22/07/17

Estrategia eta erremintak

Egilea Endika Alabort Amundarain

Argia aldizkariaren 2.787 zenbakian argitaratua, 2022ko uztailaren 17an.

Metalgintza sektoreko langileen greba. Bilboko Metroa. Gipuzkoako erresidentziak. Hiru adibideak azken hilabetean martxan jarri diren greba nabarienak dira, agerian utziz langileria bere lan baldintzak hobetzeko prest dagoela. Horien aurrean, patronalak eta administrazio publikoak, langileen bortizkeria eta zorrozkeria salatzen dutenek, klase gatazka isilarazi nahi dute.

Émile Pougetek argi definitu zituen langile klasearen borroka metodo nagusienak: greba, boikota eta sabotajea. Ekintza zuzenaren adibideak dira eta botereek bortizkeriarekin lotu nahi izan dituzte. Sabotajea oso kriminalizatuta dago, eta administrazioa boikota juridikoki desmuntatzen saiatu da. Adibide gisa, 2014an Lehiaren Euskal Agintaritzak 800.000 euroko isuna jarri zien Bilboko portuko garraiolariei, boikota sustatzeagatik. Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak isuna bertan behera utzi zuen, baina gatazka-une batean, sustatzaileei eta parte-hartzaileei eragiten dien shockak ekintza geldiarazi dezake. Greba eskubidea ere oso mugatuta dago. Espainiar legediaren kasuan, legez kontrakoak dira txandakako grebak, ardura-grebak, sektore estrategikoetan egiten direnak, besteak beste. Legez kontrakoak dira arrazoi politikoengatiko grebak, elkartasunekoak eta beste mota batzuk. Horri gehitu beharko genioke administrazio publikoek egiten duten gutxieneko zerbitzuen erabilera grebak hausteko.

"Erresistentzia kutxa ez da erremedio magiko bat, baina ezinbesteko elementua izan daiteke lan baldintzen okertzeari aurre egiteko. Baita enplegua mantentzeko ere"

Oztopoak oztopo, hala ere, gure lurraldean grebak egiten dira: 2021ean, Espainiako Erresumako greben %47 Euskal Herri penintsularrean egin ziren. Nola azaldu daiteke, orduan, hain mugatuta dagoen eskubidearen erabilera? Greben inguruan erabiltzen diren estrategiak funtsezkoak dira, Las Herasek eta Rodríguezek 2020ko artikulu batean aztertu zuten bezala (Striking to renew: Basque Unions’ organizing strategies and use of the Strike-Fund). Autoreek adierazi zuten, besteak beste, faktore garrantzitsua dela kontrabotereko sindikalismoaren eredua, gatazka berrikuntza-estrategien erdigunean jartzen duena eta egindako greba-kopuruaren adierazgarria izan daitekeena. Antolaketa estrategia horrek ez ditu langileak mobilizatu nahi “indar-ilusioa sortzeko”, baizik eta eredu sindikal kohesionatu eta dinamikoago batera doan mobilizazioa lortzeko. Lehia-estrategia horretan, erresistentzia kutxa antolaketa-botereko baliabide erabakigarria da, sindikatuko afiliatuen erosahalmenetik biltzen dena, behar handiena duten kide militanteei laguntzeko.

Horrela, kontraboterearen eredua jarraitzen duten erakunde sindikalek erresistentzia kutxak indarrean dituzte, edo ezartzeko eztabaidan daude. Enpresek langileen aurrean inolako erantzukizunik ez izateko estrategiak erabiltzen dituzte, eta lan-baldintzen prekarizazio prozesu bortitzean, ezinbestekoa da ahalik eta tresna gehien izatea; erresistentzia kutxa funtsezkoa izan daiteke gatazkak langileen alde konpontzeko. Are gehiago bizitzaren kostua igotzen ari den eta bizi dugun krisi amaigabea gogortzen ari den testuinguruan.

Erresistentzia kutxa ez da erremedio magikoa, baina ezinbesteko elementua izan daiteke lan baldintzen okertzeari aurre egiteko. Baita enplegua mantentzeko ere, eta zergatik ez, kalitatezko enplegua hedatzeko. Kontu horiek analisi ekonomiko konbentzionaletik kanpo uzten dira, baina ekarpen handia egiten diote gizartearen ongizateari, gehiengoa langile garelako.

(Goiburuko irudia: Bakunin, La política de la Internacional. L’ Egalité. N°32, 28/08/1869)

Agenda

Ez dago ekitaldirik