22/04/25

Apirilak 28: lan egiteagatik ordaintzen digute, ez gaixotzeagatik

  • Apirilaren 28a Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da
  • CNTk salatu du "enpresetan prebentzioaren ustezko kultura eufemismo bat baino ez dela Administrazioari begirako izapideak betetzeko".

2021ean, datu ofizialen arabera, 44 langile hil ziren Hego Euskal Herrian eta 705 Espainiako Estatu osoan. Aldi berean 41.000 lan-istripu baino gehiago erregistratu ziren. Eta gure sail sindikalek "lan-istripuak prebenitzeko eta lan-osasuna zaintzeko beharra adierazten dutenean, jaso ohi dugun erantzuna hau izan ohi da: dagoeneko protokolo bat eta prebentzio-zerbitzu bat kontratatuta dagoela", salatu dute CNTtik. Hori ez da nahikoa, benetan prebentzioa eta langileen osasuna erdigunean jarri nahi badugu.

Enpresen zeregina "negargarria da, errentagarritasun handiagoa lortzeak soilik baitu lehentasuna, langileen osasunaren kontura". Gure gaur egungo osasuna eta etorkizunekoa arriskuan jartzera garamatzate, zentral anarkosindikalistak adierazi duenez, "Mutuen ezinbesteko laguntzarekin". Horrez gain, bajan dauden langileak hertsatzeko kontratatutako enpresak salatu behar dira, era guztietako estrategiak erabiliz langile bat, oraindik errekuperatu gabe, lanera itzul dadin. "Horri prebentzioaren kultura deitzen diote", salatu dute CNTtik.

Bestalde, osasun mentala lan prebentzioan faltan dagoena da. Estresa, erretako langilearen sindromea edo burnout, teknoestresa, buruko nekea, indarkeria eta laneko jazarpena edo sexu-jazarpena dira langileok jasaten ditugun arrisku psikosozial nagusietako batzuk. "Arazoa da tipologia hori barneratuta dagoela enpresa guztietako lan-harremanak kudeatzeko moduan", azpimarratu dute CNTtik. Adibide bat laneko jazarpena da; izan ere, auzitegietan salatu arren, oso zaila da hori frogatzea atzean babes kolektiborik ez badago.

Gainera, kasu honetan, enpresak ez ezik, Administrazio Publikoa ere erantzule da, CNTren arabera. «Lan Ikuskaritza koadroetan daukate, gainsaturatuta eta beren lana egiteko gaitasunik gabe», eta hori, Eusko Jaurlaritzaren kasuan, PSEren zuzeneko erantzukizuna da, hark kudeatzen baitu Lan Saila.

Amaitzeko, CNTk azpimarratu du sail sindikalek prebentzioaren esparru guztietara iristen den lana egiten dutela, eta gaineratu du "lanean antolatuta egotea dela langile batek egin dezakeen prebentziorik onena". Beharrezkoa da barneratzea ez dela itxaron behar osasuna ahuldu arte, lehenago jokatu behar da: eta hori "erakunde sindikalaren kulturatik egin daiteke", zentral anarkosindikalistak azpimarratu duenez.

 

 

 

 

 

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena