- Hezkuntza-lege berriak (LOMLOE edo «Celaá Legea» deiturikoak) Etika irakasgaia alde batera uzten du.
- CNT Irakaskuntzak Derrigorrezko Hezkuntzan Etikak behar duen tokia aldarrikatzen du, betiere Filosofiak eskaintzen duen elkarrizketatik eta hausnarketa kritikotik abiatuta.
Albistea Espainiako Filosofia Sareak (REF-ak) jakinarazi zuen urriaren 28an, hedabideetan ia oharkabean igaro zelarik. Komunikatuan salatzen den bezala, aurreko legegintzaldian, gehienbat PSOEk eta UPk osatutako gobernu berriak aurreko Wert legeak murriztutako Filosofiako ziklo osoa berreskuratzea proposatu zuen. Izan ere, Wert legeak Filosofiaren Historia hautazko ikasgai bihurtu zuen bai ikasgeletan bai eta unibertsitatera sartzeko probetan ere.
"LOMLOEren aurreproiektua aurkeztean, Gobernuak Etika irakasgaia ez berreskuratzea erabaki du eta DBHko maila guztietan ematen den Balio Etikoak irakasgaia kendu du ere, «Balio zibiko eta etikoetan heztea» deituriko irakasgaiarekin ordezkatuz", adierazi du CNT Irakaskuntzak.
"Irakasgai honetarako ez da beharrezkoa izango gaian espezializatutako irakasleak izatea, gizarte zientzien alorreko edozein irakaslek eman ahal izango baitu", salatu du sindikatu anarkosindikalistak.
Gaur egun, ikasleek Derrigorrezko Hezkuntza amaitzerakoan etika eta balioekin lotutako 4 irakasgai izan dituzte behintzat; LOMLOE-rekin, ordea, ikasleek horrelako irakasgai bakarra edukiko dute DBH osoan.
Filosofiak bere lekua galtzen du Derrigorrezko Hezkuntzan: alde batetik, murriztu egiten dira balio moralak sustatzeko orduak, baina, bestetik, nahastu egiten dira balioen sustapena eta gogoeta etikoa eta filosofikoa.
CNT Irakaskuntzak azpimarratu duenez, "ez da gauza bera demokraziaren, giza eskubideen eta Konstituzioaren balioak irakastea (LOMLOEk agintzen duen bezala), edo eskubide horien oinarri etiko eta filosofikoei buruz hausnartzea, adibidez, edota zoriontasunari, adiskidetasunari zein justiziari buruz eztabaidatzea eta arrazoitzea, Filosofiak proposatzen duen bezala".
Horregatik guztiagatik, CNT Irakaskuntzak Etika irakasgaia DBHko 4. mailan sartzearen alde egiten du; izan ere, "Hezkuntzaren helburuetako bat pertsona libre, autonomo eta kritikoak sortzea dela uste badugu, etika ezin da lege ezeztaezinen multzo gisa irakatsi"; aitzitik, "hausnarketa pertsonal filosofiko baten ondoren ikasleek berezko egiten dituzten printzipioen multzo gisa" ulertu beharko litzateke. Erakunde anarkosindikalistaren arabera, Filosofiako irakasleak izan daitezke, hain zuzen ere, prozesu honetarako laguntzaile aproposak.