“Krisiaren benetako erantzuleen aurrean –azpimarratu du CNTk- Azkuna beste behin biluzi da: enpresarien polizia bilakatzea nahikoa ez, eta dendari txikien aurka oldartu da, lanaldi bukaezinak egiteko prest ez izatea leporatuz”. “Esklabu otzanerrazak” nahi ditu Bilboko alkateak eta, bere aburuz, horretara ukatzen dena hil dadila gosez.
Erakunde anarkosindikalistaren eritziz, “hiriko komertzio guztiak igande eta jaiegunetan irekitzea nahiko luke alkateak. Beharbada, zortzi ordutako laneguna laburregia irudituko zaio eta litekeena da enpresariei kaleratzeko malgutasun eta erraztasun gehiago opatzea”. Bere esanetan, “PPren lan erreforma bilbotar alkateari primeran datorkiola dirudi”.
Bestalde, CNTk azpimarratu nahi izan duenez, “alkatea berbiluzi den honetan, bere alderik xenofoboena erakutsi digu. San Frantzisko auzoa bideokameraz josi ondoren, orain txinatar komunitatearen aurka oldartzen da”. CNTren esanetan, oraindik ere horrelakorik argitu behar izatea tamalgarria bada ere, “langileriaren etsaiak ez dira pertsona etorkinak”.