14/11/10

CNTk Mercadona-ren alde ezkutuaz ohartarazi du

Euskal Herrian, Mercadonaren lehorreratzearekin batera, CNT sindikatuak kanpaina informatibo bat hasi berri du bertako langileak supermerkatu kate honen benetako aurpegia ezagutu dezaten. “Bere itxurazko aurpegi onaz gain, konpainia honek langileak lan baldintza iraingarrietan mantentzen ditu”, azpimarratu du zentral anarkosindikalistak, enpresa honekin gatazko gogorra mantentzen duenak.

“Bere langileen eskubideei dagokionez, Mercadonak, iritzi publikoaren aurrean enpresa eredugarriaren irudia eraiki du: denak perfektua eta idilikoa dirudi, eskubide hauek erabili nahi diren arte… orduan hasten dira arazoak”, ohartarazi du CNTk aste honetan banatzen hasiko den triptiko batean.

Dokumentu honetan, sindikatuak “Mercadona barruan borrokan hamarkada bat baino gehiago egon eta gero, langileria presionatzea eta jazartzea enpresaren politika dela badakigula” azpimarratu du, beren eskubideak erabili ez ditzaten. Beste adibide batzuen artean, CNTk ohartarazi du “enpresa eta bertako zerbitzu medikoen aldetik langileak presionatu eta beldurrarazten dituztela amatasun-baja har ez dezaten”.

“Era berean, baja hartzerakoan, zerbitzu mediku eta denden koordinadoreek jazarpen makinaria martxan jartzen dute lanera itzul zaitezen, zu errudun sentiaraziz”, azpimarratu du. “Asko dira sendatu aurretik lanera itzultzera behartutako langileak –nabarmendu du-, kasu askotan, lesioa kronikoa bihurtuz”.

CNTk Mercadonak kaleraketen inguruan daramatzan ekintzen inguruko informazioa zabaldu du. “Enpresa honek diziplinazko eta arrazoitu gabeko kaleraketak erabiltzen ditu, langileriari lapurreta edo irain faltsuez salatuz”, adierazi du. Langileek bere eskubideak praktikan jarri nahi badituzte eta enpresariak epaiketara eraman, “Mercadonak –bere irudia babesteko- itxurazko akordio batera iritsi nahiko du, baina argi ibili behar da: gezur hau onartzeak kalean indemnizazio gabe eta langabezia-saria kobratzeko eskubiderik gabe gelditzea suposatzen du”. “Lan errealitate honen erruz, denda askotan lan giroa jasangaitza izatera iritsi da”, gehitu du.

Era berean, Mercadonak “langileen arteko lehiakortasuna bultzatzen du produktibitate-sariagatik”, langileak “diziplina militarra” jarraitzera bultzatzen duena. “Agindu hauek zorrozki jarraitzen ez dituenak, lan jazarpena eta irainak jasan beharko ditu: langile asko dira egoera honen ondorioz arazo psikologikoekin egon direnak”, adierazi du.

“Elkartasunak indarra sortzen du

Egoera honen aurrean, CNTk sekzio sindikalean oinarritutako borroka eredua eskaintzen dio langileriari, “Mercadonako denda bateko langile talde bat, lan baldintzak hobetzeko elkartzen dena”. “Enpresa komiteetan ez bezala –azpimarratzen du-, zure iritzia beste lankideen iritzia bezain garrantzitsua da eta inork ez du besteen gaineko botererik edo abantailarik. Sekzio sindikal batek “elkartasunak indarra sortzen du” esaera egi bihurtzen du. Beste sekzio sindikalen eta kide zaren CNT sindikatuaren eskarmentua eta laguntza izango duzu”.

Kanpaina honen baitan, CNTk langileria sindikatu honetara afiliatzera animatu du, “gehiegikeri eta esplotazioaren aurkako borrokarako tresna edukitzeko”. “Hemen inork ez du nagusiarekin zure bizkarrean negoziatuko, ezta zure lanaz biziko ere. Inork ez badu zuregatik lan egiten, ez dezala inork zuregatik erabaki”, gehitu du.

Agenda

Ez dago ekitaldirik