Zenbait adibidek argi erakusten digute sistemaren kolapsora goazela halabeharrez, ezer egin ezean egoera aldatzeko. Hor ditugu, esaterako, lehengai energetikoen agortzea (petrolioa, gas naturala, ikatza...) haien eskaera gero eta handiagoa den bitartean, aldaketa klimatikoa, hazkunde demografikoa edo edateko uraren eskasia.
Izugarrizko dependentzia dugu energia-iturri berriztezinekin, nahiz eta ezaugarri txar-txarrak dituzten: agortu egingo dira eta, gainera, hainbat kutsadura-mota sortzen dituzte, baita aldaketa klimatikoaren oinarrian daudenak ere. Gaur erabakiko bagenu uko egitea petrolioari, ikatzari edo gas naturalari, akabo gure zibilizazio termo-industriala: garraioak, elikadurak, jantziek edo berogailuek hondoa joko lukete. Hala, kalkulu batek dio munduko biztanleriaren % 67 hilko litzatekeela energia-lehengai berriztaezin horiek edukiko ez bagenitu. Edonola ere, energia garbiek oraindik ez dute behar besteko garapenik; hortaz, momentuz ez dira ezinbestekoak.
Baliabideak agortzea ez da gertatzen bakarrik lehengai energetikoen artean, lehengai guzti-guztietan baizik. Adibidez, metal berriztezinak nahitaezkoak dira energia sortzeko, makineria ekoizteko edo garraio-
ibilgailuak fabrikatzeko. Halaber, industria elektronikoak behar-beharrezko ditu zenbait mineral, gaur egun ahitzen ari direnak. Adibideak jartzearren, jakin behar da merkurio erabilgarri guztiaren % 95 gastatu dugula jada, edota berunaren, zilarraren eta urrearen % 80, noiz eta 28 mineral estrategikoenen eskaria hazten ari den unean. Beste kalkulu baten arabera, baliteke 88 baliabide natural betiko eskasian egotea 2030. urtea baino lehen. Gaur egun, 120.000 km2 baso galtzen dira urtean gure planetan, orain dela 10 urte baino % 40-50 gehiago. Alegia, amaiera eman behar diogu kontsumo xahutzaileari.
Egoera honi guztiari gehitu behar zaizkio inoiz ikusi gabeko hazkunde demografikoa eta desberdintasun sozialen muturreko areagotzea. Egunez egun, 35.000-40.000 pertsona hiltzen dira gosez edo gosearen ondoriozko gaixotasunez; bitartean, munduko hiru pertsonarik aberatsenen artean dirutza itzela daukate: 49 estatu pobreenek besteko ondarea. Era berean, pobreziaren feminizazioa ere nabarmendu behar da: emakumeak dira behartsuen % 70 eta analfabetoen % 78.
Bitartean, gure gobernuek tinko segitzen dute beren estrategiarekin: dena ebasten eta harrapatzen, korporazio handien eta haien interesen alde.
Carlos Taibo idazle eta UAMeko zientzia politikoen irakasleak kontu hauetaz guztiez hitz egingo digu (bere liburutik ateratakoak baitira), “Colapso. Capitalismo terminal, transición ecosocial, ecofascismo” obraren aurkezpenean.
Ekitaldia maiatzaren 30an, asteartea, izango da, Azpeitiko San Agustin kulturgunean, 19:00etan. Antolatzaileak: Azpeitiko gaztetxie, elkar-ekin, CNT eta Lumaltik.