14/11/25

Eusko Jaurlaritzaren azpikontrata batek langile guztiak kaleratu ditu

CNT sindikatuak salatu egin du Dominion enpresak bota dituela bere langile guztiak (20, guztira); Dominion Telefónicaren azpikontrata bat da, eta komunikazio-arloko mantentze-lanak egiten ditu Eusko Jaurlaritzaren zenbait erakundetan. Zentral anarkosindikalistak dioenez, “Kontuan hartzekoa da lan-karga ez dela gutxitu lantokian; aitzitik, gero eta handiagoa da, egitasmo berriak badaude-eta”.

Orain dela hil batzuk, sindikatuak agerian utzi zuen enpresa horretako jazarpen sindikala. Horren ondorioz, “Epaiketa bat dago orain egiteko -azaroaren 26an, asteazkena-, 2 langile legez kontra lagatzeagatik (biak, CNTko kideak)”. CNTren esanetan, “Bi langile horiek bota egin zituen konpainiaren zuzendaritzak, zergatik eta sail sindikala sortzeagatik: bai euren eskubideak defendatzeko, bai enpresako irregulartasun zein astakeriei aurre egiteko asmoz”.

Halaber, CNTk anomalia batzuk antzeman ditu buruek bortxaz ezarritako txandakako lanaldietan: “hitzarmenaren artikulu batzuk urratu dituzte, aparteko orduei dagokien atsedenaldiaren inguruan”. Sindikatuak aldeko bi epai lortu baditu ere, Dominionek “ez du nahi izan inolako aldaketarik egin, ezta kalte-ordainik pagatu ere”.

Gauzak horrela, CNTk Eusko Jaurlaritzari leporatu dio Telefónicari eta Dominioni “lanpostuekin jolasten” utzi izana. Horregatik, elkarretaratzea antolatu du: azaroaren 27an, 12:00etan, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean; han salatu egingo du Administrazioaren “esku-hartzea Telefónicaren zein beronen azpikontraten iruzurretan”. Azkenik, zera gehitu du: “Amaierara arte borrokatuko gara”.

Agenda

Ez dago ekitaldirik