14/10/14

Felix Padin militante historikoa omenduko du CNTk larunbat honetan

Pasa den 7an zendutako Felix Padin militante historikoa omentzeko, CNT sindikatuak Artxandako “La Huella” monumentua aukeratu du, frankismoaren kontra borrokatu zutenak oroitzeko eraiki zena. “Ekitaldi honekin ez dugu gure lagunaren borroka soilik aldarrikatzen, erakunde honetan bai iraganean, bai gaur egun eta baita etorkizunean ere kapitalismoa eta zapalkuntzaren aurka borrokatu zuten kide guztiak ere gogoraratuko ditugu”, azpimarratu du zentral anarkosindikalistak.

11:30ean hasiko den omenaldian CNTko ordezkari nagusia, Pedro Serna; euskal mugimendu memorialistaren ordezkariak; eta sindikatuaren memoria historikoko alorreko ordezkariak egongo dira. Beste ezaugarrien artean, frankismoaren zigorgabetasunaren kontra zuzendutako iniziatiba guztien aldeko Padin-en konpromezua azpimarratuko da.

Abuztuaren 4ean, zendu baino bi hilabete lehenago, Argentinan tramitatzen ari den frankismoaren kontrako kereilan testigo bezala deklaratu zuen Miranda de Ebroko epaitegian. “Bere testigantzak balore berezia izan zuen, diktaduran langile behartu moduan ibilitako azken presoa baitzen”, gogoratu du sindikatuak.

Euria eginez gero, ekitaldia Artxandako patinaje pistan izango da, “La Huella” eta funikularraren artean.

Agenda

Ez dago ekitaldirik