Era berean, saltoki handiak “sortzen omen dituzten lanpostu mugagabeen bikoitza suntsitzen dituztela” ohartarazi du zentral anarkosindikalistak. Lehengo astean Decathlon enpresako dendetan egindako elkarretaratzeen CNTren balorazioa egin du, igande eta jai egunetan multinazional honek bere ateak ireki ez ditzan.
“Hiriak supermerkatu bihurtu ez daitezen, kontsumismo konpultsiboaren beharrik ez duen lurraldea lortzeko borrokatu behar dugu”, azpimarratu du CNTk. “Era berean, enpresa hauek langileen lan-egutegia zapaltzea eragotzi behar dugu”, gehitu du.
Enpresa interesei “mendetasuna”
Mobilizazio jendetsuenetakoa Donostian egin zen lehengo astean, non 150 pertsona bildu ziren. “Kontzentrazio hau lau sindikatu burokratikoek (ELA, LAB, UGT eta CCOO) antolatu zuten arren, langileei (gehienak emakumeak diren) babesa emateko bertaratzea erabaki dugu, euretako askok gure elkarlana eskatu baitziguten”, adierazi du erakunde anarkosindikalistak.
Bilboko kasuan, sindikatuak adierazi du udaletxeak Decathloneko fatxada garbitu zuela mobilizazioaren ostean, hori “lotsagarria” dela esan dute. “Beste behin, botere politikoak otzan eta obediente jokatu du enpresa-interesen aurrean”, azpimarratu du.