14/03/25

CNTk Gregorio Suberviola anarkista historikoa omendu du

CNT sindikatuak Gregorio Suberviola Baigorri militante historikoaren oroimenean ekitaldia burutu du. Omenaldia Nafarroako Morentin herrian pasa den martxoaren 23an izan zen, Suberviolaren jaioterrian, 50 lagunen parte hartzearekin. Biografia labur baten irakurketaren ondoren, antolatzaileek “borrokagatik dena eman zuen lagun honen bizitza omentzeko memoria ariketa kolektibo” bat egitera deitu zuten.

Ekitaldi hunkigarri honetan hamar olerki libertarioen irakurketa eta abesti batzuen interpretazioa egin zen. Segidan, Lizarrako gaztetxera abiatu ziren, herri bazkari beganora. “Han Solo” kantautoreak bazkalondoa girotu zuen. Jardunaldia bukatzeko, Xabier Erauskinek, CNT-ko kideak, memoria historikoaren inguruko hitzaldia eskaini zuen, ikusentzuleen arteko eztabaida labur batekin amaitu zena.

Jardunaldian zehar azpimarratu zen bezala, iraultza sozialaren alde tinko borrokatu zuen anarkista izan zen Suberviola. 1919an Iruña eta Zaragozara joan zen lanera, bertako anarkosindikalistekin harremanetan jarriz. Handik gutxira Donostiara joan zen eta “Los Justicieros” ekintza taldeko kide izan zen Buenaventura Durruti, Marcelino del Campo eta Cristóbal Albadetrecu-rekin batera, besteak beste. Talde honek Alfonso XIIIren kontrako atentatu bat prestatu zuen, honek Donostiako Kursaala bisitatu zuenean. Hala ere, plana agerian gelditu zen eta militanteek Zaragozara ihes egin behar izan zuten.

Herri honetan, “Los justicieros” eta beste talde batzuk federakuntza anarkista penintsular bat eratzen saiatu ziren eta bere ekintzekin jarraitu zuten. Testuinguru honetan, Suberviolak armak lortzeko lapurretetan parte hartu zuen. 1921. urte bukaeran, polizi jazarpena gogorraren eraginez “Los Justicieros” taldeak beren ekintzak bertan behera utzi zituzten; 1922. urteko apirilaren 22a arte, José Sánchez Guerrak, Ministroen Kontseiluko presidenteak, berme konstituzionalak berrezarri zituenean. Denboraldi honetan lagunen negozio txikietan lan egin zuten eta teoriko anarkisten obrak irakurtzen hasi ziren. Anarkosindikalismoaren garaipena lortzeko jarraitu beharreko estrategiari buruz ere eztabaidatu zuten.

Eztabaida hauen emaitza “Crisol” taldearen eraketa izan zen, Durruti,  Suberviola, Ascaso, Torres Escartín eta Del Campo kide zituen akzio talde berri bat; Bartzelonan, 1922ko abuztuan. Han beste borrokalari anarkosindikalistak batu ziren “Crisol”-i eta “Los Solidarios” sortu zuten, ekintza taldeen artean ospetsuena Berrezarpen erregimenari adierazitako aurkakotasun frontalagatik.

“Los Solidarios”-eko kide bezala, Suberviolak lapurreta eta atentatu ikusgarrietan parte hartu zuen. Dirudienez, González de Regueral, Bizkaiako gobernadore zibil ohia, hil zuten atentatuan parte hartu zuen 1923ko apirilaren 17an Leonen; 1923ko irailaren 1ean Xixongo Espainako Bankuaren lapurretan baita ere. 700 mila pezeta lapurtu zituzten, antza denez, Parisen liburutegi anarkista internazional bat irekitzeko balio izan zuena, besteak beste.

Kapitalak Primo de Rivera-ren diktadura inposatu zuenean, “Los Solidarios” taldeak euren segurtasun neurriak areagotu zituzten. Hala ere, diktadorearen aurkako jarrera azaltzea ere adostu zuten eta erregimena bertan behera uzten saiatzeko komite iraultzaile bat eratu. Suberviola, komiteko parte zena, armen depositoak egiteaz arduratu zen, bonbak barne, Bartzelonako auzo desberdinetan. Poliziak, bere isilmandatariei esker, deposito hauetako bat eta Suberviolaren etxea aurkitu zuen. 1924ko otsailaren 24ean ustekabean harrapatua eta zauritua izan zen Martínez Anido-ren agenteengatik, horrek bere heriotza eragin zuen. Ordurako “El Serio” eta “El Torinto” izengoitiekin ezaguna zen komunikabide anarkosindikalistetan.

Agenda

Ez dago ekitaldirik