Kanpaina berri honek “banketxe, patronal eta gobernuaren aurrean” izango diren mobilizazioak ditu ardatz, “lan eta gizarte eskubide murrizketa bortitzaren erantzule nabarmenenak (nahiz eta ez bakarrak izan)”.
Lehen elkarretaratzea asteazken honetan (hilak 9) izango da, BBKren Bilboko egoitzaren atarian (Gran Vía 30). Hilaren 16an (asteazkena baita ere), CONFEBASKen txanda izango da (elkarretaratzea Gran Vía 50ean). Hilaren 23an aldiz, elkarretaratzea Alderdi Popularraren egoitza parean izango da, Gran Vía 89an. Elkarretaratze guztiak goizeko 11:00tan izango dira.
“Langileen eskubideen aurkako eraso bortitz honen sortzaileak eta Kapitalaren enkarguz haien morroiak zeintzuk diren argi eta garbi seinalatu nahi dugu” esan du CNTk. Erakunde honen aburuz “egungo egoeraren gordintasuna ikusirik, ezin gara txepelkerietan ibili; Kapitalaren eraso bortitzari erantzun sendo bat eman behar diogu. Osasuna eta hezkuntzaren pribatizazioak zein motatako gizarte eredura garamatzaten irudikatzen du, osasuna eta hezkuntzaren gaindi dirua lehenesten duen eredua”.
Zentzu horretan, “marko juridiko-laboralaren eraispenak Kapitalaren interesekiko babesik gabe uzten du langileria (eta langabetuak 5.600.000 dira)” azaldu du sindikatuak. “Diru sarrerik gabeko familiak, etxez desjabetuak, banketxe eta kutxek irabaziak banatzen dituzten bitartean; irabaziak milioika zenbatu arren, langileak kaleratzea baimentzen zaien enpresariak, beti ere klase politikoak legeztaturik. Hau guztia indarkeria da”.
Testuinguru honetan, “langileriak badu agitz eraginkorra den arma bat, gu gabe ezerk ez duela funtzionatzen frogatzen duena: Greba Orokorra. Horren alde segitu behar dugu. Ikusi dugunez, martxoak 29an buruturikoa ez da nahikoa izan; kale, unibertsitate eta fabriketan borrokan jarraitu behar dugu”.