14/08/04

“Estatuak frankismoaren hiltzaileak babesten ditu”

Félix Padín, euskal anarkosindikalista historikoak, frankismoaren preso ohia, Miranda de Ebroko epaimahaian deklaratu du astelehen honetan. Bertan, herri honetako kontzentrazio esparruetan pasatako uneak gogoratu ditu. “Felixek gaur ahotsa eman die estatu terrorismoa sufritu zuten milaka lagunei, eta estatu berak –demokratikoz mozorrotuta– polizia eta militar hiltzaileak babesten jarraitzen dituela ikusten duten lagunei”, baloratu du CNTk.

Padínen -98 urteko miliziano ohia- deklarazioa frankismoaren aurkako krimenengatik Argentinan bideratzen ari den kereilaren baitan dator, non sindikatu hau akusazioaren parte den. Bere agerraldian, 98 urteko CNTko kide beteranoak, “langile batailoietan” -frankismoak erabilitako eufemismoa esklabu bezala erabilitako presoei buruzkoa- izandako esperientziak kontatu ditu.

Minutu batzuk lehenago, elkarretaratze bat egon da Miranda de Ebroko auzitegi kanpoaldean, bertaratutakoek babesa eskaini diote Padin-i. Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma bertan izan da; zeinean partaideetako bat CNT den.

Testuinguru honetan, sindikatuak adierazi du gaur goizeko hitzorduak “balore bikoitza izan duela”. “Alde batetik -azpimarratu du-, diktadura frankistan bizi izandako izugarrikeriak auzitegi batean azaldu dituen lehen aldia da. Modu honetan, oraindik areketan lurperatuta jarraitzen duten kideak ohoratu ditu; bizi dugun sasi-demokrazia honetan, zoritxarrez, biktima kategoria desberdinak daude eta”.

Era berean, erakunde anarkosindikalistak azpimarratu du “momentu historiko bat dela, ahaztearen aurka gaudenek urte askotan daramagun borrokaren fruitua”. “Frankismoaren krimenen aurka Argentinan bideratzen ari den kereila bera, zigorgabetasunaren aurkako borrokaren parte da. XXI. mendean, estatu espainolak ikertu nahi ez duena ikertzeko beste estatu bateko auzitegietara jo behar izan dute izugarrikeria faxistaren biktimek”.

Sindikatu honek salatu du “Estatu espainolak frankismoaren hiltzaile eta konplizeak babesten jarraitzen duela eta diktaduran zuten zigorgabetasun beraz gozatzen dutela”. “Jesus Muñecas kapitaina eta Billy el niño polizia -beren biktimengatik aitortuak izandako bi torturatzaile- ez estraditatzeko erabakia da azken adibidea, baina ez bakarra: gaizki izendatutako trantsiziotik, uniformez jantzitako hiltzaile guztiek dakite beren krimenak ez dituztela inoiz ikertuko”, kexatu da.

Era berean, CNTk zigorgabetasun frankistaren aurkako borrokan jarraitzeko konpromezua berretsi du. “Diktadura estatu terrorismoaren sinonimo izan zen –azpimarratu du-. Beraz, estatu honek bere hiltzaileak babesteari uzteko borrokan jarraituko dugu”. “Leku bateko edo besteko epaileek edozer erabakita ere, CNTk bere militanteen memoria eta ohorea defendatzen jarraituko du”, gaineratu du.

Agenda

Ez dago ekitaldirik