CNT sindikatuak Ercilla hotelean egin den lanuztea (Irailak 2, 3 eta 4) oso positibotzat jo du. Lanuzteak Finlandiako saskibaloi selekzioaren eta herri horretako zaleen presentziarekin batera egin ziren. Ildo horretan, erakunde anarkosindikalistak nabarmendu du borroka egunek izan duten “oihartzun mediatikoa”, “honek hoteleko zuzendaritza negoziatzera bultzatuko du”.
Mobilizazioak erantzun handia izan dute eta ostalari finlandiarren artean jakin-mina sortu da. Hauek CNTko sekzio sindikalaren lanaren ondorioa izan dira, enpresan afiliazioaren gehiengoa duena. “Azken hamabost hilabetetan CNTk Ercilla Hoteletan borrokan eman ondoren, botatzeak eta zerbitzuak kalera ateratzea saihestea lortu dugu, sektorean askotan erabiltzen diren neurriak”, azpimarratu du.
Halaber, CNTk argitu nahi du zein izan den Ercillan dauden beste sindikatuen papera. “Lanuztetan eta mobilizazioetan ez dute parte hartu ez CCOOek ez UGTk. LABen aldetik pertsona bakar batek parte hartu du -eskertu behar dena-, nahiz eta sindikatu honek enpresa-batzordean presidentetza izan”, kritikatu du.
“Jarrera hauek -azpimarratu du- erakusten dute hiru sindikatuen ardura eskasa, bizi garen momentu larri honetan langileen etorkizunaz axolagabetuz”.
Beste aldetik, CNTk Finlandiako SAK eta PAM sindikatuei eskerrak eman dizkie, “baita Finlandiako zaleei ere gatazkan erakutsitako elkartasunagatik”. Era berean, nabarmendu du “Estatu espainiarretik ailegatu den sostengu anarkosindikalista zabala”.
Polizia-jazarpena
Bere balorazioan, sindikatuak ere ohartu du “Ertzaintzaren eta Bilboko udaltzaingoaren etengabeko jazarpena pairatu behar izan duela, hoteleko segurtasun zerbitzuak bezala jokatuz gu, literalki, isiltzeko”.
Hain zuzen, zerbitzu bietako agenteek kontzentrazioetan egiten zen zarata-maila neurtu zuten zenbait muga gaindituz gero, administrazio-zigorrekin mehatxu egiteko. Mehatxuak egonda ere, kontzentrazioetan errepresioaren eta murrizketen aurka txilibituak, danborrak eta garrasiak entzun ziren.
“Borroka egun hauek ez dira hemen amaituko. Enpresaren aurkako gatazkak jarraituko du arduradunak negoziatzera jesarri arte, bideragarritasun-plana adostu arte eta lan arriskuen prebentziorako arauak zorrozki bete arte”, gaineratu du CNTk.