EDE Taldeak gizartegintzan dihardu; hala ere, bertako zuzendaritzak galarazi gura dio CNTri lantoki horretan aritzen jarraitzea. Ohar baten bidez, gerentziak ohartarazi du sindikatu honek ez duela betetzen “legeen arabera, sekzio sindikala eratu ahal izateko bete beharreko baldintzetatik bat ere” eta, horrexegatik, ez dagokiola “sekzioa izateak emango liokeen eskubiderik”.
Erakunde anarkosindikalistak zera salatu du: “CNTk EDE Taldean sekzio sindikala sortu zuenetik 14 hilabetera, gure delegatuak gutun-azal bat topatu zuen bere mahaiaren gainean; barruko gutunak (entitateko legezko ordezkari batek sinatua) kontu horik aipatzen zituen”. Handik ordu batzuetara, CNTren delegatuak beste ohartarazpen bat jaso zuen; bertan iragarri zioten laster ezgaituko zutela sindikatuaren posta elektroniko korporatiboaren kontua.
Gauzak horrela, CNTk esan du ezen “ukaezina dela sindikatuak presentzia duela eta lanean dabilela entitatean, bertako arduradunei gustatu zein ez gustatu”, eta hauxe erantsi du: “are gehiago, sekzio sindikalak eskubide osoa dauka orain arteko jarduera berean jarraitzeko: entitateari informazioa eskatzen, bilera informatiboak egiten langileekin, lan-ikuskaritzan salaketak jartzen zenbait baldintza ez betetzeagatik, negoziazio- zein elkarrizketa-guneetan parte hartzen, edota ordaindu gabeko diru-kopuruak erreklamatzen, besteak beste”.
Horrez gain, azpimarratu du “CNTren aurkako kanpaina honek are tinkoago pentsarazten digula EDE Taldeko gure sekzio sindikalaren orain arteko lana norabide egokian doala”. Egoera horretan, zentral anarkosindikalistak adierazi du entitateak “oztopo handienetako bat desagerrarazi nahi duela, bere plangintza laster ezartzeko (kaleratzeak eta lanaldi-murrizketak)”.
Gainera, ondokoa eman du aditzera: “Guztiz bateraezinak dira hirugarren sektoreko entitate batek adieraztea eraldakuntza sozialaren alde diharduela eta, aldi berean, entitate horrek berak langileek osatutako sekzio sindikal bati jazartzea, soilik beren eskubideak defendatzeagatik”.
Edonola ere, CNTk ziurtatu du lanean segituko duela, orain arte bezalaxe, lanpostuen defentsan; halaber, langileak deitu ditu elkarren artean antolatzera eta sindikatu honetako kide bihurtzera, “indartsuagoak zein eraginkorragoak izateko”. Era berean, deia egin du etorkizuneko mobilizazioetan esku hartzera, “entitateak abian ipini gura dituen kaleratzeak eta lanaldi-murrizketak eragoztekotan”.