzeptu ekonomikotzat hartzen zena definitzeraino. Norbanakoaren ekoizpena bereiztea zen helburua, bere lanaren izaeraren arabera ordainduz, bere familiatik eta bere beharretatik abstrakzioa eginez. Familia etxe berean ahaidetasunik gabe bizi ziren pertsona guztietara zabaltzen zen. Batzorde Tekniko-administratibo bat ere eratu zen, eta horrek lan-ikuskatzaileak izan zituen CECren eskura, leku bakoitzaren baldintzak egiaztatzeko.
Amaitzeko, esan dezakegu Mugimendu Libertarioak erakunde berri bat sortu zuela, CEC, izaera ekonomiko-produktibokoa, sindikatuetatik banandua. Nolabait CNT zentral sindikalak eta Mugimendu Libertario osoak kudeaketa ekonomikoaren logikapean funtzionatzen zuten, Errepublika barruan benetako estatu sindikal gisa jardunez.
Azken batean, 1938ko CNT sozialismo korporatibo batera iritsi zen (ingelesezko guild socialism edo gremiozko sozialismoa, baina ez Erdi Aroko zentzuan, baizik eta kontrol sindikalaren zentzuan), zeinak ekonomia kontrolatzearen alde egiten zuen, produkzio-arlo bakoitzeko korporazio sindikal baten bidez. Espainiako Errepublika 1939an garaitua izan zenez, ezin izan zen garapen hori bere osotasunean egiaztatu. CNTk balantze bat egin zuen gerraostean, 1937ko birajeari uko egitera eraman zuena, eta 1936ko bere ildo komunista libertariora itzuli zen, erbestean defendatu zuena. 1938ko praxi zenetista ahanzturan erori zen, gerraren testuinguruaren ondoriozko desbideratze gisa kondenatua izan zen eta ia inoiz ez da aztertu giro libertarioetan. Askoz ere ikerketa gehiago egin daitezke gai honi buruz, lehen mailako ekonomia planifikatzeko esperimentua baita, libertarioek kudeatua gainera.