21/07/19

"Komunismo Libertarioa alternatiba politiko erreala da, edozein kapitalismo motaren aurrean"

  • CNTk 1936ko iraultzaileak omendu ditu Artxandan.
  • "Denok gogoratzen ditugu Durrutiak, Montsenyak, baina inurri lanak lortu zuen anarkosindikalismoa tresna erabilgarri bihurtzea, egunez egun, auzoko jendearekin, lantegiko jendearekin", adierazi du La Huellaren aurrean.

Berrogei bat lagun bildu ziren uztailaren 19an Artxandan (Bilbo) zentral anarkosindikalistak urtero egiten duen omenaldian. Aurten lore-eskaintza bat egin zen, eta gainera, CNTko militante batek, Endika Alabortek, hitz labur batzuk eskeini zizkien 1936an faxismoa geldiarazi zuten gizon-emakumeei.

Hurrengo lerroetan, La Huellaren aurrean esandakoa eta Irola Irratiak audioan grabatu zuen (Telegrameko kanalean eskuragarri) eta Sare Antifaxistak youtubera igo du.

Uztailaren 19an, 85 urte bete dira 1936ko Iraultza Soziala gertatu zenetik. Mendebaldeko azken iraultza handia, mundu osokoko eraldaketa sozialetarako eredu izan dena, Rojavakoa kasu, hau ere uztailaren 19an hasi zena.

Gizon-emakume arruntak, langileak, egunez egun miseria pairatzen zutenek, estatu-kolpea gelditzea lortu zuten. Marokoarra bezalako herriak sarraskitzen, langileen mobilizazioekin amaitzen eta diktadura faxisten eta mendebaldeko demokrazien laguntza osoa zuen armada profesional baten aurka borrokatu ziren. Baina 1936ko uztailaren 19an hasi zena, Gerra Zibila baino gehiago izan zen: eraldaketa sozial eta ekonomiko handia, Iraultza Soziala. Langileek, autogestioan oinarrituta, landa eta fabrikak kolektibizatu zituzten, eta kudeatu egin zituzten. Erakutsi zuten kapitalistarik gabe funtziona daitekeela, aberastasuna sortzen dugunok langileak garela. Sindikalismoak izan behar duen helburua bete zuten, hau iraultzailea bada: Ekonomia ustiatzaile eta esplotatzailerik gabe funtzionaraztea.

Hori ez zen berez gertatu. Hamarkadak lanean, ideia libertarioak zabalduz, marfilezko dorrean zegoen anarkismoa lurrera jaitsiz eta benetako alternatiba politiko bihurtuz, burgesarekiko langile mundu paralelo bat sortuz. Eta CNTri dagokionez, langileak anarkosindikalismora hurbiltzea, langile klasearentzat tresna baliagarria izanik. Denok gogoratzen ditugu Durrutiak, Montsenyak delakoak, baina inurri lanak lortu zuen anarkosindikalismoa tresna bihurtzea, eta Komunismo Libertarioa, kapitalismo barietate ororen alternatiba politiko errealan bilakatzea.

Gaur egun, norbaiti Kapitalismoaren alternatiba atarian dagoela esango bagenio, zorotzat joko gintuzke. Gizartea desberdina da, langileria ere, eta aurre egin behar diegun arazoak aldatu egin dira. Hala ere, garrantzitsua da horrelako datak gogoratzea. Ez iraganeko garaiak idealizatzeagatik, ezta belaunaldi hura santu bihurtzeagatik ere: gure helburuak etorkizuna eraikitzea izan behar du, ez iraganean alaitzea. Belaunaldi honek erakutsi zigun autogestioan, kapitalismorik, desberdintasunik eta esplotaziorik gabe bizi daitekeela. Arrakastak berreskuratu behar ditugu eta 1936ko akatsak alde batera utzi.

Are gehiago, kapitalismoa gainbeheran jartzen ari denean, tokatzen den guztiarekin amaitzen ari denean: gerra eta indarkeria gehiago, klima krisi bizkorra, bizitzaren aspektu ororen merkantilizazioa. Mahai gainean jartzen ari direna ekofaxismoa da, dena lotuta eta ondo lotuta edukitzeko irtenbide autoritarioa. Demokrazia burgesak ez dira nahikoa. Espainiako Erresumari erreparatzen badiogu, 78ko Erregimena kolokan dago oraindik, nahiz eta alternatiba parlamentario berriak agertu diren, porrot egin baitute. Horrek hamarkada luze bat uzten gaitu, funtsezkoa izango dena, ez bakarrik langileriarentzat, baita bizitzari modu duinean eusteko ere. Horregatik, langile-klasearen antolaketa azpimarratu behar dugu, lan-munduan eta auzo eta herrietan.

Arrazoi horiengatik gaude gaur hemen. Beraz, gogoan izan behar ditugu faxismo odoltsuenaren aurrean aurre egin, bai, baina mundu berri bat eraiki eta martxan jarri zuten gizon eta emakume horiek, langileak. Bukatzeko, mila aldiz errepikaturiko Durrutiren aipuarekin batekin amaitu nahiko nuke:

"Hondamendiak ez digute beldurrik ematen. Badakigu hondarrak baino ez ditugula oinordetzan hartuko, burgesia mundua hondamendiak uzten saiatuko baita bere historiaren azken fasean. Baina guri hondamendiak ez digu beldurrik ematen, mundu berri bat daramagulako gure bihotzetan. Eta mundu hori hazten ari da une honetan ".

 

 

 

Media

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena