“Maiatzaren lehenak martxoak 29ko greban hasitako borrokaren jarraipena izan behar du” ohartarazi du CNTk. “Horregatik –gaineratu du- gure aldarrikapenak azken erreforma honek zein aurrekoek kendu dizkigutenak berreskuratzearen aldekoak behar dute izan”. Bestalde, erakunde anarkosindikalistak borroka egun honen jatorria gogorarazi du, “Lanaren Festa” delakoarekin zerikusirik ez duena: “1886ko maiatzaren lehenean, Chicagoko langileek grebari ekin zioten zortzi orduko lanaldia gauzatu asmoz. Agintarien erantzuna ehundaka langileen atxiloketa eta hauetako bosten urkamendua izan zen. Epaiketa batean kondenatuak izan ondoren erail zituzten. Legezkoa izan zen beraz”.
“Anarkista hauen erailketak (anarkistak bait ziren), hain doilorra eta bidegabea izanik, oihartzun zabala izan zuen mundu osoan zehar. Ordutik, maiatzaren lehena langileen eguna bilakatu zen” azpimarratu du.
Zaharrak berri. “Horrelako edo antzeko kasuak 1886 aurretik ere eman ziren, baita Chicagoko gertaeren ondoren ere. Maiatzaren lehenaren historia langileek heuren emantzipazioaren alde urraturiko historia da; eta ugazabek, poliziak eta estatuak borroka horri emaniko erantzunaren historia ere bai: mota guztietako errepresioa eta erailketak”.
CNTrentzat maiatzaren lehenak esanahi bakarra du: “langile borroka. Urtetik urtera eta tokian toki, borroka horrek adierazpen ezberdinak ditu. Duela 126 urte, Chicagon zortzi ordutako lanaldia izan zen. Gaur eta hemen, azken lan erreformari erantzutea da”. Sindikatu honen arabera, 35 urtetan 19 erreforma pairatu ditugu, “bi urtetako maiztasunarekin sinatu dute bakarren bat. Azken erreforma hau aurreko 18en ondorioa da, langile klaseari sindikalismo bertikalak (batipat CCOO eta UGT) eginiko 18 traizioen ondorioa” adierazi du.
“Borroka eta sufrimendu latzen ondoren lorturiko konkista eta eskubide ugari erreformaz erreforma, itunez itun eta akordioz akordio galtzen joan gara” gogorarazi du CNTk eta erantzukizunak eskatu ditu: “ aldian aldiko gobernuak izan ziren bultzatzaileak, baina sindikalismo bertikalaren kolaborazio estuaren laguntzaz. Horra hor zabor-kontratuak ezarri zituztenak, ABLEak legeztatu zituztenak, gaixo izateagatik soldata lapurtu zigutenak, lan bikoitza egitera behartu eta langabezi sariaren erdia ezarri zigutenak, bidegabeko kaleratzeak zapuztu zituztenak, kaleratze masiboak beren onurarako negoziatzen dituztenak, EEEak… Bestelakorik dioten arren, argi eta ozen esan beharra dago: langileok pairatzen dugun egoeraren ardura gobernuena bezain beste haiena ere bada”.
“Azken urteetan enpresa asko eta asko itxi dira, gehienbat enpresa txikiak. Hori ukaezina da, baina ondorioak jasan dituzten bakarrak kaleratuak izan diren langileak dira. Inolako errrurik gabe, langabetuak dira besteen krisia sufritzen ari direnak. Lanik gabe gelditu direnek bai dutela arazo larri bat. Gainontzekoa, gu izutuarazteko kontakizunak dira” salatu du.
Lanordu gutxiago
Testuinguru honetan, zentral anarkosindikalistaren aburuz, krisiarekin amaitzeko modu bakarra “lan erreforma berri hau presente garen lantokietan ezartzeko saiakerak ekiditea da”. “Modu horretara, geure buruak defendatzeaz gain, lanik gabe direnen lanerako eskubidea ere defendatuko dugu”.
Horretarako, “lanorduen murrizketa aldarrikatu behar dugu (CNTk astean 30 proposatzen ditu), ordu extrak, destajuak eta plurienplegua errotik desagerrarazi eta azpikontrata nahiz mota guztietako bitartekariekin (ABLEak barne) amaitu”. “Kontratu argi eta egonkorrak” aldarrikatzen ditu “froga-aldi laburrekin eta gehiegikeririk gabeak”. Zentzu berean, “ugazaba aberasteko bakarrik balio duten prestakuntza kontratuak eta lanaldi partzialerakoak izanik lanaldi osokoek baina lanordu gehiago dituzten kontratu”ekin bukatzeko deialdia luzatu du. Gaixo garenean ez da gure borondatez eta %100a kobratu behar dugu, Gizarte Segurantzari horretarako ordaintzen bait diogu. Eta ez dugu gustokoa kaleratuak izatea, baina halakorik gertatuz gero, beti ere urteko 45 egunetako kalteordaina nahi dugu” gaineratu du.
“Borroka hau ez da irabazterraza izango, aurrean ditugunak sendo bait daude eta horien aurka antolatzea beste biderik ez daukagu”. Konfederazioak langile guztiak gonbidatu ditu “deusezten gaituen sistema kapitalistari aurre egin dezakeela frogatu duen sindikatuan partehartzera: duintasuna duen sindikatu bat, dirulaguntza eta liberaturik gabea, non inork ez duen zure ordez erabakiko: CNT”.